NAIZ

Euskal gazteen ia %80k larrialdi klimatikoan gaudela deritzo

Gazteen Euskal Behatokiak burututako inkesta baten emaitzen arabera, EAEko gazteen % 78,7k larrialdi klimatikoan gaudela uste du. Egoerari aurre egiteko, gazteen % 80,8k egungo hazkundean oinarritutako eredu ekonomikoa birplanteatu behar dela deritzo.

Muskizeko findegia ke beltza igortzen, artxiboko irudia.
Muskizeko findegia ke beltza igortzen, artxiboko irudia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Gazteen Euskal Behatokiak larunbat honetan argitaratu duen ‘Klima-aldaketa, energia-trantsizioa eta Garapen Jasangarrirako Helburuak’ inkestaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 15 eta 30 urte bitarteko gazteen % 78,7k larrialdi klimatikoan gaudela sostengatzen du. Era berean, krisi klimatikoari aurre egiteko, inkestatuen % 80,8k baieztatu du «egungo hazkundean oinarritutako eredu ekonomikoa birplanteatzea» beharrezkoa dela.

Hori horrela, gazte gehienek klima-aldaketari buruz pentsatzen dutenean, batez ere, ezintasuna eta haserrea sentitzen dute: gazteen % 50,2k eta % 45,4k dituzte sentimendu horiek, hurrenez hurren.

Era berean, inkestatuak nahiko banatuta daude erakundeek finantzatu beharko lituzketen aferen inguruan. Gazteen erdiak uste du erakundeentzat klima-aldaketaren kontrako borroka «lehentasunezkoa» izan behar dela eta, bestetik, galdetutakoen % 44,1aren aburuz, klima-aldaketa garrantzitsua den arren, une honetan beste lehentasun batzuk daude EAEn.

Gazte gehienek, % 74,6k, energia-trantsizioaren berri izan dute eta Europako Itun Berdeari buruz ere entzun dute, % 55,7k; alabaina, gehienek ez dute itun horretako helburu nagusietako bat, 2050 urterako berotegi-efektuko gasen emisio garbia zero izatea, betetzea posiblea izango denik. Zehazki, Behatokiak inkestaren bidez jakinarazi duenez, gazteen % 68,6k ituna seguruenik beteko ez dela uste du.

Energia berriztagarriei dagokienez, gazteen % 54,2k nahiago du energia berriztagarrien bidez eskuratutako elektrizitatea kontsumitzea, garestiagoa izan arren. Aldiz, gazteen % 37,8k ez luke energia berriztagarririk erabiliko horrek argindarraren faktura garestituko balu. Nolanahi ere, hamar gaztetik zortzik (% 83,3) energia berriztagarrien instalazio bat etxetik gertu edukitzeko prest egongo lirateke.

Ingurumena zaintzeko jokabideak

Hori horrela, galdeketari erantzun dioten 3.000 gazteen gehiengoak, % 82, 6k, uste du ingurumenari buruzko aferek asko edo nahiko eragiten diola bere egunerokotasunean, eta, ondorioz, ingurumena zaintzeari lotutako portaerak dituztela normalean.

Dena den, gazte gehienek erosketak egiterakoan poltsa etxetik eramatea eta zaborra birziklatzeko bereiztea nabarmendu dituzte portaera ekologista ohikoenen artean. Berogailuaren erabilera murriztearen kasuan, esaterako, murrizketarako arrazoi nagusia fakturaren prezioa izango litzateke, eta ez ingurumenaren inguruko kontzientzia.

Ingurumena zaintzeko zenbait jokabide hartzeko prestasunari dagokionez, inkestatu gehienek plastikoen kontsumoa murrizteko edo 3 kilometro baino gutxiagoko hiri-ibilbideetan oinez edo bizikletaz joateko «oso prest» daudela aitortu dute. Hala ere, gazte gehienek, % 82k, uko egingo lioke Internet bidezko erosketak murrizteari edo, hurbiltasuna dela-eta, garestiagoak diren erosketak egiteari.