NAIZ

Pantaila handira heldu da ‘Bi arnas’ eta nazioartean ere zabaldu nahi dute

Iratxe Sorzabalen kasua oinarri hartuta torturari sakonki begiratzen dion lana da ‘Bi arnas’. Dokumentala igande arratsalde honetan estreinatu dute bere herrian, Irunen, eta orain zabaltzeko erronka dator.

‘Bi arnas’ dokumentalaren egileetako batzuk, Irunen eginiko aurkezpenean.
‘Bi arnas’ dokumentalaren egileetako batzuk, Irunen eginiko aurkezpenean. (Andoni Canellada | Foku)

Irungo Amaia Kultur Gunean ikusgai izan dute lehenbiziko aldiz jende artean ‘Bi arnas’ dokumentala, igande arratsalde honetan. NAIZek jada aurreratu duenez, Iratxe Sorzabalek 2001. urtean jasandako torturak ditu hizpide, baina ez hori bakarrik. Sorzabal eta bere ama Mari Nieves Diazen arteko harremana kontatzen du; izan ere, lan hau egin arte ezin izan dute jasandako krudelkeriaz hitz bat ere elkar trukatu. Alabak ez dio amari kontatu nahi izan, minik ez eragiteko, eta amak ez dio alabari galdetu nahi izan, arrazoi beragatik.

Tortura adierazteko zailtasunez mintzo da, beraz, ‘Bi arnas’. Ohiko gauza eta erabat ulergarria dela nabarmentzen du dokumentalean horren beste biktima batek; Nekane Txapartegik. Eta Iratxe Sorzabalen kasuaren gogortasunaren berri ematen dute bi adituk, ondo ezagutzen baitute gertatutakoa: Serge Portelli epaile frantsesa eta Paco Etxeberria forentse donostiarra.

Iratxe Sorzabalen lekukotasuna ere badakar lanak, jakina. Hiru modutara jasoa; lehenik, 2001. urtean aske gelditu ostean eman zuen elkarrizketa baten grabaketak argia ikusi du orain, zeinean jasandakoaren inguruko zehaztapenak ematen dituen; bigarrenik, Auzitegi Nazionalean izandako epaiketan, oihartzun handia izan zuen testigantza emanez; eta hirugarrenik, hau orain arte agertu gabea, antzerki egitasmo batean, non torturak barruan eragin zizkion sentimenduen berri ematen duen.

Azken hau bere amak deskubritzen du dokumentalean, eta ondorioz lehenbiziko aldiz torturari buruzko solasaldi bat gertatzen da ama eta alabaren artean, zeharkakoa bada ere.

Zergatiak eta hemendik aurrerakoak

Irungo aurkezpenean lanaren nondik norako batzuk azaldu dituzte egileek. Kima Arzuagak aste honetan Naiz Irratian adierazi duenez, «egindako lanarekin pozik eta harro gelditu gara. Torturatuek sufritutakoari bozgoragailua jarri nahi genion, baita beren senideek jasan dutenari ere. Izan ere, senideei askotan ez zaie sufritutako kalbario hori kontatzen, elkar babesteko. Tortura kontatzeko beste modu bat izan zitekeela pentsatu genuen».

Eta hemendik aurrera zer? Hauxe aurreratu zuen Kima Arzuagak elkarrizketan: «Euskal Herri osoan herriz herri ibiltzea da asmoa, gure indarren arabera, hau lagunen arteko produkzio bat baita, ez dugu banatzailerik».

Euskal Herritik kanpo hedatzeko urratsak ere eman dituzte: «Madrilen eta Katalunian kontaktuak dauzkagu, eta gero Estatu frantsesean, Suitzan saretxo bat egin dugu, Alemanian… Hor ibiliko gara, gora eta behera. Bost-sei hizkuntzatara azpititulatua dugu ‘Bi arnas’».