Monte Melkonian eta genozidioaren biloba matxinoak
Armeniar genozidioak Anatolia astindu eta 50 urtera, mendekua eta justizia eskatzen zuen talde armatu batek. Turkiar diplomatikoak zituzten begipuntuan, tartean zibil arrunt asko hil baziren ere. Kaliforniako gizaseme bat izan zen haien buruzagi ezagunena. Egun, «Armeniako Nazio Heroi»-a dute.
Beiruten elkarrizketa bat. 1982ko martxoaren 2a. Galderak “Pueblo” egunkariko kazetari José Antonio Gurriaranek egiten ditu. Bi urte lehenago ia hanka biak galdu zituen, Madrilen izandako atentatu batean; gaur parean ditu bere borreroak. Lau armeniar dira: AK-47rekin armatutako bi kaputxadun; bi begiak eta ezkerreko besoa galdu dituen beste bat eta bizardun bat. Azken hau elkarrizketa gaztelaniara itzultzeaz arduratzen da.
– Non ikasi duzu nire hizkuntza?
– Castello-n bizi izan nintzen gurasoekin, duela hamabi urte.
****
Castello, 1968ko uda. Ami hizkuntza akademian, Blanca andereñoak gaztelera ikasten ari den taldea agurtu nahi du.
– Nongoa zara?
– Kaliforniakoa.
– Zure arbasoez ari naiz. Nondik iritsi ziren?
Monte txikiak zalantza egiten du. Dakienez, estatubatuarra da. Gurasoek batzuetan aipatzen duten «antzinako herria»z ari al da andereñoa?
«Armenia», erantzun du, zalantza argitu ondoren. Lehendabiziko aldiz, Monte Melkonianek bere buruari entzun dio hitz hori ahoskatzen: Armenia.
****
Monte Melkonian arotz eta eskolako maistra baten etxean iritsi zen mundura, 1957an. Kaliforniako beste edozein haur bezala hazi zen: Schwinn baten pedalei eragiten, Boy Scouts eta haurren beisbol ligaren artean. «Antzinako herria»z ez da apenas hitz egiten etxean, baina familiak hamabost hilabeteko bidaia bati ekingo dio aurki, furgoneta batean. Europan, Afrikako iparraldean eta Ekialde Hurbilean barrena sartuko dira. Anatoliako Marsovan herrira ere joango dira, jakina. Hortik iritsi ziren Kaliforniara Monte Melkonianen amaren aldeko aitona-amonak.
Hirian sartu ahala (orain “Merzifon” du izena), «Ermeniler» (armeniarrak, turkieraz) oihukatu du norbaitek. Vahram izeneko bati deitu diote jarraian. Berrogeita hamar urteko gizon argala da Vahram Karabents, Merzifonen geratzen diren hiru armeniar familietako bateko kidea. Karabentstarren etxean ez dago esperokoa zen gurutze, ama birjin edota Bibliarik. Armenieraz badakite, baina agerikoa da oso honen erabilera eza. «Gure familia Ben Ohanian izengoitiaz ezaguna zen hemen», dio Vahramek. Melkoniantarren amonaren etxe zaharra ere erakutsi die: horma bakar bat sastraken artean. Bizilagun turkiarrekin arazorik? Bat ere ez, denak oso ondo konpontzen dira. «Egun batean, armeniar guztiek ospa egin zuten. Ez dakit zer gertatu zen», dio Karabents amonak.
Lekukotzak kirrinka egiten du. Ez al daki amonak zer gertatu zen? Bi urte geroago, Zipren bizi den Monteren izebak misterioa argituko du gutun batean: «Merzifonen 17.000 armeniar sarraskitu zituzten. Ben Ohanian sendiak armeniarrak non bizi ziren esaten zion Poliziari, horrexegatik salbatu ziren».
Ikaskuntza
Kalifornian bueltan, Monte Melkonianek atsedenik gabe irakurtzen du. Horrela gogoratzen du Markar bere anaiak “My Brother 's Road” (Tauris, 2005) biografian. Institutuan ikasle bikaina da eta lehenago graduatzeko aukera ematen zaio, baina nahiago du Japoniara bidaiatu, japoniera eta arte martzialak ikasteko. Hamabost urte baino ez ditu. Bertan, ingeleseko eskolak bidaiak finantzatzeko modu bat izan daitezkeela deskubritu du, eta laster joko du Asiako hego-ekialderantz. Vietnamera egindako bisita batean, Saigon erori baino lehentxeago, barrenean daraman soldadua zizelkatzen hasiko da.
