Marcel Pena

Poliziaren bortizkeriak kolpatutakoen testigantza, Ernaik Bilbon antolatu duen mahai-inguruan

Gazteak, langileak, feministak edo pertsona migratuak... Guztiek jasan dituzte, nolabait, «bortizkeria eta muntai polizialak», ostegun honetan Ernai gazte antolakundeak antolatu duen mahai-inguruan azaldu duten bezala.

Karen Brunel, Ritxard Campos, Ane Sainz-Espiga eta Begoña Garaikoetxea izan dira parte-hartzaileak.
Karen Brunel, Ritxard Campos, Ane Sainz-Espiga eta Begoña Garaikoetxea izan dira parte-hartzaileak. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Ernai gazte antolakundeak ‘Borrek ezkutatzen dutena’ mahaingurua antolatu du ostegun honetan Bilbon, ekainaren 15ean Ernaiko 7 kidek izango duten epaiketaren harira martxan jarritako ‘Ez gaituzue geldituko!’ dinamikaren barruan.

Bilboko La Bolsa eraikinean egin den mahai-inguruan «bortizkeria eta muntai polizialak jasandako» hainbat kolektibotako kideak batu dira: Ritxard Campos Otaola Tubacexeko langilea, Karen Brunel Saldias SOS Arrazakeriako kidea, Begoña Garaikoetxea Diaz Iruñerriko Mugimendu Feministako kidea eta Ane Sainz-Espiga Ernaiko gazte auziperatua izan dira, hain zuzen, beren kasuen berri eman dutenak.

Camposek azaldu duenez, 236 egunez luzatu zen Tubacexeko grebaren kasuan, hainbat indarkeria mota izan dira, «enpresa-errepresiotik» hasita. «Enpresak murrizketak eta 150 kaleratze proposatu zituen Aiaraldean kalitatezko lana suntsitzeko asmoz, berez langabezia-tasa handia duen eskualde batean. Eta gero haiek sortutako aldi baterako laneko enpresen bidez gu azpikontratatzen saiatu ziren», salatu du.

Ondoren, Tubacexeko langileak «boterearen hedabide guztiek» eragindako «errepresio mediatikoa» kritikatu du, eta piketeetan sortutako borroka kriminalizatzen saiatu zirela gogoratu du. Aiaraldeko gazteek kontrainformazioarekin gogor egin zioten aurre errepresio horri, eta esker ona adierazteko aprobetxatu du. Azkenik, Ertzaintzak pikete eta langileen aurka erabili zuen errepresio fisikoa aipatu du Camposek.

Bere aldetik, Karen Brunelek SOS Arrakeriaren kide gisa duen ikuspuntua eskaini du. Bere esperientziatik abiatuta, azaldu du pertsona migratuek «bi begirada» dituztela polizia-indarkeriaren inguruan. Lehenengoa, dio, ez dutela «polizia-indarkeria zuzena» jasaten, «pertsona arrazializatuek» egindako ekimen gehienak antolatzen baitituzte. «Horregatik, arreta handiagoa jartzen zaie ekintza horietan parte hartzen duten pertsonei, talde ahula baita. Poliziari aurre egiteak ondorio ugari ditu beraien bizitzan, legezkoak nahiz ekonomikoak», zehaztu du.

Beste begirada, SOS Arrazakeria Bizkaiak jasotzen dituen salaketetan «etengabe» ikusten duena, «polizia-jarduera arrazista»ren ondorioa da: «Atxiloketak eraso fisiko, psikologiko eta botere-abusuz beteta daude, besteak beste».

Espetxe-zigorrak eta isunak

Bere kasuan, Begoña Garaikoetxeak gogora ekarri du Fiskaltzak 15 hilabeteko espetxe-zigorra eskatzen ziola 2021eko martxoaren 8ko mobilizazioetan atxilotu zuten Iruñerriko Mugimendu Feministako kide bati, «agintearen aurkako atentatua» leporatuz.

Mugimendutik ulertzen dute jazotakoa horrela jazo zela «emakumeak ginelako» eta Poliziaren «maskulinitatea mindu» zutelako. «Uste dugu atxiloketa horrekin beldurtu egin nahi gaituztela, eta esan nahi zutela ‘begira zer gerta daitekeen antolatzen bazarete, kontuz ibili, zigortu ahal zaituztegu’. Ez da emakume bakar bat epaitzen, baizik eta mugimendu feminista osoa», argudiatu du.

Azkenik, Ane Sainz-Espigak euskal gazteen aurkako indarkeria salatu du, espetxe-zigorretatik hasita isun ekonomikoetaraino. Hain zuzen ere, azaldu du 2021eko maiatzaren 7an Bilbon atxilotutako zazpi pertsonei, orotara, 17 hilabeteko kartzela-zigorrak eta 21.000 euro isun eta kalte-ordainak eskatzen zazkiela.

«Momentu honetan, prozesu judizial batean sartuta gaude, hiru delituen baitan: lesioen, desordena publikoen eta agintearen aurkako atentatuen delitua. Eta delitu horiek egozteko daukaten froga bakarra da agenteen hitza. Gu gara gezur hori desmontatu beharra daukagunak, frogak aurkeztuz; haiek ez dute justifikatzeko beharra egiazkotasun-presuntzioa baitaukate», esan du Ernaiko kideak prozesuari buruz.

Ekainaren 15ean epaituko dituzten Ernaiko kideak iazko maiatzaren 7an atxilotu zituzten. Egun hartan, gazte antolakundeak ‘Larrialdi egoeran gaude’ mobilizazioak antolatu zituen, pandemiak gazteriaren egoera larriagotu duela salatzeko.

Amaiaerna, Ertzaintzak gazteen kontra kargatu zuen eta zazpi kide atxilotu zituen. Horietatik bi ospitalean artatu behar izan zituzten, Poliziak eragindako lesioengatik.