Iraide Ibarrondo

Surfa denontzat: «Amets bat da»

Jaiki surf eskolan surf klaseak ematen dizkiete aniztasun funtzionala duten 17 ikasleri asteburuetan. Ikasle bakoitzaren behar espezifikora egokitzeko xedez, material pertsonalizatua erabiltzen dute.

Aniztasun funtzioanala duen surf ikasle bat olatu bat hartzen, irakasle baten laguntzaz.
Aniztasun funtzioanala duen surf ikasle bat olatu bat hartzen, irakasle baten laguntzaz. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Udaberriko igande eguzkitsuetan giro lasaia arnasten da Sopelako Arrieta hondartzan. Herritarrak zein bisitariak txakurrak paseatzera, ibiltzera edota eguzkia hartzera hurbilu ohi dira hareatzara. Itsasoa bare dago, eta uraren aurrez aurre kokatutako paseoan Jaiki surf eskolaren lonja diskretu bat dago. Itxuraz behintzat, ezer berezirik ez duen lonja horren aurrean 8 eta 50 urte bitarteko 30 pertsona inguruko talde bat elkartu da.

Aniztasun funtzioanala, urritasun intelektualak eta bestelako ezaugarri bereziak dituzten surf ikasleak, beraien senideak eta irakasleak dira bertan elkartutakoak. Lehen begirada batean, ez dute surfista estereotipatuaren antzik: ez dira beltzaranak, ezta hile horiak, ezta bereziki zaluak fisikoki. Are gehiago, taldekide batzuek mugikortasun murriztua dute, eta elbarrituen aulkian iritsi denik ere egon da.

Hala ere, gorputzaren mugek ez diete galarazi 17 ikasle hauei, beraien senide eta irakasleen laguntzarekin, noski, Kantauri itsasoko uretara olatuen bila sartzea. Haatik, ez da lan makala; Lurta Nicolasek zuzendutako surf klasea hasi denetik, ordu erdi pasatxo igaro baitute neoprenoak janzten. Izan ere, Nicolasek berak azaldu duenez, klaseak dituen berezitasunen artean, «denborak eta prozesuak desberdinak» direla nabarmentzen dira, besteak beste.

Hasierako muxu, bosteko eta agurrekin amaitu eta neoprenoak jantzi ostean, kirolariak itsas ertzerantz joan dira; binaka eraman dituzte taulak, elkarri lagunduz. Taula guztiak lerro zuzen batean kokatu ostean, borobil batean jarri dira, guztiak gogotsu, beroketak egin eta irakasle berriak aurkezteko. Izan ere, egun berezia da, surf inklusiboaren alorreko nazioarteko hiru aditu batu baitira ikastarora Getxon ospatu den surf inklusiboari buruzko lehen biltzarra aprobetxatuz: Hans Hagen, Mauli Ola Foundationetik (Kalifornia), Cisco Araña, Santos Schooletik (Brasil) eta Antonio Vasconcelos, Santos Schooletik, izan dira saioari gehitu zaizkion irakasleak.

Ikasleetako batek taula gainean zutik jartzea lortu du. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Ikasleetako batek taula gainean zutik jartzea lortu du. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Behin uretara sartuta, tarteka txaloak eta txistuak entzuten dira hondarretik; norbaitek zutik jartzea lortu duenaren seinale. Irune Romero izan da zutik jartzea lortu duenetako bat. Irunek 16 urte ditu, aniztasun intelektual, bisual eta lokomotora du eta 13 urte zituenetik darama kirol hau praktikatzen. Berak azaldu du ikastarotik «guztia» gustatzen zaiola, ezin izan baitu gauza konkretu bat aukeratu. Hala ere, ikastaroaren abantailen artean nabarmendu du «ondo pasatzen» eta «kirola egiten» duela.

