Bea Ilardia eta Jone Goirizelaia EH Bilduren Bizkaiko Batzar Nagusietako eta Bilboko Udaleko bozeramaileek ohartarazi dutenez, Udala «gainezka dago eta ezin dio etxerik gabeko pertsonen egoerari aurre egin, Bizkaiko Foru Aldundia desagertuta dagoen bitartean, bere erantzukizunak bere gain hartu gabe».
Koalizio subiranistak prentsaurrekoa eman du aste honetan etxerik gabeko bi pertsonaren –Zabalgarbin eta Doña Kasilda parkean– heriotzaren berri izan ondoren. Gogoratu duenez, aurten, dagoeneko lau pertsona hil dira Bizkaiko kaleetan, horietatik hiru Bilbon. «Heriotza horiek arazo larri baten izebergaren punta baino ez dira, Bizkaiko bizitoki-bazterketa larriarena, hain zuzen ere, eta egoera hau bereziki kezkagarria da Bilbon», adierazi du Goirizelaiak.
Azaldu dutenez, ia 2.800 pertsona daude etxerik gabe EAEn, eta horietatik erdiak baino gehiago Bizkaian daude eta «badirudi goranzko joera dagoela, batez ere Bilbon».
«Bilbok 350 plaza ditu egoitza baliabideetan, Bizkaiko hiriburuan erregistratutako etxerik gabeko ia 700 pertsonei zerbitzua emateko, eta, beraz, 300 pertsona baino gehiagok kalean egiten dute lo. Horrek erakusten du erakundeak ez direla gai izaten ari bizitzeko etxerik ez duten pertsonak behar bezala artatzeko», gaineratu du Bilboko EH Bilduko bozeramaileak.
Hildakoetako bat Foru Aldundiaren babespean egondako 20 urteko gazte magrebtarra zela gogorarazi du.
Ildo horretan, Aldundiak 2018an abian jarritako ‘gazte estrategia’ kritikatu du EH Bilduk. Horren bidez, kolektibo horri zuzendutako programak sustatu ziren baina, estrategia hori, euren esanetan, «ez da positiboa» izan; izan ere, «gazteek, nahiz eta Aldundiaren tutoretzapean egon, adin nagusitasunera iritsitakoan, zailtasun handiak dituzte egoitza baliabideak lortzeko, eta horietako asko babesik gabe geratzen dira, kalean».
«Ezin dugu ahaztu hainbat gizarte eragilek behin baino gehiagotan ohartarazi dutela zer ondorio izan zitzaketen hiriko hainbat tokitan gaua igarotzen zuten migratzaileak etxetik ateratzeak. EH Bilduk beti esan du Atxuriko, Euskaldunako zubiko edo Salbeko etxerik gabeko gazteak botatzeak, arazoa konpondu beharrean, larritu baino ez zuela egiten, eta hala salatu dugu bai Udalean, bai Batzar Nagusietan», gogorarazi du Goirizelaiak.
Etxerik gabeko pertsonentzako estrategia berria
Egoera horren aurrean, EH Bilduren ustez, bada garaia gogora ekartzeko ‘Etxerik Gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategia’ berri bat onartzeke dagoela oraindik, «egoera horri modu irmo eta integralean aurre egitea ahalbidetuko duten konpromisoak erakusteko aukera bat».
Ildo horretan, Ilardiak adierazi du EH Bilduk EAEko Gobernuarekin negoziatu duela estrategia horretara 8 milioi euro bideratzea, «euskal erakundeen artean egiturazko neurriak hartzea ahalbidetuko duen tresna izan dadin».
«Baina aurrekontu nahikoa izateaz gain, borondate eta ausardia politikoa erakutsi beharko da administrazio publikoak zerbitzu egokiak gara ditzan, inor ez dadin kalean bizi», adierazi du.
Bitartean, EH Bilduk «kaleak hil egiten duela» salatzen jarraituko duela azpimarratu du, eta horregatik bat egingo dute Bilbon deitutako mobilizazioekin.
Mobilizazioak: AZET eta Ongi Etorri Errefuxiatuak
Egun bakar batean gertatutako bi heriotza hauek mobilizazio ezberdinak eragin dituzte. Honela, gaur ostegunean AZET sindikatuak Bilboko Udaletxearen aurrean eraman du bere protesta. «Zuen etekinak, gure hildakoak» zioen pankarta erakutsi dute bertan, eta «pobreon kontrako gerra» amaitzeko aldarrikatu dute.
(AZETen protesta, Udaletxearen aurrean. Argazkia: Monika del Valle | Foku)
Ostiralean Ongi Etorri Errefuxiatuak izango da egoera kalean salatuko duena. Kasu honetan, Bizkaiko Aldundiaren aurrean, 19.00etan hasiko den elkarretaratzearen bitartez.