Urtebeteko lana borobilduz, Bidasoko Komandantzia Militarraren inguruko aldizkari monografikoa plazaratu du Bidasoko elkarte memorialistak, Kepa Ordokik. Koldo Salinas Aragon eta Peli Lekuona Arruabarrena kideek nabarmendu dutenez, Euskal Herri mailako auzi bat da, faxistak Gernika bonbardatzen ari ziren bitartean, atzeguardian bete-betean ari zelako lanean Frankistek Behe Bidasoan ezarritako Ententea, «lasaitasun eta inpunitate osoz».
Aldizkaria hagitz mamitsua da, serie bat osa daiteke jasotzen dituen hamaika istorioekin. Eta, Salinasek adierazi duenez, urte bakarrean gertatu ziren kontatzen diren jazoera guztiak, 1937an. Irun «kontzentrazio esparru bat zen», «nahiz eta inork ez duen horretaz hitz egiten». «Hori da arazoa. Tipula bat bezala da, kapak kentzen joaten zara eta gutxien esperotako lekuetan agertzen da informazioa».
«Ez dugu inor epaitzen. Gure asmoa da argitara ateratzea, eta zeozer pedagogikoa izatea», argitu du artxiboak arakatzen ibili den lagunak. Ez da lan erraza izan dokumentu ugari erre egiten zirelako.
«Irunek 10 urteko gerra bizi izan zuen. Ahaztu egiten zaigu», azpimarratu du. Hirugarren Reicheko naziak 1934an iritsi ziren bertara. Eta Katalunia okupatu arte Irungo Avenida zubia izan zen Frankisten Europako ate bakarra.
Ofizialki, kontrola; estraofizialki, atentatuak eta espioitza
Komandantzia izeneko erakunde militarrean Europako mugimendu totalitarioak elkartzen ziren. Ofizialki, muga kontrolatzen zuten; estraofizialki, atentatuak egin. Lekuonak agertu duenez, isiltasunaren araua ezarri zuten matxinatuek eta gerora ezagutu da Komandantzia. Horren adibide da gaur egungo Iparralde kaleko 26. zenbakiko etxeari argazkiak ateratzeko debekua. Orain eskola bat dago Komandantzia zegoen lekuan.
Etxeak soto bat zeukan eta bertan jendea torturatzen zuten. Paco Perez Lusarreta Gernika Batailoiko gudariak, 2018an zendu zenak, kontatzen zuen Meliton Manzanasek torturatu zuela soto hartan.
Komandanteak
Irun eta Hondarribiko ardura militarrak zein mugako zuzendaritza Julian Troncoso komandanteak bateratu zituen. Eragin handia izan zuen SIM (Servicio de Información Militar) antolakundean. Komandantziako ‘sekzio berezia’ edo ‘Legión Negra’ sortu zuen. Talde honek Ipar Euskal Herrian hainbat sabotaje gauzatu eta ontzi errepublikanoak bahitu zituen. Hala ere, C-2 urpekoaren bahiketa saiakeran harrapatu zuten. Ondorioz, hainbat hilabetez atxilotua egon zen Frantzian, eta Komandantziatik kargugabetu zuten.
Troncoso espetxean zegoela, Luis Ochotorena Sanchez kapitainak hartu zituen komandantziako ardurak. Eta, ondotik, Antonio Sanz Aguerok. Zeresan handia izan zuen errefuxiatuen itzuleran. Ochotorena bigarren aldiz izan zen Bidasoko komandante militarra, eta aldi honetan jazo zen Ipar Euskal Herriko kostaren okupazio nazia. Berak egin zien harrera Irungo Avenida Zubian.
Gero Julio Ortegak hartu zuen kargua, 31 urtez. Kontatzen dutenez, bi aldeekin jolasten zen: naziekin harreman onak izan zituen eta gero, aliatuekin ere bai. Ohorezko legioa ere ezarri zioten.
Sarrera, Kontrola eta ‘aberriratzeak’
Estatu kolpearen ondorioz, Irungo biztanleria 18.000 pertsonatatik 6.000 murriztu zen. Erregimen berriaren lehen hilabeteetan 2.000 pertsona inguru itzuli ziren, Comisión de Admisión del Puente erakundearen baimenarekin. Guadalupeko hainbat preso ohik kudeatzen zuten antolakundearen funtzioa itzuli nahi zuten pertsonen «jokabide politikoa aztertzea», fitxak sortzea eta sarrera onartzea edo ukatzea zen. Hainbatetan «purgatoriora» bidaltzen zituzten erbesteratuak, Hendaiara edo bestelako gune batera, denbora jakin batean muga igaro ezinik mantenduz.
Pertsonen sailkapena Behe Bidasoko erbesteratuen kontrol politiko eta ideologikoan oinarritzen zen, Bidasoako Komandantzia Militarraren oinarrien baitan. Horretarako, JAP, Falange, Junta Carlista, Polizia edo elizako ordezkariek kontrolatu beharreko pertsonei buruzko dokumentu laburrak idazten zituzten, Estatu kolpearekiko jarrera zein Fronte Popularrarekin izandako harremana deskribatuz.
Comisión de Admisión del Puenteren erabakiaren arabera, Avenida zubia zeharkatzen zuten pertsonak kontzentrazio gune ezberdinetara bideratzen zituzten: Erregimen berriarekiko atxikimendua justifikatuz gero, Hondarribiko Mirentxu kasinora eta Nuestra Señora del Pilar egoitzara. Bertatik igaro zen, besteak beste, Josemaria Escriva de Balaguer, Opus Deiren sortzailea.
Instalazio horiek helburu bikoitza zuten. Erbestetik etorritako pertsonak galdekatuz, Frankistek errefuxiatuei buruzko informazioa eskuratzen zuten.
Kasino Mirentxuko DIDREM erakundeko langileek 84.756 fitxa pertsonal egin zituzten.
Kontzentrazio esparruak
Latzagoa zen «iruzurrezko» erbesteratu izendapena jaso eta Irungo kontzentrazio esparruen sisteman barneratzea. Sailkapen mota honen ondorioa zen Pequeña Velocidad edo Hilaturas Ferroviarias pabiloietan barneratua izatea. Bertan atxiloturiko pertsonak San
Pedro de Cardeña, La Magdalena edo Miranda de Ebroko kontzentrazio esparruetara bidaltzen zituzten. Gutxienez, 3971 pertsona igaro ziren Pequeña Velocidad esparrutik.
Maëlle Maugendre historialariaren arabera, 98.000 pertsona igaro ziren mugatik, 1938ko maiatza eta 1939ko otsaila artean. Esparru hau da, gaur egun, kontzentrazio esparruetatik zutik jarraitzen duen eraikin bakarra. Behobiako pabiloiak, Stadium Gal futbol zelaia eta Irungo espetxea ere kontzentrazio esparru gisa baliatu ziren.
Heldu den ekainaren 2an, Irungo Udal Liburutegian aurkeztuko dute ‘Komandantzia’ aldizkaria Koldo Salinas eta Peli Lekuonak. 500 ale argitaratu dituzte eta bertan eskuratzeko aukera izanen da. Horretaz gain, elkartearekin harremanetan jarrita ere lor daiteke aldizkari monografikoa (kepaordokimhb.eus).