Berkley-ko unibertsitateak beka eskaini dio Asiako Antzinako Historia eta Arkeologia adarrean. ASA (Armeniar Ikasleen Elkartea) taldearekin ere bat egin du. Artefaktu zaharren erakusketa bat antolatzeaz gain, ikasleen egoitzako ate nagusia lehergailu batekin txikitu dute. Helburua hau da: genozidioa «armeniar nazionalisten propagandatzat» jotzen duen hango irakasle bat salatzea.
Bitartean, armeniar talde armatu eta misteriotsu batzuk diplomatiko turkiarren kontra erasoak egiten ari dira. «Terroristak», diote egunkariek; «bidezko xedeak», dio ASAk. Monte ohoreekin lizentziatuko da 1978ko udaberrian. Hori gutxi ez, eta Oxford-en onartu dute doktoretza egiteko. Baina ez da inoiz joango.
«Egia da asko ikas daitekeela liburuak irakurtzen eta jendeari entzuten, baina ez da nahikoa. Zerbait benetan ulertu ahal izateko, esperimentatu egin behar duzu, bizi egin behar duzu», idatziko du urte batzuk geroago.
Armeniera ikastea (dagoeneko japoniera eta gaztelania menderatzen ditu) bere lehentasunen artean dago, baina ezin du herrialdera bidaiatu, Sobiet Batasunerako bisa lortzeko saiakera guztiek porrot egin baitute. Armeniar komunitate sendoa duten bi herrialde daude: Libano eta Iran. Beirutera 1978ko apirilean iritsiko da lehen aldiz, gerra zibilaren erdian, falangistak Bourj Hammoud armeniar barrutia erasotzen ari direnean. Hizkuntza ikasi ez ezik, armen erabilera ere menderatzen du orain. Eta Seta, bere bikotekidea izango dena, ezagutu du.
Iranen milizia kurdua ezagutzeko parada du. Montek miresten ditu gerlari kurduak, eta Irango Kurdistanen oparitu zioten uniformea Libanon ere jantzi du. Ez da lotura pertsonalaren kontu hutsa: 1980ko udaberrian, Sidonen (Libano) PKK-ko (Kurdistango Langileen Alderdia) eta ASALAko (Armenia Askatzeko Armeniar Armada Sekretua) kideek prentsaurreko bat emango dute elkarrekin. Ankararen aurka borrokatzeko estrategia amankomuna dutela diote.
Isilpeko gerra
Ekitalditik irtetean, armeniar batek bilera batera gonbidatu du, eta laster Hagop Hagopian aurrez aurre izango du. Mosulen (Irak) 1940an jaiotako armeniarra ASALAko buruzagia da, eta FPLPren (Palestina Askatzeko Herri Frontea) orbitan darama berau 1967an sortu zenetik. FPLP taldea munduko askapen mugimendu askoren erreferentea da: Japoniako Armada Gorria, Uruguaiko tupamaroak, Irlandako IRA, Alemaniako RAF… Beiruten ez da inor falta, ez eta armeniarrak ere. ASALAk errekrutatu bezain laster, Monte “Hayastan” aldizkariaren erredaktoreetako bat bilakatuko da. Diasporaren bidez eta ezkutuan banatzen den argitalpen eleaniztun eta doakoa da. Azpimarratzen dutenez, Turkiak genozidioa onartzea eta Sèvresko Itunak aitortutako lurraldeak (Anatolian galdutakoak) barne hartuko dituen Armenia independente bat sortzea dira erakunde armatuaren helburuak.
Hagopianek laster emango dio Monteri lehen misioa. Atenasen bilatuko du bere lehen xedea. Matrikula diplomatiko turkiarra duen auto bat Turkish Airlines-en bulego baten aurrean gelditu da: Montek tiro egin die gidariari eta bidaiariari, bai eta atzeko eserlekuetako kristal tindatuen atzean dauden siluetei ere. Ihes egitea ere lortu du, korrika, Atenasko trafiko bortitza lagun. Biharamunean, egunkarietan irakurri du bere biktima Galip Özmen izeneko bat izan dela, Atenasko Turkiako Enbaxadako agregatu bat. «Espioi bat gutxiago», pentsatu du. Baina kristal tindatuen atzeko silueta haiek emaztearena, hamasei urteko semearena eta hamalau urteko alabarenak omen ziren. Lehenengo biak bizirik daude, baina ez neskatoa. Libanoko segurtasunera bueltatuko da, Bekaa haraneko FPLPko entrenamendu-eremuetara. Baina kaliforniarraren barrenean zerbait hautsi da betirako.