Ikasleetako askok irakasle baten laguntza behar izaten dute zutik edo belauniko jartzeko. Nicolasekin batera, Xabier Urbina ‘Urbi’ da lan horretaz arduratzen den begiraleetako bat. Bere ustez, edozein ikaslek aurrerapauso bat ematen duen bakoitzean irakasleentzako pozik egoteko arrazoi bat den arren, aniztasun funtzionala duten ikasleen kasuan «kriston aurrerapena» da.

«Beraiekin ikusi dudana da sekulako gogoa dutela parte-hartzeko, elkarrekin egoteko, konpartitzeko eta aurrera joateko. Agian gutako norbait nagiarekin etorri daiteke ura hotz dagoelako edo dena delakoagatik. Baina eurak ez; olatu txikietan, handietan…beti daude prest edozertarako», goretsi du Urbinak.

«Eliteko» kirola?

Uraren tenperatura edozein dela ere taulara igotzeko desiatzen dauden ikasleen artean, urte osoan zehar ematen baitituzte klaseak, Yolanda Garagorri nabarmendu dute irakasleek. Yolandari ‘El mal de Arnold Chiari’ deitutako gaitz arraro bat diagnostikatu zioten duela 20 urte, zeinak gurpildun aulki bat erabiltzera behartzen duen.

Yolandak kontatu du duela urtebete inguru egin zuela topo surfaren munduarekin: «Surfa eliteko kirola zela pentsatzen nuen, baina, iaz surf irekia frogatzeko aukera azaldu zitzaidan eta saiatu egin nintzen, frogatzeagatik bakarrik, baina hasi nintzenean ikaragarri gustatu zitzaidan, itzela da».

Surfak zer eskaintzen dion galdetzean, besteak beste, «lasaitasuna, lagun berriak eta naturarekin egotea» aipatu ditu bilbotarrak. Hortaz gain, adrenalina eta ezjakintasuna ere azpimarratu ditu Yolandak, egiatan, ez baitago aurretiaz jakiterik itsasoa nola egongo den edota olatuak nondik etorriko diren, «bestelako hobby batzuetan egun guztiak berdinak dira, hemen ez. Itsasoak nahi duena ematen dizu eta hori hartu behar duzu. Batzuetan ez dago olaturik, besteetan ez dago sasoi onik uretara sartzeko…beti da desberdina eta horrek badu bere puntua».

Sergio Calderonek, ostera, Garapenaren Trastorno Orokorra eta lesio zerebral bat ditu eta, ondorioz, baita mugikortasun arazoak ere. Bere esanetan, «surfa bizitza da». «Ongizatea, segurtasuna nire buruarengan eta autoestima opatzen dit surfak», aitortu du.

Material egokituaren garrantzia

Bai Yolandak eta bai Sergiok, beraien mugikortasun murriztuagatik, material bereziak erabiltzen dituzte surferako. Alde batetik, soinean janzten duten neoprenoa belkroz osatutakoa da; hau da, lurrean zabaltzen da eta, ohiko lepoko kremailera izan behearrean, hamarnaka belkro ditu gorputz-adar bakoitza inguratu eta ixteko.

Ikastaroa hasi aurretik, surflari bati neopreno egokitua janzten laguntzen ari dira. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Ikastaroa hasi aurretik, surflari bati neopreno egokitua janzten laguntzen ari dira. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Bestetik, taula egokitu bat erabiltzen dute: orain arte, paddle taula baten gainean torlojututako aulki batean txandaka esertzen ziren olatuen bila joateko. Hala ere, ohiko taula bere gurdian utzita, Sergio eta Yolanda bi aditu brasildarrek dohaintzan ekarritako taula berriak frogatzen ibili dira.

Taula hauek belkrozko geruza bat dute surflariak sabela jarri ohi duen tokian. Geruza honen gainean, goma-espumazko material desberdinak daude. Beraz, belkroari eta bertan izan den Naia Montelio fisioterapeutaren aholkuei esker, taularen morfologia gorputz eta pertsona bakoitzaren behar espezifikoetara egokitzen ibili dira.

