NAIZ

Lakuak hiru urteko epea kendu eta 36 urtera arte zabaldu du Gaztelagun programa

Iñaki Arriola sailburuak azaldu duenez, Gaztelagun arautzen duen agindu berriak programan sar daitekeen pertsona kopurua eta laguntza jasotzeko denbora zabaltzen ditu, azken kasu horretan hiru urteko gehieneko epea kendu eta 36 urtera arte zabaltzen baitu.

Maiatzaren 6an jarriko da indarrean araudi berria. (Jon URBE / FOKU)
Maiatzaren 6an jarriko da indarrean araudi berria. (Jon URBE / FOKU)

Gaztelagun programaren agindu berriak gaur egun indarrean dagoen hiru urteko epea kendu eta 36 urtera arte zabaldu du gazteei zuzenduta dagoen alokairurako diru laguntza jasotzeko aukera. Hala iragarri du astearte honetan Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburua den Iñaki Arriolak, Gobernu Kontseiluaren ondoren egindako agerraldian.

Bertan azaldu duenez, aginduan sartu diren berrikuntzek 2021-2023 aldirako Etxebizitzaren Gida Planean ezarritakoari erantzuten diote, alokairu eskuragarriak eta gazteen emantzipazioa sustatzeko ekintzak jasotzen baitira bertan. Horrez gainera, 2015eko Etxebizitzaren Legean ezarritako jarduketak ere barne hartzen ditu, bertan ezartzen baita alokairua dela euskal herritarrei bizileku duina eta egokia bermatzeko bide nagusia.

Araudia datorren maiatzaren 6an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, jarriko da indarrean, eta laguntza eska dezaketen pertsonen espektroa zabaltzen du, urteko gehieneko diru-sarrera gordinak igotzen baititu. Hauek 18.000tik 24.500era igotzen dira eskatzaile indibidualen kasuan, 24.500etik 30.000ra familien kasuan eta 28.000tik 32.000ra familia ugarien kasuan.

Halaber, laguntzaren hileko gehieneko zenbatekoa lehengo 250 eurotik 275 eurora igotzen du, jasoko den gehieneko zenbatekoa errentaren %60an ezartzen du eta urtebetetik sei hilabetera jaisten du gaztek egoitza EAEn etenaldirik gabe izan behar duten denbora, lana edo ikasketa dela eta mugikortasuna aukeratzen dutenek laguntzak eskuratu ahal izan ditzaten.

Gainera baimendutako hasierako gehieneko errentaren zenbatekoa igo egiten da hiru hiriburuetan: Bilbo, Donostia eta Gasteizen 775 eurotik 800 eurora. Bilboko eta Donostiako metropoli guneetan eta 10.000 biztanletik gorako udalerrietan 750 euroan mantendu da eta gainerako herrietan 675 euroan.

Gaztelagun programa 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Etxebizitza libre baten errentamendu kontratu bat aurkeztu behar dute, eta ezin dute izan familia loturarik etxebizitza alokatzen duen pertsonarekin.

Programa ez da bateragarria beste programa batzuekin, hala nola, ASAP edo Bizigunerekin, etxebizitza babestuen alokairua ordaintzearekin edo alokairua ordaintzeko beste diru-laguntza batzuekin –EGPO, EPE, alokairurako GLL– edo diru-sarrerak bermatzeko laguntzekin –DSBE, BGDS–.

2022an Gaztelagun programak 7,6 milioi euroko aurrekontua du. Abian jarri zenetik, 4.000 bat gaztek jaso dute laguntza. Gaur egun 2.694 laguntza daude aktibo: 511 Araban, 1.379 Bizkaian eta 804 Gipuzkoan.