GAUR8

Hildako soldadu errusiar gehienak gazteak, pobreak eta gutxiengo etnikoetakoak dira

Ukrainako gerratik at ere betidanik eta oro har sumatu izan den fenomenoa da. Gerran hil diren Errusiako soldaduen artean gehiengoa gazteak, pobreak eta Kaukasokoak, gehienbat Dagestanekoak, eta Erdialdeko Siberiakoak, kalmukiarrak batez ere.

1.350 soldadu hil direla onartu du Moskuk orain arte.
1.350 soldadu hil direla onartu du Moskuk orain arte.

Hildako soldadu errusiarren kopurua ezkutuan gordetzen du Moskuk. Baina jakina da asko oso gazteak direla, jaioterriz herrialde erraldoian dauden eskualde pobreenetakoak direla eta gutxiengo etnikoek proportzioz presentzia handia dutela. Hori diote, behintzat, adituek.

Kremlinek ez du gaurkotu bere baja militarren balantzea pasa den martxoaren 25etik. Orduan, Ukrainako inbasioari ekin zionetik hilabete bat eta egun bat igaro zenean, soldaduen artean 1.351 hildako izan zirela onartu zuen.

Baina ordutik hona ia beste bi hilabete igaro dira eta liskarrek gora egin dute. Ukrainako Gobernuak 30.300etik gora soldadu errusiar hil dituela aldarrikatu du, baina Mendebaldeko aditu militarrek eurek ere gehiegikeriatzat jotzen dute. Hala ere, ziur daude Errusiak berak bere bajak gutxietsi egiten dituela.

«Baliteke Errusiak izan dituen galerak otsailean inbasioan konprometitu zituen lurreko tropen herena izatea», ziurtatu du egun hauetan Britainia Handiko Defentsa Ministerioak; hau da, 50.000 soldadu hil edo zauritu direla esan nahiko luke horrek.

Hiru zauritutatik bat hilda

Hiru zauritutatik hildako baten ratioa –Moskuk berak iragarri zuena– onartuz gero, 12.500 lirateke hiru hilabeteotan hildako soldadu errusiarrak. Kopuru hori zuzena dela ziurtatuko balitz, ez legoke Afganistango inbasioan (1979-1989) Armada Gorriak ofizialki galdu zituen 15.000 soldaduetatik urrun. Porrot hark izugarrizko trauma eragin zuen orduko gizarte sobietarrean.

«Legezko gudan hil diren gure armakideen aurrean belaunikatzen gara», adierazi zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak nazien aurkako 1945. urteko garaipena urtero aldarrikatzen duen maiatzaren 9ko ekitaldian egin zieten omenaldian.

Galera gaindiezina

Mediazona webgune errusiarzaleak, bere aldetik, gerran maiatzaren 6ra arteko epean 2.099 soldadu errusiar hil direla plazaratu du; hori bai, onartutako iturrien datuei jarraituz. Komunikabide horren arabera, gehienak 21-23 urte bitartekoak ziren. Eta 74k ez zuten 20 urte beteta. Gehienak Errusia hegoaldetik iritsitakoak ziren, batez ere Ipar Kaukasokoak –gehienbat musulmanak– eta Erdialdeko Siberiakoak.

Proportzioan, aldiz, hildakoen artean gehienek (135) Dagestanen, Ipar Kaukason, zuten jaioterria. Zerrendan bigarrenak (98) buriatiarrak dira –Siberiako Buriatian bizi den gutxiengo mongoliarra–.

Afp agentziak Dmitro aurkitu zuen Zaporizhia Ukraina hegoaldeko hirian, apirilean. Mariupolen setioaren lehen hilabetea bizi izan zuen. Okupatzaileen hiru olatu bizi izan zituztela dio. Iritsi omen ziren lehenak Donbasseko errusiarzaleen miliziak izan ziren. Bigarrenak, buriatiarrak izan ziren, «dena lapurtu zutenak». Azkenak txetxeniarrak izan ziren, kadirovtsi milizianoak, bere benetako izena eman nahi ez duen mediku horren testigantzari jarraituz.