Hurrengo egitekoa Genevan izango du: kontsulatu turkiarrean bonba bat jartzen lagundu, kristau siriar baten diru-laguntza jaso eta, handik, Milanera, egunkari baten egoitza lehertzera (kazetariek Hagopianekin izandako elkarrizketa bati buruzko akordioa urratu omen zuten). Biktima bakarra ASALAko kide bat izan da, manipulatzen ari zen bonba eskuan lehertu ostean. Kartzelan dago eta presioa egin behar zaio Bernari hura aska dezan. Monte Erromara bidaltzen dute suitzar delegazio diplomatiko bat erasotzeko. Brigada Gorrien babesa jasoko du bertan.
Kanpaina Londresera, Parisera, Marseillara eta Madrileraino ere zabalduko da. Bi bonba dira espainiar Estatuko hiriburuan: bat, Madrilgo Kale Nagusiko TWAren bulegoetan eta bestea, Swissair konpainiaren egoitzaren ondoan, Espainia plazan. Azken horrek telefono-kabina baten barruan harrapatzen du Gurriaran. Bere erredakzioarekin hizketan zegoen, lehen leherketaren berri ematen ari zela. Gau horretarako plana, alabaina, oso bestelakoa zen: Woody Allen-en “Stardust Memories” ikusteko asmoa zuen.
Monte «zigor-misio eta mafiaren praktika bortitz»ez kexu izan arren, gustura onartu du hurrengo enkargua: Parisen «propaganda armatuko ekintza ikusgarri» bat egingo duten lau errekruta entrenatu behar ditu. 1981eko irailaren 24an, lau gizon armatu sartu ziren Haussmann bulebarreko turkiar kontsulatuan, Garaipenaren Arkutik oso gertu. Abian da “Van Operazioa”. Frantziar jendarme bat tiro trukean hil da, eta taldeak diplomatiko guztiak akabatzearekin mehatxatu du Polizia indarrez sartuz gero.
Bahiketak iraun duen hamabost orduetan ehunka turkiar bildu dira kalean 56 bahituei babesa adieraziz, eta aurrean dituzte ekintzari babesa ematen dioten beste ehunka armeniar. Prentsa osoa dago, telebista barne. Estatu frantseseko audientzia marka historikoak hautsi dira eta epaiketa prozesuak ere oihartzun itzela bereganatuko du: aulkietan lau armeniar daude eserita, baina Turkiako Errepublika epaitzen ari dira, genozidio-krimenengatik, eta mundu osoaren aurrean.
«Zazpi urteko zigorra ezarri ziguten, eta bost baino ez genituen bete. Sinesgaitza egiten zait, areago polizia frantses bat hil zela ikusirik», diosku Vasken Sislianek. Komandoko buruzagia zena Beiruten jaioa da, 1956an. Poliziak atxilotu zueneko argazkia ikonikoa da armeniar ororentzat. Gurriaran ezagutu zuela dio, espainiarrak Beirutera egindako bi bisitetan: «Bihotz handiko gizona zen, batez ere gertatu zitzaionaren ondoren». Eskertuta dago, “La bomba” (Planeta, 1982) bere liburuak mundu osoari armeniarren auzia helarazi diolako. Hagopian, berriz, «krudela bezain beharrezkoa» zen. «ASALA erakunde klandestino bat zen, eta ez GKE bat. Hagopian gabe ez zen txarra gertatuko, baina ezta ona ere. Gerran ginen orduan, eta bagaude oraindik. Ez ahaztu», dio. Monterekin kontaktua galdu zuela dio Sislianek. Nahiago du gehiegi ez hitz egin, ez baitago ados Monteren anaiak biografian idatzitako hainbat gauzarekin.
ASALAk ez omen du inoiz eduki ehun kide aktibo baino gehiago aldi berean. Nolanahi, 400 atentatu burutu zituzten, 46 hildako eta 300 bat zauritu tartean. Gehienak Turkiako Gobernuko ofizialak izan ziren, baina operazio indiskriminatuak ere izan ziren; Ankara eta Orlyko aireportuetakoak kasu. Lehenengoak bederatzi hildako eta 82 zauritu eragin zituen, turistak gehienak; «etsai turkiarra, beraz, xede argia», dio Sislianek. Orlyko zortzi biktimei dagokienez, «armeniarren kontrako bidegabekeriaren emaitza dira, ez besterik». Ekintzaileak dio ez duela etsi, tailer eta hitzaldietan parte hartzeko gonbita asko jasotzen dituela eta gazteekin kontaktu zuzena duela. Argazkiak behar al ditugu gure erreportajerako? «Ezer gutxi» omen dago, baina batzuk gurekin partitzea dauka.
