Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Garaipena da Amorebietaren aukera bakarra

Urdinek Huesca hartuko dute Lezaman irabazteko beharrarekin. Porrot batek Bigarren Mailara bidali dezake talde bizkaitarra.

Hiru garaipen jarraian ospatu ditu Amorebietak Lezaman.
Hiru garaipen jarraian ospatu ditu Amorebietak Lezaman. (SD Amorebieta)

Oso amaiera desberdinak izan ditzake asteburuak Amorebietarentzat. Bere helburutik urrats txiki batera gera daiteke talde urdina; egoera konplikatu liezaioke desabantaila mantenduz baina jardunaldi bat gutxiagorekin edo zuzenean Bigarren Mailara jaitsi daiteke. Lehena lortzeko eta azkena saihesteko, garaipena du aukera bakarra. Malagatik eta Sportingetik hiru puntura heldu da 40. jardunaldira. Larunbat honetan Huesca gainditzen badu (14.00, Movistar+), gutxienez distantzia berarekin ekingo die Ligako azken bi partidei baina galduz gero, Sportingek puntu bakarra beharko du aldea erabatekoa bilakatzeko, golen aldea bere alde baitauka; Malaga, bere aldetik, garaipen batekin urdinentzat harrapaezina izango litzateke.

«Finala da», onartu du Haritz Mujikak. «Eta lehen minututik ikusi behar da Amorebietak zer daukan jokoan. Mentalitate horrekin gaude eta jokalariek plus bat emango dutelakoan nago, hiru puntuak etxean geratzeko». Gero aurkarien emaitzek alde jaustea ere espero du, «bi puntura jartzeko, ia denboraldi osoan lortu ez duguna». «Baina lehenbizi irabazi egin behar dugu. Hiru partidak irabazi behar ditugu baina lehendabizi, hau», azpimarratu du.

Motibazio horrek taldea lagunduko duela uste du baina bere konfiantzak jokalariek azken aldi honetan erakusten ari direnean du oinarri nagusia, batez ere Lezaman. Hiru garaipen jarraian lortu dute han eta Mujikak ildo berari eutsiko diotela espero du. «Etxean azken aldi honetan egin dugunari eutsiko diogula espero dut. Hasieratik jokoa menderatzen, goian lapurtzen, aukerak sortzen. Eta sartzen. Azkar aurreratzen bagara lasaiago arituko gara baina, beti ere, aurrean kalitate handiko aurkaria izango dugula ahaztu barik. Ez dute ezer jokoan baina berdin-berdin jokatu dezakete ondo eta golak sartu», gogoratu du.

Mujikak aldaketak egingo omen ditu hamaikakoan. Larraren itzulera Aldalurren ordez ziurtzat jo daiteke eta zalantzan dago, berriz, Santamariarena. Atezaina errekuperatu da baina baliteke, are gehiago Marinok Almerian zein partida ona egin zuen ikusita, Mujikak astebete gehiago atzeratzea bere buelta, berriz min hartzeko arriskurik ez izateko.

Huesca izango dute aurkari bizkaitarrek. Patxadaz aritu daitekeela pentsa liteke, sailkapenean dagoeneko ez baitauka inolako ardurarik, baina bere entrenatzaileak abisua bidali du bidaiatu aurretik. «Partida gogorra izango da Amorebietak asko duelako jokoan eta irabazi nahiko duelako baina aurkariei asko kostatzen zaie gu irabaztea. Hamazazpi partidatan utzi dugu atea hutsean eta zenbaki hori handitu nahi dugu», aurreratu du Xisco Muñozek.

Eta ez du gezurrik esan. Huescaren lehen itzuli eskasak azkar utzi zuen taldea igoeraren ilusioarik gabe eta jaitsiera postuetik oso gertu kokatu zen. Azken hilabeteotan, ordea, talde fidagarria bilakatzea lortu du gutxienez. Ez du erraz irabazten –hiru garaipen azken zortzi jardunaldietan– baina garaipenak ere ez ditu oparitzen –porrot bakarra tarte horretan–.

AMOREBIETA
Hasierako hamaikakoa: Marino; Larra, Oscar Gil, Nolaskoain, Irazabal, Andoni Lopez; Javi Ros, San Jose, Alvaro Peña; Obi eta Guruzeta.

HUESCA
Hasierako hamaikakoa: Andres Fernandez; Ratiu, Insua, Ignasi Miquel, Florian Miguel, Marc Mateu; Timor, Mosquera, Seoane; Escriche eta Gerard Valentin.
Deialdia: San Roman, Hugo Anglada, Juan Carlos, Mikel Rico, Joaquin Muñoz, Ferreiro, Cristian Salvador, Pablo Martnez, Lombardo, Pol Prats, Poveda eta Gaich.

Epailea: Arcediano Monescillo (Gaztela-Mantxa)
Zelaia: Lezama.
Ordua: 14.00 (Movistar+).