NAIZ

Luis Garcia Plaza, gogotsu baina zuhur Alavesekin Bigarren Mailako aro berria hasteko

Alaveseko entrenatzaile berria «pozik eta gogotsu» agertu da bere lehendabiziko prentsaurrekoan. «Niregatik balitz, gaur bertan hasiko nintzateke entrenatzen», adierazi du. Nolanahi ere, Bigarren Mailan dagoen exijentziaz ohartarazi nahi izan du eta zuhurtziaz hitz egin du.

Luis Garcia Plaza, Mendizorrotzako prentsa aretoan.
Luis Garcia Plaza, Mendizorrotzako prentsa aretoan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Jakina da Alavesen helburu nagusia lehen baitlehen gorengo mailara igotzea izango dela baina helburu hori ez da lortzen egun batetik bestera, are gutxiago Bigarren Mailan. Aurrekontu altuenetakoa izango duen taldea izango da babazorroena baina horrek ez du esan nahi zuzenean Lehen Mailara itzularaziko dionik.

Hari horretatik jo du Luis Garcia Plaza entrenatzaile berriak Mendizorrotzan eman duen lehendabiziko prentsaurrekoan. «Ilusioz eta gogotsu» dagoela onartu du eta beragatik balitz, «gaur bertan entrenatzen hasiko» zirela. Klubak eskaini dion proiektuarekin liluratuta eman du baiezkoa, berak onartu duen legez.

Raul Gallego (analista), Felix Vicente (prestatzaile fisikoa) eta Pedro Rostoll-ek (entrenatzaile-laguntzailea) lagunduta hasiko du aro berria Alavesen. Hiruak madrildarraren konfiantzazko teknikariak dira, bere azken taldeetan alboan izan dituenak, alegia.

«Gure ahalmen guztiak jarriko ditugu lana egiteko eta proiektu bat eraikitzeko, gauzak egiteko gure modua eraikitzeko eta jendea gurekin identifikatuta sentiarazteko», azaldu du madrildarrak.

Gogotik egin beharko dute lan, bai udaran eta baita denboraldi-aurrean ere. Oraindik argitzeke dago zein jokalarik jarraituko duten eta zeintzuk etorriko diren –entrenatzaile berriaren nortasuna goiz iragartzeak taldearen osaeran zeresana izan dezake–. Adierazi du egun lehen taldea osatzen duten jokalariekin, banan-banan, hitz egin nahi duela eta bere ideiak plazaratu: «Talde lehiakor bat nahi dut, partidaren bila hasieratik doana».

Jokatzeko bere ideiei dagokionez, arerioaren zelaian denbora asko igarotzen duen taldea izatea gustatzen zaio eta egoerara moldatzen dakiena, hainbat alor menperatuko dituena: «Kamaleonikoa naiz, partidaren egoera bakoitzera moldatzen jakin behar dugu baina, era berean, jokatzeko modu propio bat ere eraiki behar dugu».

«Besteak baino gehiago garela pentsatzen badugu, oker gabiltza», ohartarazi du. Izan ere, jakitun da Bigarren Maila nolako exijentea den eta «hankak lurrean» izan behar dituztela nabarmendu du: «Etxea azpitik eraiki behar dugu». 

Itxaropen faltsuak eraikitzearen aurkako agertu da baina, nolanahi ere, azpimarratu du «onenen artean» egon behar duela Alavesek. «Lehiakortasun handia» dagoela eta dagoeneko 79 puntu egiten dituen talderik ez dagoela jakinarazi du. «Mantentzea errazagoa da igotzea baino», gehitu du.