ASALAren zibilen kontrako atentatuek zatiketa eragingo dute taldean. Melkonianek Turkiako gobernukideengan mugatu nahi ditu erasoak; Hagopianek, ordea, ez du bereiztea nahi. ASALA barrutik usteltzen ari da. 1985eko maiatzaren 4an, Damaskon 21 hilabete ezkutatuta igaro ondoren, Montek aireportura jo eta Ekialde Hurbila betirako utzi zuen atzean. Hagopian, berriz, hiru urte geroago hil zuten Atenasen. Inork ez zuen hilketa aldarrikatu, baina turkiarrak aipatu ziren, baita siriarrak edo ASALA barruko kideak ere. Etsai gehiegi zituen.
«Antzinako herria»
1985eko uztaila da, eta Montek gela txiki bat alokatu berri du Montparnassen. Segurtasuna dela eta, apenas ateratzen da kalera. ASALAko beste disidente batzuekin elkartzen da gelan, PKKren ordezkariekin Pariseko kanpoaldean eta korsikar nahiz euskal ekintzaileekin Alpeetan. Marseillara egindako bisitan, portuan dagoen ontzi turkiar batek ekipamendu militarra daramalakoan dago. Igerilari ona da eta prest dago kaskoan lehergailu bat jartzeko. Baina Polizia alerta gorenean dago, Turgut Özal (Turkiako orduko lehen ministroa) Estatu frantsesera iristear baita. Monte jatetxe bateko terrazan atxilotuko dute. Sei urteko espetxealdia jasoko du agiri faltsuak eta pistola bat edukitzeagatik. 1989an libre geratu eta Seta bere bikotekidearekin elkartu zen Hego Yemenen. Hortik Europa ekialdera, bloke komunista bere inguruan nola desegiten den ikusten duten bitartean. Armenia ez da inoiz hain gertu egon. SESBek Sofian duen enbaxadan lortu du bikoteak Armenia zapaltzeko bisa eta, 1990eko urriaren 6an, «aberria» zapalduko du Montek lehen aldiz. «Ez dago etxera itzultzea bezalakorik, nahiz eta bertan inoiz ez izan», idatzi zuen Markar bere anaiak.
1991ko uda da, Armeniak bere independentzia estreinatu berri du eta Montek Nagorno Karabajen aurkeztu du bere burua aberria defendatzeko. Mapak etengabe aztertzen ditu eta lurrean lo egiten du, ohea egon arren. Oso jarraibide zehatzak ematen dizkie bere gizonei: armak eta munizioa bistatik inoiz ez galtzea; tirorik ez egitea ezer ikusten ez bada, edo 200 metro baino gehiagora dagoen xedera, edo armarik gabeko norbaiti… Martuni eskualde estrategikoa bere agindupean geldituko da eta lidergo sendoa erakusten du Kaliforniakoak. 1993ko ekainaren 12an, azeriak erretiratzen ari direla, tanke arin bat agertu da Martuniko checkpoint-ean. Indartze-unitate bat baino ezin da izan. «Turkiarrak!», oihukatu du norbaitek. Beranduegi da: ez da egin 73 mm-ko kanoi horren aurka egin dezakeen erriflerik. Montek 35 urte zituen bere bihotza eten denean.
Oroimena
2020ko azaroaren 2a. Azerien bonben euri-jasa mardula da Nagorno Karabajen, baina Martuni herrian geldialdi labur bat egin nahi izan dugu. Zutik dirau bere erretratua herriko sarreran, baita bere omenezko estatua ere herriko plazan.
Baina ez da Kaliforniakoak ezagutu zuen Martuni: zibilek ihes egin dute eta armeniar soldaduak sotoetan babestu dira, kandela xumeen argipean. Aurreko gerran irabazi zuten guztia galduko dute oraingoan.
«Berarekin borrokatu zuen norbait ezagutzen dut. Gustatuko litzaizueke berarekin hitz egitea?», entzungo dugu behin baino gehiagotan.
Erevanen bueltan, Monteren erretratua bere hilarrian topatu dugu, Yerablur hilerri militarrean. Vernissage aire zabaleko azokan ere ikusi dugu bere aurpegia, bertan saltzen diren elastikoetan. Edota Lada baten haizetakoan, tatuatutako sorbalda batean… Monte Melkonian da. Armeniar guztiek ezagutzen dute.