Entrevista
Janbattitt Dirassar
Kazetaria, idazlea eta Ziburuko Liburu eta Disko Azokan omendua

«Euskara Iparraldean bizirik bada, ezagutu nituen pertsona batzuei esker da»

‘Herria’ aldizkarian 18 urterekin hasi zen, 67 urte geroago, zuzendari eta presidente izan ondoren, astero kolaboratzen jarraitzen du. Bere ibilbidean Ipar Euskal Herrian euskararen alde borrokatu diren pertsonekin egin du lan, bereziki kazetari gisa. Ziburuko Azokan omenaldia eskainiko diote.

Janbattitt Dirassar larunbatean omenduko dute Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan.
Janbattitt Dirassar larunbatean omenduko dute Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan. (PATXI BELTZAIZ)

Hiru ediziotan oihartzun handia lortu duen Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka larunbat honetan egingo da herriko plazan. Euskal kulturako artista ezagun asko hurbilduko dira Lapurdiko kostaldeko herrira.

Ziburukoa ez da egiten dizuten lehen omenaldia.
Sarako Idazleen Biltzarrean, eta ‘Sud Ouest’en ere egin zidaten. Plazera da omenaldia jasotzea, nahiz eta dakidan beste batzuek merezimendu handiagoa luketela.

Kazetaritzaren bidetik hasi zinen idazten.
Jean Hiriart-Urrutik irakatsi zidan idazten, nire bigarren kusina zen; horrela hasi nintzen ‘Herria’n. Hemezortzi urte nituen; beraz, duela 67 urte hasi nintzen. Pilotaren saila atxikitzen nuen. Laguntzaile izan nuen Piarres Xarriton, eta erran behar da Piarres Larzabalekin ere hasi nintzela irakurtzen eta idazten euskaraz, garai hartan Hazparneko apeza baitzen.

Euskal kulturaren eta euskararen defentsan erreferente izan diren idazleen eta kulturgileen eskutik abiatu zinen.
Bai: Xarriton, Larzabal, Hiriart-Urruti izan ziren gehienik nire maisuak. Denek erraten zidaten gauza bera: edozein gairi buruz behar nuela jakin idazten, eta berriketari batek bere burua ahantzi behar duela idazten duelarik.

‘Herria’ astekariarekin bide luzea egin duzu geroztik.
Bai, laster beste sail batzuei lotzeko. Denbora batez, bizpahiru orrialde egiten nituen. Zuzendari eta presidente izan nintzelarik,  beti oroitzapen onak izan ditut.

‘Herria’ 1945ean sortu zenetik euskararen eta euskal kulturaren erreferentea izan da. Horrela da gaur egun ere?
Horrela izan da hamarkadetan zehar, zeren eta luzaz bakarra izan baita euskaraz. Ez dakit horrela den oraindik; batzuetan entzuten dugu erreferente garela, baina gauzak aldatu egin dira.

Zein euskara ekartzen du ‘Herria’k?                                 
Orokorrak diren artikuluetan behar da batua sartu, gero eta gehiago, baina ez ditugu gutxiesten euskalkiak, herrietako berriak emateko. Atxikitzen ditugu biak.

Garai batean zailtasun handiak izan ziren, batzuk euskarazko prentsaren kontra zirelako. Hori ezagutu duzu?
Beti lagundua izan naiz, baina beti izan da jendea kontra: eskuineko batzuk. Hastean, Piarres Laffite zuzendariak ez zituen denak lagun izan; baziren euskaraz ari zirenak egunero, baina ez zirenak lagun. Enbata mugimenduko abertzaleen kontra, esaterako, Hazparnen zenbat aldiz ez dudan entzun «Enbata zikin horiek». Okerrena zen beti euskaraz ari zirenen artean zela.

‘Basque Eclair’ egunkarian ere aritu zinen.
Gauza xumeak egiten genituen. Garai hartan, jende batzuk gurutzatu nituen hor ere. Esaterako, Marijan Minaberrirekin luzaz ibili nintzen lanean: biziki idazle fina zen, haurrendako istorioak egin zituen, biziki interesgarriak. Oskorrik egin zuen bere omenez kanta bat.

Ipar Euskal Herriko egunkaririk salduena den ‘Sud Ouest’en ere aritu zara luzaz lanean.
Bost urtez Baionan eta hogei urtez Donibane Lohizunen, beti begia atxikiz Hegoaldeko gertakariei, nik beste inork ez baitzekien euskaraz: bazuten ene beharra. Gero heldu ziren Gexan Alfaro eta.

Bertan bidea ireki zenuela erraten ahal da?
Ez dakit. Zenbat aldiz ez dudan entzun zertarako idatzi behar den euskaraz denek badakite frantsesa. Hori ez dugu orain entzuten. Baziren euskaltzale biziki kartsuak: Rogert Idiart, Aita Iratzeder... Horien eragina izugarria izan da; beharrik izan ditugun.

Euskararen alde egin zenuten lana baitezpadakoa izan zen gaur egungo egoera ulertzeko.
Euskara Iparraldean bizirik bada, hor aipatu ditudan pertsona batzuei esker da. Eta badira beste batzuk: Jean Haritschelharrek eragin handia izan du; baliosa izan da Euskaltzainburu izanik. Emile Larre ere, ‘Herria’n luzaz aritu dena, baina baita bertsolariak eta kantariak lagunduz. Eta Monzon ere bai. Baina bada oraindik zer egin.

Euskaltzaindian lehenik urgazle izan zinen eta gero ohorezko euskaltzain egin zaituzte.
Ezin da erran gauza handirik egin dudanik, baina laguntza izan da enetzat, horrek aitzina harrotu nau pixka bat.

Hiru liburu argitaratu dituzu.
Bai, gaztetako oroitzapenak, eleberri bat, eta azkena, saiakera bat

Baduzu proiektu berriren bat etorkizunera begira?
Ez, ez, orain zahartua naiz, eta alfertua. ‘Herria’n eta ‘Sud Ouest’en egiten dut astero artikuluño bat, eta hara. Plazer handiarekin ikusten dut gazte asko badirela bero eta suhar ari direnak. Iruditzen zait aitzinamendua badela.