NAIZ

Belabietako tuneleko lanak amaitzeko asteburu honetan erabat itxiko da A-15eko Gipuzkoako zatia

Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi duenez, ostiral honetan, 22.00etan, erabat itxiko da A-15 autobidea Andoaingo eta Berastegiko lotuneen artean. Tunela berriro irekitzeko eta Belabietako lanak bukatzeko beharrezko lanak egingo dituzte.

Belabietako tuneleko lanak amaitu nahi dituzte asteburu honetan.
Belabietako tuneleko lanak amaitu nahi dituzte asteburu honetan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Belabietako tuneleko lanak bukatzeko, erabat etengo dute zirkulazioa A-15ean asteburu honetan, 48 orduz, maiatzaren 6ko 22.00etatik maiatzaren 8ko 22.00etara. Andoainerako noranzkoan, Berastegiko lotunetik egingo da mozketa, eta Iruñerako norabidean, berriz, Andoaingo Sorabillako lotunetik.

«Autobidea trafikora guztiz ireki ahal izateko euste-hesi bat jarri behar dugu eta tunel berrituaren elementu guztiak kontrolatzeko sistema berrikusi. Gainera, Belabietako obrek iraun duten 11 hilabeteetan zirkulazioa bideratu den hoditik bypasseko elementu guztiak kendu behar dira», azaldu du Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak.

Gomendatutako ibilbideak
    
Autobidearen itxierak erabiltzaileak beste ibilbide batzuk hartzera behartuko ditu. Nafarroatik Gipuzkoarako ibilbide luzeetarako, gomendatutako ibilbidea N-I errepidea izango da Altsasuraino. Ondoren, Irurtzunen Sakanako Autobidea (A-10) hartzea aholkatzen dute. Berastegi, Elduain edo Berrobira iristeko, A-15 autobideko erabiltzaileek Berastegiko loturan biratu eta Tolosatik Leitzara doan errepidetik (GI-2130) joaten ahalko dira.

Gipuzkoatik Nafarroarako ibilbide luzeetarako, Iruñerako noranzkoan egindako mozketaren ondorioz, A-15eko erabiltzaileek N-Ietik jarraitu beharko dute Gasteizerako noranzkoan Altsasura arte, eta, ondoren, Sakanako Autobidera (A-10) joan beharko dute Irurtzunera arte. Lekunberri edo Leitza helmuga duten ibilgailuek Tolosatik Lekunberrira doan errepidea (GI-2135) erabili ahal izango dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gogorarazi du autobidea itxita dagoen bitartean debekatuta egongo dela ibilgailu astunak Tolosatik Lekunberrira (GI-2130) igarotzea, eta, beraz, kamioiek N-I errepidea hartu beharko dutela ordezko bide gisa.

Lanak amaitu bezain pronto A-15 autobidea erabat zabalduko da, bi norabideetan.