Cisco Arañak, taularen sortzaileetako batek, adibide baten bidez azaldu ditu honen xehetasunak: «Demagun aniztasun funtzionala dudala, hemiplegia batekin. Taula anatomikoki nirekiko adaptatzen da seguruagoa izan dadin eta lesioak ekidin ditzan. Gainera, taula hibridoa da: itsuek, Down sindromea dutenek, hemiplegikoek, tetraplegikoek….guztiek erabili dezakete eta gainera oso merkea da. Merkatuan ez duzunean bilatzen duzun hori aurkitzen, irudimentsua izan behar duzu; oso [taula] sinplea da eta erraza dirudi, baina heltzea kosta zitzaion».

Cisco Arañak eta Antonio Vasconcelosek Brasiletik ekarritako taula egokituak. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Cisco Arañak eta Antonio Vasconcelosek Brasiletik ekarritako taula egokituak. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Izan ere, hori da ikastaro honen gakoa: egokitzapena. Bai neoprenoak eta bai taulak ikasle bakoitzaren beharretara egokituta baitaude. Ez da erraza izan, senideak arduratu baitira, ahal izan duten moduan, materialaren diseinu eta sorkuntza lanaz.

Esaterako, orain arte Yolandak eta Sergiok erabili izan duten taula biltegi moduan erabiltzen duten lonjatik ur ertzera garraiatzeko erabili izan duten gurdia, beste taldekide baten aitak sortutakoa izan da. Izan ere, ekainetik irailera zabalik egoten den hondartza denboralditik at, nahiz eta eskaera formala behin baino gehiagotan egin duten, ikasleei ez dizkiete aulki anfibioak erabiltzen uzten paseotik uretara heltzeko. Horregatik, beharrak ala bultzatuta, senideek parte hartze handia izan dute material espezifikoaren sorkuntzan.

Ezhoiko gorputz atalen lanketa

Aski ezagunak dira kirolak giza gorputzari eskaintzen dizkion abantailak. Hala ere, aniztasun funtzionala duten pertsonen kasuan eta, batik bat, mugikortasun arazoak badituzte surfa tresna egoki bat da normalean erabiltzen ez dituzten gorputz atalak eta muskuluak lantzeko.

Naia Montelio, Jaiki surf eskolako fisioterapeuta, arduratzen da ikasle bakoitzaren egoera fisikoa aztertzeaz eta gehien komeni zaion surf modalitatea gomendatzeaz: «Familiak eta kirolariak ezagutzen ditugu eta zer modalitate erabiliko duten erabakitzen dugu; etzanda, eserita, zutik… oso desberdina da bata edo bestea erabiltzea, aulkian, esaterako, gorputza birak egiteko erabiltzen dute. Etzanda doazenean, ostera, gehiago erabiltzen dituzte hanken mugimendua eta begirada. Hau da, pisu aldaketen bidez gorputz atal bat edo bestea lantzen da».

«Ikasleek gorputz atal guztiak lantzen dituzte hondartzan ibiliz, taulara igota, uretan sartuz eta arraun eginez. Gainera, ikasleek normalean lantzen ez dituzten posturak landu eta beste batzuk zuzentzen dituzte», azaldu du fisioterapeutak.

Monteliorekin bat eginez, Nicolasek zehaztu du surfean hasten direnetik ikasleek hobeto lo egin, sozializatu, barre gehiago egin, ia ohartu gabe kirola praktikatu eta nekatu, ahalduntze prozesuan murgildu eta autoestimua hobetzen dutela, besteak beste.

Kliniketan eskaintzen diren tratamenduekin edota fisioterapia saio tradizionalekin alderatuta, ur kirol honek ikasleei eskaintzen dizkien hainbat abantaila azaldu ditu Monteliok: «Askoz estimulazio eta motibazio handiagoa lortzen ditugu hemen terapiara joan eta jolasen bidez luzaketak eginda baino». Fisioterapeutak zehaztu du klinika baten egiten den lana «beharrezkoa» dela, baina ikastaroan bilatzen diren onurak «desberdinak» direla. Tartean, «onura sozialak» eta «hondartzako jendea ezagutzea» bezalako abantailak izan ditu hizpide osasun profesionalak.

