Kondestablearen jauregiko sarreran kartel batek aretoa beteta zegoela ohartarazten zuen. Urtebete baino gehiagoan estreinaldi eta emanaldiak izan ondoren, “Non dago Mikel” doku- mentalak interesa pizten jarraitzen du, baita Ahal Duguk, Ezker Batuak eta Batzarrek osatzen duten esparru politikoan ere. Atzoko, solasaldia antolatu zuten alderdiek, Miguel Angel Llamas “Pitu” eta Amaia Merino filmaren zuzendariekin. Begoña Zabalza eta Manolo Vizcay senideak ere aritu ziren, Edurne Eginok gidatuta.
1985eko azaroaren 26an atxilotu zituzten Zabalzarekin batera Ion Arretxe, Idoia Aierbe eta Manolo Vizcay. Bizirik irten ziren Intxaurrondotik, Mikel ez bezala, baina guztiek tortura latzak salatu zituzten. Goizegi joan ziren lehenengo hirurak, baina gau beltz hartako lekuko izan zen Vizkay ere: «Nire burua bizirik dagoen bakarra bezala ikusteak Intxaurrondon lo egin gabe igaro nituen lehen hiru egun horietan pentsatzera eramaten nau. Grabatuta geratu zitzaizkidan». Mikelen oka, Guardia Zibilen tonua, oihuak ez entzuteko musika altua... oroitzapen horiek guztiak iritsi zitzaizkion Vizcayri Alberto Perote Cesid-eko zuzendariaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa ezagun baten grabazioa entzun zuenean. Atzo berriro jarri zuten aretoan, eta ikusleen ezintasuna eragin zuen beste behin. «Gai horri buruz hitz egitean erakusten duten naturaltasunak baieztatu dit entzun nuena Mikel zela eta gau hartan bertan hil zela», gehitu zuen Vizcayk.
Gero, manifestazio ugariko 20 eguneko agonia iritsiko zen, gorpua Bidasoan agertu zen arte. Hura gogoratzearekin batera, aretoko entzule batek mikrofonoa hartu eta esan zuen «inoiz bizi izan gabeko manifestazio sutsu eta indartsu» haietan parte hartu zuela, eta segituan erantzun zion Begoña Zabalza Mikelen arrebak: «Mikel mobilizatu zen jende guztiagatik agertu zen. Hori gertatu izan ez balitz, beste desagertu bat baino ez zen izango».
Urteen joanak Zabalzaren kasuaren oroimena jende gutxiren artera murriztu zuen. Vizcayren ustez, dokumentalak «bozgorailu» gisa balio izan du jende gehiagorengana iristeko. Ildo beretik, Merinok adierazi zuen «arteak horrelako kausak babes» ditzakeela; zehazki, «zinemak sortzen duen enpatiak jendea mobilizatu zezakeen, eta hori da pixka bat gertatu dena».
Donostiako Zinemaldian Aipamen Berezi bat, Lauaxeta saria eta Goya sarietako izendapen bat jaso dute zuzendariek arlo artistikoan. Bestetik, egiari, justiziari eta erreparazioari dagokienez, Lakuak Zabalza indarkeria politikoaren biktima gisa aitortu izanak «mina arintzen du», Begoña Zabalzaren esanetan. Faltan ere sumatu du zerbait: «Gobernu espainolak argitara eman dezala torturekin gertatu den guztia. Elkarbizitza konfiantzan oinarritzen da, eta ezin zara fidatu hainbeste urtetan praktikatutakoa onartzen ez duen estatu batekin».
Pituk hau nabarmendu zuen: «Torturatutako pertsonen kopurua oso handia izan da herrialde oso txiki honetan. Gizarteak beldur hori sentitzea lortu zuten. Oso zaila da estatuaren estolden kontua aldatzea, baina poliki-poliki gauza asko aldatu dira hemen. Adibidez, torturatuen elkarte bat egotea lortu dugu, eta horrek lagunduko du gertatu dena ezagutzen. Nafarroak bidea ireki du, eta adostasuna dago aitorpena egon behar dela».