Amets egiteari uko egin gabe eta «oinak lurrean» abiatu zuen Errigorak udaberriko kanpaina iragan martxoan, eta emaitza inoizko uztarik emankorrena izan da, ohar batean nabarmendu duenez.
Hala, Nafarroako hegoaldean euskara bultzatzeko helburua duen ekimena 10.000 etxetara iritsi da, iaz baino %20 gehiago; 143.000 litro olio banatu ditu, iaz baino %35 gehiago, eta 271.000 kontserba ontzi eta 41.000 pakete, iaz baino %15 gehiago.
Zehaztu duenez, aurten %20 hazi da kontserba, arroza, pasta eta lekale ekologiko eskaera. Datorren urterako, iragarri du, potxa ekologikoa gehituko dute esakaintzara eta produktu ekologiko kopurua orokorrean handiagoa izango da, agortzera iristea ekiditeko.
Horrekin batera, 11.000 kilo txitxirio eta dilista banatzen ari dira. Horrek «hazialdeko lekale ekoizleen elkartearentzat bultzada ederra suposatzen du kanpotik ekarri ohi ditugun lekale horien berreskurapenean».
Eta irailerako prest izango dituzte 40 robada (36.000 metro karratu) lur sail berri piper ekologiko gehiago jasotzeko.
Bestalde, 12 ekoizleren lantokitan euskara planak ari direla gauzatzen azaldu du herri ekimenak, eta 2023rako Errigoraren baitan ari diren guztiak izango dira euskara planetan murgilduta.
«Oinak lurrean ditugula diogu, lurrarekiko eta bertan bizi garenokiko errespetuz jardun nahi dugulako. Oinak lurrean, amets egiteari uko egiten ez diogun arren, ez garelako ametsetan bizi. Oinetako behatzekin uki daitezke Errigorarekin bat egin duten milaka herritarren ekarpenak Nafarroako baratzean eman dituen fruituak», nabarmendu dute oharrean.