Naia Montelio fisioterapeuta ikasle batzuekin itsasertzean ariketak egiten. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Naia Montelio fisioterapeuta ikasle batzuekin itsasertzean ariketak egiten. (Aritz LOIOLA/FOKU)

«Surfa bakarkako kirola kontsideratzen da, baina, nire ustez, ez da horrela, zeren eta taldea oso garrantzitsua da», ondorioztatu du Monteliok.

Jaikiko surf inklusiboaren hastapenak

Lurta Nicolas duela lau urte inguru jabetu zen aniztasun funtzionala zuten pertsonentzako surfaren mundua egokitzeko beharraz, ikasle autista batek Jaikin izena eman zuenean, konkretuki. Nicolasek eman zizkion klaseak eta, handik denbora gutxira, surflari itsu batekin egin zuen topo Hawaien, Suset Beach-eko hondartzan, non kilometro baterainoko olatuak dauden. Une hartan hasi zen kontzientzia hartzen eta surfaren munduan aniztasun funtzionala duten pertsona gehiago daudela konturatzen, hala nola, Clay Marzo eta Aitor Francesena zarauztarra.

Gaur egun, Gertu Surfa Denontzat elkartearen bitartez, surf inklusiboa lantzen duten ikastaroak lantzen dituzte Jaiki surf eskolan. Hala ere, elkartearen laguntzaz gain, Nicolasek ohartarazi du ikastaroa burutzea ez litzatekela posiblea izango Laboral Kutxak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Susana Monsma Fundazioak eta Plentzia, Sopela eta Getxoko Udalek eskainitako laguntza eta finantzaziorik gabe.

Hala ere, Nicolasek ikastaroa bideratzeak bere zailtasunak ere badituela abisatu du: «Azken finean, zailtasunak izaten dira ikasle bakoitzak irakasle bat behar izaten duela, irakasle gutxi daudela prestatuta lan hau egiteko eta soldatak mantentzea ez dela batere erraza… Baina guztion artean lortzen ari gara. Hau amets bat da, baina ikusgarria da pertsona batzuei zer nolako onura egiten dien».

«Honek badu alde dibertigarri bat. Ez dira konturatzen, baina denbora guztian zaude olatuaren menpe, olatuaren zain edo olatuari adi. Oso denbora gutxi gaude olatuaren gainean, baina momentu horiek asko disfrutatzen ditugu», azaldu du Nicolasek.

Etorkizuneko proiektuei dagokienez, Nicolasek aurreratu du surf inklusiboari buruzko dokumental bat duela martxan, ‘Surfing Therapy’.

Brasildarrak aitzindari

Brasilgo Santos School aitzindaria da mundu mailan surf inklusiboaren alorrean. 30 urte igaro dira jada herrialde amazonikoko lehen surf eskola publikoa ireki zutenetik eta duela bi lortu zuten aniztasun funtzioanala zuten ikasleentzako eskola berezi bat martxan jartzea. Orotara, aniztasun funtzionala duten 250 ikasle dituztela baieztatu du, harro, Cisco Arañak, surfistak eta Santos School eskola brasildarreko koordinatzaileak.

Arañak nabarmendu du aniztasun funtzionala duten ikasleentzat surf eskola bat irekitzeko proiektua askoz lehenagotik datorrela, baina, burokrazia eta erakundeen oztopoak tarteko, azkenean duela bi urte jarri zutela martxan. Hala ere, azaldu du behin martxan jarrita, terapeutak, fisioterapeutak eta mota guztietako baliabideak lortu zituztela eta ikasleek erabateko doakotasuna eskuratu zutela.

Dena den, Santos Schoolen proiektua ez da hor gelditzen. Aniztasun funtzionala duten pertsoei surfa irakasteaz gain, adindunei ere erakusten dietelako. Ciscok zehaztu du pertsona nagusiekin ere lan egiten dutela, eta, egun, 50 urtetik gorako 180 ikasle dituztela, zaharrenek 80 urte izanik.