NAIZ

Gipuzkoako metalgintzan sexu diskriminazioaren aurkako neurriak eskatu dizkio LABek Adegiri

Gipuzkoako metalgintzan lan egiten duten emakumeek jasaten dituzten sexuan oinarritutako diskriminazioak gainditzeko neurriak adostu eta bete ditzala eskatu dio LAB sindikatuak Adegiri. Berdintasunerako batzordean proposatutako protokolo lotesleari uko egin zion patronalak.

Gipuzkoako metalgintzako LABeko emakumeek sexu diskriminazioaren aurkako neurriak onartu eta adostu ditzan eskatu diote Adegiri.
Gipuzkoako metalgintzako LABeko emakumeek sexu diskriminazioaren aurkako neurriak onartu eta adostu ditzan eskatu diote Adegiri. (Andoni CANELLADA | FOKU)

LABek Gipuzkoako metalgintzan sexuan oinarritutako diskriminazioak gainditzeko neurriak adostu eta bete ditzala eskatu dio Adegiri. Berdintasun batzordean proposatutako protokoloa adostea onartu zuen enpresaburuen elkarteak baina uko egin zion loteslea izateari, sindikatuak Gipuzkoako patronalaren egoitzaren aurrean egindako mobilizazioan salatu duenez.

Sindikatuak azaldu duenez, Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziazioa hasi zenean, sektore horretako emakumeen egoera hobetzea aldarrikatu zuten. Besteak beste, parte-hartze eskasa, bertara iristeko zailtasuna, bereizketa horizontal eta bertikal «argia» eta soldata arrakala jasaten dutela salatu zuen.

Hori dela eta, langile eta enpresen aldetik osatutako herrialde mailako berdintasun batzorde bat sortzeko proposamena egin zuten, diskriminazioaren aurkako neurriak «beharrezkoak» zirelakoan. Proposamena onartu, hitzarmena sinatu eta batzordea martxan jarri zen.

Horrela, batzordearen barruan egindako proposamenen artean Gipuzkoako metalgintzaren egungo egoerari buruzko genero ikuspegia duen diagnostiko bat egitea planteatu zuen LABek. Bestalde, sexu jazarpenaren, sexu arrazoiengatiko jazarpenaren eta sexu identitateagatiko jazarpenaren aurkako protokolo bat proposatu zuten.

«Berdintasun plana duten enpresa askok protokolo horiek eduki baititzakete ere, hori ez da enpresa txikien kasua», diote LAB sindikatutik. Hain zuzen, indarkeria maxistaren prebentzioa lantzeko eta, jazarpen kasuren bat gertatuz gero, erasotuak babesteko prozedura eraginkorrik ez dagoela salatzen dute.

Sindikatuak egindako diagnostikoaren arabera, Gipuzkoako metalgintzako sektorean lantokien %70ak protokolorik ez duela onartu du. Daukatenen kasuan, langileen ezagutza maila ez da %20ra iristen.

Hala ere, Adegik uko egin zion loteslea zen protokolorik adosteari, eta protokolo bat egitea proposatu zuen soilik, «enpresentzat inspirazio iturri izan zitekeena», baina haiek betetzera behartuak egongo ez zirena, LABek dioenaren arabera.

LABen ustez, Adegik berdintasunaren arloan duen jarrera «onartezina» da eta dei egin dio gaia berriro landu eta loteslea izango den protokolo bat adosteko negoziaketari ekitera. Bide batez, Emakunderi zen Foru Aldundiari bilerak eskatuko dizkiela iragarri du, haien inplikazioa eskatzeko.

Irailetik aurrera, Gipuzkoako metalgintzako lantoki guztietan indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloak adosteko eta dauden lekuetan hauek berrikusteko eta langileen artean ezagutzera emateko eskaerak erregistratuko ditu sindikatuak, Gipuzkoako metalgintzako sektorean indarkeria matxistaren aurka «urrats sendoak» emateko asmoz.