NAIZ

Xabi Alonsok ez du Sanseko entrenatzaile karguan segiko denboraldia amaitu orduko

Joan zen denboraldian Realeko bigarren taldea Bigarren Mailara erdietsi ostean, aurten ezin izan du tolosarrak bere lantalde gaztea «zilarrezko kategorian» mantendu. Hala ere, klub donostiarrak esker oneko hitzak eskaini dizkio entrenatzaile gipuzkoarrari.

Xabi Alonso, Anoetako neurketa bat bertatik bertara jarraitzen.
Xabi Alonso, Anoetako neurketa bat bertatik bertara jarraitzen. (Jon URBE / FOKU)

Futboleko Bigarren Mailari dagokion 2021/22 denboraldia oraindik ez da amaitu, baina Xabi Alonso, Sanseko entrenatzaileak badaki ostiral gauean Zaragozaren aurka zuzenduko duela bere azken partida Realaren bigarren taldearekin. Klub txuri-urdinak prentsa oharra bidali du asteazken honetan eta bertan entrenatzaile tolosarrak «2021/22 denboraldia amaitzen denean Realeko kide izateari lagako» diola iragarri du.

2019an iritsi zen Zubietara Xabi Alonso, Sanseko entrenatzaile lanetara, bere jokalari ibilbidea amaitu eta gero. Hala, 2020/21 denboraldian Realeko bigarren taldea Bigarren mailara igotzea lortu zuen, «lorpen historikoa», Realak berak agurreko prentsa oharrean adierazi duen moduan.

«Jokalarien hobekuntzan egindako lana» eskertu nahi izan du klub donostiarrak entrenatzaile gipuzkoarraren agurra, nahiz eta ezin izan duen aurten Sanse «zilarrezko kategorian» mantendu.

Dena dela, «hiru urte hauetan erakutsi duen lanerako grina, esfortzua eta konpromezua» eskertu dizkio Realak Xabi Alonsori, klub txuri-urdina utzi bezperetan.

Ikusteko dago orain tolosarraren etorkizuna, baina badirudi gorengo mailan lekuren bat izango duela; non da kontua, alabaina. Izan ere, Lehenengo Mailako taldeak ez ezik, Inglaterrako eta Alemaniako talde zenbaitek ere beragatik galdetu omen dute.