Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevista
Unai Irigarai
Euskara Aurrera manifestazioaren partaide eta deitzailea

«Balioak berreskuratzea dagokigu»

Unai Irigarai Auritzeko gaztearentzat «aldaketa sakona eta latza» izan zen NUPera heltzean dena euskaraz ikastetik gaztelaniaz ikastera pasatu behar izatea. Eremu erdaldun hori euskalduntzeko borrokan ibili da Euskara Taldean eta sekulako altxorrekin amaituko du karrera.

Unai Irigarai, Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Unai Irigarai, Nafarroako Unibertsitate Publikoan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Auritzekoa da Unai Irigarai eta Soziologia ikasi du Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Iruñean. Karrerako azken azterketatik atera berri harrapatu dugu, pozik. Kontatu digunez, beti euskaraz ikastetik unibertsitatean dena gaztelaniaz egitera pasatzea «aldaketa oso sakona eta latza» izan zen. «Orduan ikasle mugimenduan hasi nintzen, batez ere Euskara Taldean, zuzenki jotzen gintuen gaia zelako».

«Militantzia horrek naizenaren zati handi bat eman dit, ikaste prozesu oso handi bat izan da. Gure hizkuntzaren borrokak eta Euskal Herri osoko jendea ezagutzeko aukera eman dit. Bizitzaren ikuspegi zabalago bat. Une batzuetan gogorra da eremu erdaldun batean halako borroka bat aitzinera eramatea; gehiengo handi batek paso egiten duela ikusten duzu, baina komunitate baten parte sentitzen zara eta hori oso garrantzitsua da gure borrokarako eta bizitzan izango ditugun erronkei aurre egiteko. Altxor bat da».


«Eremu erdaldun batean Euskara Taldean aritzea etsigarria izan daiteke, baina komunitateak babesa ematen dizu, militantzian eta bizitzan» 

 

Horra Irigaraik Donostiara eramanen duen mezua: «Aunitzetan gazteoi euskararen etorkizuna kolokan egotea egotzi digute, eta gurea baino belaunaldi zaharragoei erranen nieke lekuan leku egiten ari garen lana izugarrizkoa dela eta euskararen egoera edo borroka kolokan dagoela azken hamarkadetan ez direlako euskaldun izatearen eta euskal kulturaren balioak transmititu. Hemendik aurrera gure egitekoa da balio horiek berreskuratu eta inguruan komunitate sendo bat sortzea».

Kanpaldi arrakastatsua

NUPeko Euskara Taldeak bi helburu dituela azaldu digu: euskarazko ikasketak bultzatzea, urtez urte kreditu gehiago lortuz, eta eremu erdaldun batean komunitate euskalduna batzea kulturaren bidez. Ikasturte honetako kanpaldia izan da beren ekitaldien artean oihartzunik handiena izan duena.

«Pandemiak ia gure ekintza guztiak murriztera eraman gintuen, eta euskaraz ikasteko zailtasunak planteatzea eta alternatiba bat eraikitzea garrantzizko ikusi genuen. Barnera begira, ikasleen artean erreferentzia bat irabaztea lortu genuen. Bertze helburu bat zen NUP publikoa denez borroka hori Nafarroa mailakoa izatera pasatzea eta horrekin ere pozik gelditu ginen. Bertze xede batzuk ez genituen lortu. Euskara plan berri bat aurkeztu dute, baina ez du euskara zintzoki lantzen eta ez du ahalmenik betearazia izateko. Guk egitura juridiko bat eskatzen dugu euskara lantzeko, eta hainbat fakultatetako irakasleek ere beharrezko ikusten dute hori, bestela etorkizunean egoera berean edo okerragoan egonen gara, euskara ez dagoelako babestua».