Hauteskunde Kanpainaren Kontrolerako Komisio Nazionalak Kontseilu Konstituzionalera eraman zuen Jean Lassallek hauteskunde presidentzialetan bere herrian abstenitu zen mementoa erakusten zuen bideoa. Konstituzionalak legez kanpokotzat jo du hori asteazken honetan, eta Lourdios-Ichere herriko 90 bozkak baliogabetu egin ditu.
Lassalle presidentzialetarako hautagaiak lehen itzulian galdu eta gero, Emmanuel Macron eta Marine Le Pen aurrez aurre eman zituen bigarrenean abstenitu egingo zela esan zuen. 2017ra arte alkate izan zen Biarnoko bere herrian grabatu zuen bideoa eta Kontseilu Konstituzionalak ekintza hori «propaganda elektorala» izan dela erabaki ondoren, bertan eman ziren 90 bozak baliogabetu egin ditu.
Biarnoko eta Ipar Euskal Herriko diputatua ere badenaren kontrako zigorbide penalak izan daitezkeela gaineratu du Konstituzionalak. 15.000 euroko isuna eta urtebeteko kartzela arriskatzen ditu.
Abstentionniste.
— Jean Lassalle (@jeanlassalle) April 24, 2022
Les explications ➡️ https://t.co/QoLouRgpa9 pic.twitter.com/T24jx6vl4s
Hauteskunde egunean edo bezperan «propaganda mezuak hedatzea» debekatzen du hauteskunde kodeak. Kontseilu Konstituzionalak diputatuak hori egin zuela ebatzi du, «herriko boz zenbaketaren egiazkotasuna aldatu duelako».
Abstentzioa eszenifikatu ondoren, herriko etxearen aitzinean prentsaren aitzinean mintzatu zelarik, bere ekintzak izan zitzakeen ondorioez kontziente zela adierazi zuen Resistons! alderdiko hautagaiak. Macron garaile eman duen hauteskundeen lehen itzulian %3,13a lortu zuen Lassallek Estatu mailan.
Hauteskunde presidentzialetako emaitza guztiak: https://presidentzialak2022.naiz.eus/