Joseba Iturria
Periodista deportivo. Real Sociedad y ciclismo
Entrevista
Usoa Ostolaza
Laboral Kutxa taldeko txirrindularia

«Maila handiko txirrindulariekin lehiatzea irakaspen handia da; gure maila igotzen joango da»

24 urteko zarauztarra Itzulian parte hartzeko irrikaz dago. 2020ra arte triatloian aritu zen baina, lesioak tarteko, igeri eta korrika egiteari utzi zion, eta txirrindularitzak eman zion kirolaz gozatzeko aukera. Iaztik Laboral Kutxarekin UCI mailan lehiatzen dabil, maila polita ematen.

Usoa Ostolaza, lasterketa bat hasi aurretik.
Usoa Ostolaza, lasterketa bat hasi aurretik. (LABORAL KUTXA / NAIKE)

Iraupen-kirolaria denez, lasterketa gogorrenetan eta itzulietan bere maila erakusten ari da. Aurreko astean 29. bukatu zuen Andaluziako Itzulian eta asteartean, 20. Irurtzunen, World Tourreko txirrindulariekin lehian. Onenekin aritzeak hobetzeko aukera eman dio.

Berezia izango da lehenengo Itzulian parte hartzea?

Bai, noski. Niretzat oso berezia da etxeko errepideetan parte hartzea. Gainera, jakinda lehenengo Emakumezkoen Itzulia dela. Jende ezaguna egongo da errepide bazterretan eta motibazio gehigarri bat.

Zure ibilbidea ere berezia da. Sorbaldan eta orkatilan izan zenituen lesioek triatloitik apartatuta hasi zinen. Txirrindularitzat ala triatletatzat duzu zeure burua?

14 urterekin hasi nintzen triatloietan eta duatloietan parte hartzen. 2020an, konfinamenduaren ostean, lesioak izan nituen oinean eta sorbaldan. Sorbaldan ebakuntza egin zidaten eta geroztik ezin izan dut igeri egin minik sentitu gabe. Lesioen ondorioz, lasterketen grina horri eutsi nion txirrindularitzarekin. Momentu egokia iruditu zitzaidan lasterketa batzuetan parte hartzeko eta, hirutan lehiatu ondoren, iaz Laboral Kutxarekin txirrindularitza ezagutzeko aukera izan nuen. Biak naizela esango nuke, baina gaur-gaurkoz txirrindulari moduan ikusten dut neure burua gehiago.

Txirrindularitzak kirolaz gozatzeko aukera eman dizu.

Triatloia hiru kirolek osatzen dutenez, oraindik aukera daukazu kirolen bati eusteko, hortik motibazioa ateratzeko eta aukera egokia iruditu zitzaidan. Azkenean, denak dauka bere alde ona, gauzak zerbaitegatik gertatzen direla esaten dute eta oso gustura nago.

Laboral Kutxarekin goi mailako lasterketetan aritu zara bi urte hauetan eta lehenengo 20-30 postuetan sailkatu zara World Tourreko taldeekin...

Zortea izan nuen lehendabiziko urtetik goi-mailako lasterketetan lehiatzeko aukera izateagatik. Ez nekien nola ibiliko nintzen. Nire lehenengo urtea zen pelotoian eta mugitzeko orduan zailtasunekin ikusten nintzen, triatloiko lasterketek ez daukatelako zerikusirik. Txirrindularitzako teknika alor hori ikasi beharra neukan. Alde horretatik, maila handiko lasterketetan hobeto ikusten naiz jendeak oso ondo kontrolatzen duelako bizikleta. Aurten egutegi hobea daukagu eta asko ari gara gozatzen.

Gainera, zu iraupen-kirolaria zara eta itzulietan eta proba gogorrenetan, asteartean Irurtzunen bezala, hobeto ari zara.

Triatloian gazteagoa nintzenean, kadete eta junior mailan, distantzia txikiagoak egiten nituen, baina triatloiko azkenengo bi urteetan distantzia luzeetan zentratu nintzen eta ironman erdiko probak prestatzen nituen; eta bai, esango nuke erresistentzia dela nire puntu indartsuena.

Iaz Espainiako duatloi txapelketa irabazi zenuen Sorian, ia bi urte korrika egin gabe eman ondoren.

Niretzat aurreko bi urteak oso gogorrak izan dira lesioen aldetik; oso momentu txarrak eduki ditut. Ni beti triatleta sentitu naiz berez, asko gustatzen zait, eta ezin nintzen lehiatu, ezta entrenatu ere gustatzen zaidan kirol horretan. Eta txirrindularitza urtea bukatu eta gero, Soriarako bi hilabete falta zirenean entrenatzailearekin hitz egin nuen eta erabaki genuen korrika egiten hasiko nintzela, probatzeko. Nahiko ondo sentitzen nintzen eta proba hori prestatzen hasi nintzen. Minik gabe iritsi nintzen eta asko gozatu nuen.

Eta Itzulian gozatzeko gogoa ere izango duzu.

Noski, guztiz. Lasterketa oso garratzitsua dator; egunetik egunera gogo handiagoa dugu. Talde bezala gero eta hobeto funtzionatzen ari gara, maila hobetzen ari da, bai taldean baita nirea ere, eta oso motibatuta gaude.

Zein izan daiteke helburua?

Taldearentzat ahal den maila handiena ematea, lasterketak maila altuak izateaz gain, gure etxekoak dira. Jakinda sekulako maila dagoela, errealistak izanda, zaila izango dugu ihesaldietan sartzea. Ihesaldi batean sartzea sekulakoa izango litzateke eta hori izango da helburu bat.

Aurten UCI mailako egutegia asko handitu da zuentzat.

Urtez urte egutegi hobea izaten ari gara. Adibidez, Emakumezkoen Itzulia aurten egingo da lehen aldiz; maila handiko lasterketak dira eta hor egoteak asko ematen digu. Ikasketa handia da guretzat. Maila handiko txirrindulariekin lehiatzea irakaspen handia da eta, horrela, gure maila gutxika-gutxika igo egingo da.

Gainera, taldeak zu UCI lasterketa guztietara eraman zaitu...

Aurten bai. Burgosera ez gara joango, baina Itzuliaren ondoren, asteartean, Durango-Durango ere badugu. Gero Espainiako Kopako probak datoz eta Euskaldun Txapelketakoak ere etorriko dira. Bai, maiatzean hilabete potentea daukagu.