NAIZ

Larunbateko ‘Euskara Aurrera’ manifestazioa «zabala» izateko deia egin dute antolatzaileek

Larunbat honetan, 17:30etik aurrera, Donostiako Antiguako tuneletik abiatuko den mobilizazioa «zabala» eta «askotarikoa» izatea nahi dute antolatzaileek. Ehunka herritarren, eragileen eta norbanakoen babesa jaso dute dagoeneko.

‘Euskara Aurrera’ egitasmoa Donostian aurkeztu zuten, eta atxikimendu ugari bildu zituen.
‘Euskara Aurrera’ egitasmoa Donostian aurkeztu zuten, eta atxikimendu ugari bildu zituen. (Maialen ANDRES | FOKU)

Ehunka herritarrek eta euskalgintzako zein beste esparru batzuetako dozenaka gizarte-eragilek bat egin dute ‘Euskara Aurrera’ lelopean larunbatean egingo den nazio-manifestazioarekin.

17:30etik aurrera Donostiako Antiguako tuneletik abiatuko den mobilizazio hau «denona da, denontzako, etorkizuna euskaraz irudikatzen dugun guztiona: euskaldun berri eta zaharrena, gazte eta helduena, euskaltzale peto-petoena, hizkuntza ikasteko aukera izan ez dutenena... azken batean euskarak aurrera egitea merezi duela uste duten guztiguztiena», azaldu dute antolatzaileek ohar batean, eta horiei guztiei larunbatean Donostiako kaleak betetzeko gonbita egin diete.

Manifestazioa zabala eta askotarikoa izatea nahi dute. Horregatik, parte hartuko duten herritar eta norbanakoei dei egin diete euskararen aldarriak eramateko, nahierara. Bakoitzak nahi duen formatu eta euskarrian: pankartak, kamixetak, banderolak...

Euskarak «makalalditik irten behar du»

«Euskarak bizi duen makalalditik irten» behar duela nabarmendu dute antolatzaileek eta, orain dela hamarkada batzuk hilzorian zegoela gogoratu dute. «Guztion artean emaniko hauspoak berriz bizitu zuen, ezinezkoa bazirudien ere», gaineratu dute. 

Halere, euskara normalizatzea lortu ez dela uste dute, eta azken urteotan euskalduntze prozesuan «geldialdia» sumatu dutela. «Batetik, ez dute etenik euskararen aurkako erabaki politiko eta judizialek, eta horrek ez du aurrera egin dezan laguntzen. Bestetik, interkomunikatuta bizi garen garai ezegonkor hauetan kokatu nahian eta ezinean ari da gure hizkuntza, gero eta lausoago, pandemian ikusi dugun moduan», esan dute.

Euskarak aurrera egin dezan egoerari aurre egin eta instituzioen eta gizarte zibilaren arteko akordio berria behar dulela uste dute, finean, herri bultzada berri bat behar duela. 

«Aurrera egin behar dugu euskaraz bizi nahia egingarri egiteko, euskaldun gisa bizi ahal izateko, Euskal Herri euskalduna izateko, hizkuntzen, hizkuntza-komunitateen eta herrien berdintasunean oinarritutako munduari gure ekarpena egiteko, guztion hizkuntza eskubideak errespetatzeko, euskara herri kohesiorako zuntza izateko, eta, finean, euskara normalizatzeko», azpimarratu dute.

Atxikimenduak

Gazte Euskaltzaleen Sareko kide batzuek abiatutako abentura honen helburua zen manifestazioa guztiona izatea, «etorkizuna euskaraz irudikatzen dugun guztiona». Eta hein handi batean, lortu da helburu hori, manifestazioa bere egin baitute hainbat eragile eta norbanakok.

Aurkezpen prentsaurrekoan honako hauek izan zirerela gogoratu dute: Oinatz Bengoetxea (pilotaria), Yogurinha Borova (trabesti eta kulturekintzailea), Lorea Agirre (Jakin aldizkariko zuzendaria), Sua Enparantza (aktorea), Joanmari Larrarte (Elkarekoa) eta Oier Sanjurjo (Osasunako futbolaria).

Orduz geroztik, atxikimenduak eta babesak biderkatu egin dira eta sare sozialetan hainbat ezagunen atxikimenduak ikusi ditugu. Adibidez: Itziar Ituño (aktorea); Gaizka Garitano (Eibar FTko entrenatzailea); Athletic FTko nesken taldeko zenbait jokalari; Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak; Bixintxo Bilbao (pilotaria); Edurne Azkarate (aktorea); Maider Zabalegi (musikaria); Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia (aktoreak); Olatz Salvador (abeslaria); Omar Diop (aktorea); Liher musika taldea; Eneko Sagardoy (aktorea); Nerea Ibarzabal (bertsolaria); Kukai dantza konpainia eta Pello Reparaz (musikaria).