NAIZ

31 urte eta erdi preso eman ondoren aske da Xistor Haranburu

Eskumuturreko elektronikoa kendu diote Xistor Haranburu lapurtarrari, Etxeratek asteazken honetan jakinarazi duenez, eta honekin guztiz aske gelditu da, kontrol judiziala gaindituta.

Haranburu, haren senideekin Lannemezanetik atera zenean, 2020. urteko azaroan
Haranburu, haren senideekin Lannemezanetik atera zenean, 2020. urteko azaroan (NAIZ)

Kalean zegoen jada 2020. urteko bukaeratik, baina orain esan daiteke benetan libre dela Frederic «Xistor» Haranburu. Eskumuturreko telematikoa kendu diote eta baldintzapeko askatasuna lortu du. Atzean, hiru hamarkada baino gehiago preso, Etxeratek gogoratu duenez, biziarteko zigorra ezarrita.

Epaitegiak baldintza zorrotzak ezarri zizkion kartzelatik behingoz atera ahal izateko, 2020ko azaroan. Haien artean, eskumuturreko elektronikoa eraman behar zuen eta zortzi urteko segurtasun epea bete behar zuen.

1997. urtean Parisen egin zioten auzian biziarteko kartzela zigorra jasan zuen presoak.

1990ko apirilaren 2an lehergailuz beteriko autoa zeramala atzeman zuten Unai Parot Sevillan (Andaluzia). Handik egun batzuetara, apirilaren 4 eta 5 artean, 16 bat herritar atzeman zituzten Ipar Euskal Herrian. Horien artean ETAren ‘Argala’ taldeko hiru kide atxilotu zituen Polizia frantsesak: ‘Xistor’ Haranburu, Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot.

Gainerako hiruek espetxean segitzen dute oraindik eta beraiek askatzeko aldarria ez da eten, pasa den ostiralean Baionako Auzitegian argi gelditu zenez.

12 urteko atzerapena

Epaiari erreparaturik Haranburuk 2008. urteaz geroztik baldintzapeko askatasuna eskuratzeko eskubidea bazuen.

Alta, 12 urteetan frantziar epaileek behin eta berriro ukatu zioten, kontrol judizialpean bazen ere, etxera bueltatzeko aukera. 2020ko azaroan baimendu zuten azkenean eta orain aske da.