‘Miñan’ liburua oinarri hartuta, euskara ikasteko materiala denon eskura

Euskara ikasteko materiala eskaintzen duen webgunea aurkeztu dute ostegun honetan Baionan. ‘Miñan’ liburua oinarri hartuta denon eskura dauden ariketak proposatzen ditu Jakinola elkarteak, Guia Pedagogia Ikastegiak eta Aurten Baik sortutako proiektu pedagogikoak.

Baionako Jakinola elkartearen egoitzan izan da egitasmoaren parte-hartzaileen agerraldia.
Baionako Jakinola elkartearen egoitzan izan da egitasmoaren parte-hartzaileen agerraldia. (BOB EDME)

Euskararen, literaturaren eta ‘Miñan’ liburuaren oinarrizko filosofiaren ezagutza elkarrekin garatu nahi duen mugaz gaindiko proiektu pedagogikoa eman da ezagutzea ekainaren 2 honetan Baionan. Euskararen lurraldean hedatzen den egitasmoa izanik finantzaketa Euroeskualdearen eskutik heldu da, Euskararen Erakunde Publikoarenaren eta Lakuako Gobernuarenarekin batera. Lapurdiko hiriburuko Jakinola elkarteak, Zornotzako Barnetegiak eta Nafarroako Guia Pedagogia Ikastegiak garatu dute egitasmoa.

Amets Arzallusek eta Ibrahima Baldek egin liburuko hamaika kapitulu era errazean aurkezten dira webgunean, eta horrekin batera jorratutakoari buruzko ariketak euskara lantzeko. Aldi berean, euskarazko literaturaren mundura irekitzeko ate gisara erabili nahi dute, irakurterraza delako.

«‘Miñan’ mugak ezabatzen dituen proiektu bat dela agerrarazi nahi dugu. Lehenik, pular hizkuntzan bizitako istorioa da, Ibrahimak Ametsi frantsesez kontatua izan dena eta euskaraz idatzia delako, baina baita ere mugek oztopatu duten pertsona baten istorioa delako, mugaz gaindiko partaidetza baten ondorio dena, eta Euskal Herri osoko ikasleek erabiliko dutena», baieztatu du Jakinola elkarteko Oriane Ayestaranek egitasmoaren partaideen hitzak laburbilduz.

Materiala

Bideoak ere egin dituzte material erakargarria osatzeko, non Arzallusek testuak irakurtzen dituen, eta Mai Dufauk egindako irudiek esandakoa ilustratzen duten. Kapitulu horien bitartez liburuaren haria segitu daiteke.

Materiala denei irekia da, norbanakoek baliatu dezakete, bai eta euskaltegietan, edo beste hezkuntza zentroetan. Horretarako irakasleentzako doodle plataforma bat ere sortu dute; hori eskuratzeko Jakinola elkartearekin edo Zornotzako Barnetegiarekin eman behar da harremanetan.

Webgunean kapitulu bakoitzaren ondoren lau eremu lantzeko ariketak daude, lexikoa, gramatika, ulermena, eta bukatzeko, lexikoari eta gramatikari buruz ikasitakoak aplikatzeko idazmena. Autozuzenketaren bitartez, euskal burbuila digitala sortu nahi dutela azpimarratu du Jakinolako kideak.

Ideia horrekin bat egin du Zornotzako Barnetegiko zuzendaria den Maribi Zubiagak: «Guk inguru euskalduna eskaintzen dugu, baina hori izateko aukera ez daukatenek teknologia berriak erabilita lortu dezakete. Inguru fisikoan ez bada, behintzat Internet bidez».

Euskal Herri osoa

Euskarak eskualde ezberdinetan dituen berezitasunak errespetatuz, elkar ulermena sustatzeko tresna gisa ere erabili nahi dutela nabarmendu du Zubillagak: «Euskalkien arteko mugak handiak dira, zorionez elkar ulertzeko gero eta zailtasun gutxiago ditugu, eta euskal komunitatea indartzeko».

Egitasmoa joan den irailean abiatu zen, Jakinola beste bi eragileekin eman zen harremanetan, eta bakoitzak bere ekarpena egin zuen Euroeskualdeko proiektua izan zedin, hori dela eta eremu administratibo ezberdinetako erakunde publikoen finantzaketa ere jaso dute.

Euskaraz gain literatura lantzeko proiektua ere bada, ahozko hizkera erabiliz irakurterraza da, eta horrek euskara ikasleak euskal literaturaren mundura erakar ditzaketela uste dute proiektuaren parte-hartzaileek. Euskara idatziaren mundura erakartzeko Arzallus eta Balderen liburua oso aproposa iruditu zitzaiela azpimarratu dute.

Migrazioak

Liburuaren hizkuntzaren ezaugarriez gain, gaiak hautaketan izan duen garrantzia ere nabarmendu dute proiektuaren egileek.

«Migranteen gaia hurbila zaigu denoi, mugek sortzen dituzten arazoak azaleratzen dituelako, eta ulerterraza izateak lanketa laguntzen du» baieztatu du Zornotzako Barnetegiko zuzendariak.

Zentzu horretan material pedagogikoa ez dela soilik euskara ikasteko nabarmendu nahi izan du Zubillagak, bigarren mailako hezkuntza zentro anitzetan ere irakurtzen den liburua baita, besteekiko errespetua azalarazten duelako, eta irakasleek beraiek proposatzen dituzten baliabideak erabili ditzaketela nabarmendu du.