Duela urte batzuk orduko errekorra modan jarri zen balentria bat izan zen. Euskal Herrian jarraitu beharreko ekimena zen, gehienbat Miguel Indurain edota Abraham Olanok saiakera eta errekorrak lortu baitzituzten. Bada, astelehen honetatik aurrera, Ellen Van Dijkek (Harmelen, 35 urte) marka berri bat ezarri du emakumezkoetan Grencheneko belodromoan (Suitza) egindako saiakeran. Marka berria hauxe da: 49,254 km.
Txirrindulari herbeheretarrak 2021eko irailaren 30etik Joscelin Lowdenek zuen marka (48,405 km) hobetu du. «Jende askok ez du Lowden ezagutuko, baina bere errekorra ez da erraza hausteko. Asko errespetatzen dut. Beti esan izan dut egunen batean egin nahi nuela, Trek-Segafredo taldearekin sinatu nuen egunean ere», adierazi zuen Van Dijkek atarikoan marka berria ezarri aurretik.
Van Dijken balentriak kuttu euskalduna ere izan duela esan genezake. Izan ere, bere ondoan, aholkuak ematen, Josu Larrazabal bizkaitar prestatzaile fisiko eta kirol zuzendaria aritu baita. «Erlupekotik oso ezberdina da. Ordu batean marra lodi beltz bat besterik ez duzu ikusten. Benetan desafio bat da. Asko eztabaidatu genuen taldeko sikologiarekin, Elizabetta Borgia», azaldu zuen egun batzuk lehenago Van Dijkek.
Erlojupekoan Europako eta bi aldiz munduko txapeldun izandakoak pistako txirrindularitza egin zuen hasieran. 2008an scratcheko mundu txapelketa irabazi zuen eta iragan irailean, Brujasen (Belgika) eta bere lehen titulua eta zortzi urtetara, ostadarreko maillota eskuratu zuen erlojupekoan. 30,3 kilometroko ibilbidea batez beste 50,3 kilometro orduko abiadurarekin egin zuen.
Datorren abuztuaren 23 edo 24ean, Filippo Gannak (Ineos) errekor berria ezarri nahi du gizonezkoetan gaur bertan Van Dijkek lortutako markaren belodromo berean. Italiarrak Victor Campenaertsek (Lotto Soudal) due marka hautsi nahi du: 55,089 kilometro.