«Errusiako soldadu eta ofizial gehienak herri txikietatik datoz. Horrek hezkuntza, gizarte eta ekonomia arloetan estratifikazioarekin zerikusia du», ohartarazi du Pavel Luzinek, Riddle Russia web-komunikabideko hizlariak.

Izan ere, Armadaren atal horietan zerbitzu militarra egin ahal izateko betebehar gutxiago eskatzen dira. Aitzitik, prestakuntza handiena duten soldaduek eta ofizialak bihurtuko direnek beste batzuk nahiago dituzte, esaterako, «aire edo espazio indarrak, indar balistiko-estrategikoak edo marina»

Esan behar da estratifikazio hori ez dela Errusian soilik gertatzen, mundu osoan baizik, baita Mendebaldeko herrialde garatuenetan ere.

Dagestan

Ipar Kaukasoko Dagestaneko bertako komunikabideetan sarritan agertu dira hildako soldaduen familiartekoek arduradun politikoen aldetik doluminak nola jasotzen dituzten erakusteko irudiak.

Dagestan Errusiako eskualderik txiroenetarikoa da eta 90eko hamarkadan matxinada islamiar bat pairatu zuen. Txetxeniaren ondoan dago.

Kamil Iziiev Buinakski barrutiko arduradunak bideo bat igo zuen Telegramen. Frontean hildako bost soldaduren senideen artean dirua banatzen agertzen zen. «Bizitzen jarraitu behar duzue eta harro egon behar duzue zuen seme-alaben aitek ohorez beren bizitza eman zutelako», esan zieten.

Moskuk ofizialki onartu zuen lehen hildako soldadua Nurmagomed Gadzhimagomedov zen, Dagestanekoa, bere kideak salbatzeko hil zena, iturri ofizialen arabera.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak hilondoko domina eman zion martxoaren 4an eta Errusiako gutxiengo etnikoen papera txalotu zuen orduan. «Errusia moduko herrialde plurinazional eta indartsu baten parte izatearekin, mundu honen parte izatearekin, harro nago», esan zuen Ipar Kaukasoko gerraren hondakinetatik 2000. urtean boterera iritsi zenak.

 

UKRAINAKO ARMADAK GEHIENEZ 3.000 HILDAKO BAINO EZ DITU ONARTZEN

Ukrainak soldaduen artean 2.500- 3.000 hildako baino ez ditu onartzen, Errusiaren inbasioa hasi zenetik dagoeneko hiru hilabete igaro direnean. Hildako zibilen kopurua herrialde osoan 3.930era iristen dela gaineratu dute iturri ofizialek.

Zenbaki hori sinesgaitza da adituentzat. Haien iritziz, litekeena da gerra hasieran baja gutxi izatea, Errusiako Armada Kievera bidean joan zenean defentsa arina egiteko gai zirelako.

Aitzitik, Kremlinek estrategia aldatu eta bere indarrak Ukrainako ekialdean eta hegoaldean bildu zituenetik, egoerak okerrera egin du. Are gehiago, Errusia Donbass guztia eskuratzeko bere artilleria astun indartsua erabiltzen hasi denetik.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak berak onartu du azken asteetan egunero 60-100 soldadu ukrainar hiltzen ari direla. Eta 24 orduan, zaurituak 500 bat izaten direla.

“The Kyiv Independent”-en datuen arabera, zauritutako soldaduak 10.000tik gora lirateke.

Errusiak aspaldi dela eman zituen datu batzuetan 40.000tik gora ukrainar hil edo zauritu direla adierazi zuen. Azkenaldian ez ditu datuak gaurkotu.

“The Kyiv Independent” Ukrainako albiste atariak jaso dituen datuak Fiskaltza Nagusiak eman ditu jakitera eta, hor diotenari jarraituz, bonbardaketetan 234 haur hil dira. Era berean, beste 433 haur zaurituak izan dira.

Hala ere, zenbaki hauek ez direla erabatekoak ohartarazi du Fiskaltzak, ezin izan delako kontaketa zehaztu liskarrek dirauten eremuetan edo Errusiak kontrolpean hartu dituen guneetan.

Gauza bera gertatzen da hildako edo zauritutako zibilekin (4.532). Askozaz gehiago izan daitezkeela ohartarazi du Kievek, zenbatzeko zailtasun handiak dituztelako.