NAIZ

Bono Denda kanpainak beste 640.000 bonu kaleratuko ditu

Lakuak iragarri duenez, Bono Dendaren hirugarren edizioak 640.000 bonu jarriko ditu salgai ekainaren 2tik uztailaren 3ra bitartean. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako deskontu bonuen kanpainak 6,4 milioiko aurrekontua izango du.

Aurreko edizio batean Bono Denda kanpainara batutako dendetako bat.
Aurreko edizio batean Bono Denda kanpainara batutako dendetako bat. (Marisol RAMIREZ | ARGAZKI PRESS)

Lakuak asteazken honetan aurreratu duenez, ostegun honetan abiatuko da Bono Denda kanpainaren hirugarren edizioa. Hori horrela, ostegunetik aurrera 640.000 mila deskontu bonu jarriko dituzte salgai Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 4.400 establezimendutan kontsumitzeko. Edizio honek 6,4 milioi euroko aurrekontua izango du. Izan ere, atxikitako udal eta aldundiek 1,4 milioi euro gehitu dizkie Lakuak jarritako 5 milioiei. Bonuak uztailaren 3ra arte egongo dira salgai.

Lakuako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua den Javier Hurtadok azaldu duenez, Bono Dendaren hirugarren edizioa merkataritzari laguntzeko ahaleginean kokatzen da, «zailtasun handiko une hauetan»: «Digitalizazioari, kontsumo-ohituren aldaketei eta ordaintzeko modu berriei aurre egiten ari zitzaien erronkei pandemia bat gehitu zaie, eta, orain, Ukrainaren inbasioa, prezioei eta kostuei eragin diena eta produktu batzuen kontsumoa atzeratu duena».

Testuinguru honetan, Lakuak argitu du «aparteko funtsetatik 20 milioi euro» bideratuko dituela tokiko merkataritzara, 15 milioi zuzeneko laguntzetan eta 5 milioi kontsumorako bonuetan. Gainerako 1,4 milioi euroak, ostera, atxikitako erakundeek gaineratu dituzte.

Hala, Hurtadok, kanpainari egindako ekarpen ekonomikoagatik, eskerrak eman dizkie Gasteiz, Arrasate, Derio, Gueñes, Hondarribia, Lekeitio, Portugalete, Santurtzi, Urretxu eta Zumarragako udalei eta baita Araba eta Bizkaiko aldundiei ere: «Merkataritza-bonua indartzeko garrantzitsua delako, bere saltokiei baliabide eta bonu gehiago ematen laguntzen dielako eta, beraz, bere lurraldeetako hiri-ekonomia bultzatzen laguntzen duelako».

Maider Etxebarriak, Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak, berriz, herritarrei kanpainan parte hartzeko gonbita luzatu die: «Dei egiten diegu herritarrei tokiko merkataritzaren alde egin dezaten, gurearen alde, betikoaren alde, gure kaleei bizia ematen dienaren alde, eta irauli egin den saltokiaren alde, Euskadi Bono Dendaren edizio berri honetan parte hartzeko».

10 euroko deskontua

Lakuaren esplikazioen arabera, bonuaren funtzionamendua aurreko edizioetakoaren antzekoa izango da, «10 euroko deskontuak 30 eurotik gorako erosketetan, %30eko deskontua erosketetan eta 16 urtetik gorako pertsona bakoitzak 5 bonu izango ditu tokiko zerbitzu eta merkataritzako establezimenduetan trukatzeko».

Kontsumitzaileak, aldez aurretik, euskadibonodenda.eus webgunean informazioa jasotzeko aukera izango du, bere ohiko establezimenduetatik programara zeintzuk atxiki diren egiaztatzeko. Hala ere, saltokian bertan zintzilik eta ikusgai egongo dira atxikipen-kartelak.