Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Iruñeko kaleak hartu ditu LABek, politika propioak garatzeko ordua dela aldarrikatzeko

Aberastasunaren birbanaketa, zaintzak duintzea eta Nafarroaren politika propioak indartzea dira, besteak beste, Maiatzaren Lehenean LAB sindikatuak Iruñean kalera atera dituen aldarrikapenak.

LAB sindikatuaren manifestazioa.
LAB sindikatuaren manifestazioa. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Maiatzaren Leheneko LAB sindikatuaren manifestazioa Gaztelu Plazatik abiatu da, Iruñeko hainbat auzoetan antolatutako zutabeak iritsi ondoren. Berdintasuna, zainketen duintasuna eta Nafarroatik eta Nafarroarako egindako politikak defendatu sindikatuak aldarrikapenerako egun honetan.

«Gora Maiatzaren Lehena», «Independentzia, sozialismoa», «Obrero despedido, patrón colgado» eta «Gora borroka feminista» oihuen artean, manifestazioak hiriburuko kale nagusietako batzuk zeharkatu ditu. Ikurrinak, Nafarroako banderak, sindikatuaren beraren banderak, gorriak eta moreak, pentsiodunak buru zituen mobilizazioari kolorea ematen diote.

LABen manifestazioa Maiatzaren Lehenean. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Amaieran, gazteen blokea, eta, tartean, Maraa Jesus bezalako manifestariak. Garbiketako langile honek NAIZi adierazi dionez, «langile-klaseak egunero borrokatu behar du, kontzientzia sozial hori galtzen ari delako». Alboan Merche, 84 urtekoa, honako hau azpimarratzen duena: «Azken unera arte gure eskubideen eta lanik gabe dauden gazteen eskubideen alde borrokatu behar dugu. 13 urterekin hasi nintzen borrokatzen eta 84 urterekin hemen jarraitzen dut».

Plazara itzuliz, «Vergüenza me daría ser policía» eta «borroka da bide bakarra» oihuak eta, bertan, txalapartariak eta irrintziak, sindikatuko bozeramaileen hitzaldiaren aurretik. Internazionala euskaraz buruz ikasi dutenek ozen abestu dute munduko langileen ereserkia, eta, Euskal Herrira itzuliz, ‘Eusko Gudariak’ ere ez da falta izan. Jarraian, Alaia Martinek bertsoa: «Gaur eta beti langilea da herri honen zutabea...».

Nafarroatik eta Nafarroarako

Imanol Karrera LABen Nafarroako bozeramaileak hedabideei egindako adierazpenetan eskatu du egoera jasangaitz honen eta bizitzaren garestitzearen aurrean beharrezkoa dela zainketa lanak banatzea eta duintzea, eta horretarako funtsezkoa dela lanaldia murriztea.

Manifestariak, Iruñeko Gaztelu Plazan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Halaber, defendatu du beharrezkoa dela aberastasuna birbanatuko duten politikei ekitea, Nafarroan lana sortuz, zerbitzu publikoak hobetuz eta bidezko erreforma fiskala eginez. Eta zuzenean eskatu dio Maria Chivite lehendakariari Nafarroarako politika propioak egiteko.

«Egoera jasanezina da sozialki eta ekologikoki, egoera bidegabea da langileontzat, kapitalismoak planeta suntsitzen du. Kapitalak zaintza lanak ez ditu aintzat hartzen, lan harremanen prekarizazioa ekartzen du eta zerbitzu publikoak desegiten ditu», nabarmendu du Gaztelu Plazako kioskotik.

Karrerak Gernikako bonbardaketaren urteurrena gogoratu du eta, horren harira, gastu militarra handitzea kritikatu du, eta dirua zerbitzu publikoak hobetzeko erabili behar dela nabarmendu.

Karreraren ustez, iraingarria da Iberdrola edo Petronor gisako enpresek herritarren kontura aberasten jarraitzea; horregatik, LABek «oligopolio energetikoaren xantaiari mugak jartzea, prezioak mugatzea eta energia publiko egitea» exijitu du.

Era berean, duela 40 urte Foruaren Hobekuntza onartu zela gogoratu du, herritarren %33 bazterrean utziz. Horregatik, akats historiko hura zuzentzeko eta Nafarroako herritarrei hitza eta botoa berriro emateko unea dela uste du, herrialdeak nahi duen estatus politikoa zein den erabaki ahal izan dezaten, Madrilen ezinezkoak diren aldaketa guztiak hemen posible egiteko.

Manifestari guztiak DJ Reimy buru zuen kalejira batekin joan dira Jarautako Monton tabernara. Bertan luncha batekin indarrak hartu dituzte 18.00etan hasiko den mugimenduko sozialek antolatutako manifestaziorako.