NAIZ

Larunbatetako ohiko erremonte jaialdiak bueltan dira Galarretan

Astelehenetako Sagardoaren Txapelketako hitzorduak ordu bete aurreratuko dira aste honetatik aurrera eta 18:00etan hasiko dira.

Bada Apezetxea goizuetarra berriro ere ikusteko ikusminik.
Bada Apezetxea goizuetarra berriro ere ikusteko ikusminik. (Maialaren ANDRES/ORIAMENDI)

Aste honetatik aurrera, larunbatetako erremonte jaialdiak bueltan dira Galarretan eta astero hiru partida iragarri dituzte arratsaldeko 16.30etatik aurrera. Itzulera honetako lehen jaialdirako, estelar interesgarri bat iragarri du Oriamendi enpresak.

Ansa II eta Larrañagak, Ezkurra II.a eta Juanenearen aurka jokatuko dute. Gipuzkoarren eta nafarren arteko derbia izango da eta, hasiera batean behintzat, oso parekatua izatea espero da. Estelarra 40 tantora jokatuko da eta lehendabiziko partida eta hirugarrena 35 tantora.

Lehendabiziko lehian Etxarri eta Odei, Urrutia II.a eta Martirenaren kontra ariko dira eta jaialdia Goikoetxea V-Apezetxea, Loitegi-Labaka partidak itxiko du. Bada Apezetxea goizuetarra berriz ere ikusteko ikusminik. Berria txapelketan estreinatu zen eta partida guztiak irabazi zituen, oraindik ez du porrota ezagutzen profesional mailan.

Sagardoaren Txapelketa, 18:00etara aurreratu da

Dena dela, ekainera bitartean astelehenero Sagardoaren Txapelketak jarraituko du,  Erremontari saioaren barruan. Partidak ETB1n 22:30etan eskaintzen diren arren, jaialdia arratsaldean zehar jokatzen da Galarretan. Hernaniarrak eta zale guztiak jaialdira  gonbidatuak daude eta ordu aldaketa izango da etziko jaialdian. Orain arte 19:00etan hasten bazen, aste honetatik aurrea ordubete aurreratu eta 18:00etan hasiko da txapelketako lehenengo partida eta jarraian jokatuko da, 19:15ak aldera, bigarrena. Oraindik ez dira iragarri hirugarren jardunaldiko bi partidak.