Maitane ALDANONDO

«Saririk garrantzitsuena bezeroak ematen dizu»

Industriako kalitate kontroletan pieza metalikoak alferrik ez galtzeko ikuskatze teknologia bat garatu du Linq «start-up» donostiarrak. Finantzaketa erronda bat itxi du martxoan, bazkide berriak gehituz, eta hilabete hasieran EAEko Emprende XXI saria jaso du.

Linqcase Industrial Solutions-ek lau urteko ibilbidea osatuko du udazkenean. Egun, hamabi laguneko lantaldea du eta lau bazkide berri gehitu zaizkie ekintzaileei.
Linqcase Industrial Solutions-ek lau urteko ibilbidea osatuko du udazkenean. Egun, hamabi laguneko lantaldea du eta lau bazkide berri gehitu zaizkie ekintzaileei. (LINQ)

Ikerketa zentroek landutako teknologia asko ez da industriara iristen eta azken urrats horretan aukera bat topatu zuten Javier Perez eta Alberto Vaqueriza donostiarrek, Angel Iglesia bilbotarrak eta Ibon Iribarren errenteriarrak. Elkarrekin lan egiten zuten makina-erreminta enpresa batean; batez ere, automobilgintzarako. Puntako sektorea izanda ere, kalitate kontroletan hutsune asko atzeman zituzten. Ceit ikerketa-zentroak piezak puskatu beharrik gabe ikuskatzeko landutako zenbait prozesu garatzea erabaki zuten, fabriketan erabilgarri egiteko. Hala, erakunde horrekin batera, 2018ko urrian, Linq sozietate mugatua eratu zuten Donostian –oraintsu Astigarragara eraman dute enpresa– bi arloen arteko «katebegi» izateko asmoz.

Apurtu beharrik ez izateko, pieza mekanikoak magnetizatu egin dituztela azaldu du Iribarrenek, hala, seinale bat itzultzen baitute. Azterketa txiki bat egin eta modelo matematiko bat garatzen dute, sentsoreen edo makinaren barruan doana. Seinale magnetikoa irakurri eta propietate mekanikoekin korrelazioan jarrita ondorioztatzen dute ale ona edo txarra den edo mugan dagoen. Abantailen artean, kostuaz eta zaborren murrizketaz gain, segundotan aztertzen dutela dago, ekoizpena gelditu beharrik gabe. Gainera, ekoizpen lerroan atzerago dagoen prozesu bat kontrolatzeko erabil daiteke.

Beste lan ildo bat ere badute, intralogistikako gabeziei erantzuteko eta ekoizpen lerroaren eraginkortasuna areagotzeko. Horretarako, makina eta robot autonomoak konektatzen dituzte ekoizpena gelditu baino lehen behar izango dituzten erreminta edo materialak jaso ditzaten. Robotek makinek une oro bidalitako datuak irakurri eta aurrea hartzen dute.
Hasieratik bezeroekin lan egin dute; izan ere, Iribarrenek azaldu duenez, «arazoa zein den asmatzen saiatu nahi baduzu, normalean gauza asko ahaztu edo ez dituzu ondo ulertzen». Lehen salmenta garrantzitsua 2020an egin zuten eta iaz lehen inspekzio makinarena. Estatuan, Europa mendebaldean, AEBetan eta Mexikon dituzte bezeroak. Automoziora begira hasi baziren ere, aukera gero eta zabalagoa da: siderurgia, etxetresna elektrikoak... Produktu osoen ekoizleak (OEM) diren enpresez gain, lehen mailako hornitzaileak direnekin (Tier 1) lanean hasi dira. Bezero handiengana jo nahi dute, haiek produktua balioztatu eta euren hornitzaileei halako sistemak sartzea eska diezaieten.

Etorkizunera begira, helburuetako bat teknologia «demokratizatzea» da; alegia, hirugarren batek barneratu ahal izatea Linq-en sentsoreak bere makina edo lantegietan. «Gure lorpen handiena izango litzateke sentsoreak eta know-howa [funtsezko ezagutza] saldu eta beste batzuek egitea makina», zehaztu du zuzendari nagusiak. Lehen pausoa, makinez gain, sentsoreak edo buruak saltzea izango da. Horretarako, ordea, presentzia digitalak garrantzi handia duenez, 2023an arlo horretan «salto handia» egitea espero dute. Halaber, beste merkatu batzuetara ere jo beharko dute, Txinara kasu, baina oraindik ez daudela prest uste dute, «igual bi urte barru, bai».

Hilabete hasieran La Caixaren Emprende XXI saria irabazi du Linq-ek EAEn, iaz finalista izan ondoren. Antolatzaileek animatu zituzten berriz aurkeztera eta erakusteko eboluzio bat bazutela jabetuta, pausoa eman zuten, baina ez zuten irabazterik espero. «Saririk garrantzitsuena bezeroak ematen dizu; hori eztabaidaezina da», onartu du Iribarrenek. Hala ere, ikusgarritasuna eta taldeari animoak emateko balio izan die. 6.000 euro, formakuntza eta Inversors Day-n parte hartu eta kontaktuak egiteko aukera izango dute. Une honetan ez dute inbertsiorik behar, erronka berriei aurre egin ahal izateko 1,24 milioi euroko erronda itxi baitzuten, bazkide gisa gehituz Clave Capital funtsa, Radar Ventures, CDTI innvierte programaren bidez eta EIT manufacturing.

Atzera begira ekitea «pauso oso logikoa» iruditzen zaio Iribarreni. Aurreko enpresan barne ekintzailetza kontuetan aritu zen eta lana utzi zuenean, nahi zuena hori zela pentsatu zuen, nahiz eta proiektua gero heldu. Une on eta txarrez betetako bidea dela dio, «ziurgabetasuna» kudeatzen jakin behar dela, eta, asko gozatzen ari bada ere, ekitea ez dela mundu guztiarentzat. Inoiz urratsa lehenago egin behar zuela pentsatu du, «baina orain dakidana eta dudan pairamena ez neuzkan». Bidean erakundeengandik jaso duten laguntza eskertu du. «Batzuek pila bat eman digute eta ematen ari zaizkigu. Ez dirua bakarrik, baita ere kontaktuak, berotasuna...». Horien artean dira Spri, BIC Gipuzkoa eta Donostiako Sustapena.