M.A.

Erretzeak ere itsasoa kutsatzen du

Itsasoan era guztietako zaborrak pilatzen dira: tapoiak, botilak, plastikozko poltsak... Ohikoenak, ordea, zigarrokinak dira. Hala dio ingurumenaren babesaren alde diharduen Ocean Conservacy erakundearen txostenak.

Txikiak izanagatik ere, zigarrokinek kutsadura handia eragiten dute.
Txikiak izanagatik ere, zigarrokinek kutsadura handia eragiten dute. (NAIZ)

Txikiak izanagatik ere, kutsadura handia eragiten dute. Zigarrokinek zelulosazko azetosa dute, plastiko mota oso kaltegarria; izan ere, iragazkiek hamarkada bat behar izaten dute mikroplastikoetan deskonposatzeko, eta zatitzean, ura kutsatzen duten ketik xurgatutako substantziak askatzen dituzte: nikotina, artsenikoa, beruna... Zigarrokin bakoitzak 8-10 litro ur gazi eta 50 litro ur geza kutsa ditzake. Hori gutxi balitz bezala, arrainek jaten dituztenean, toxinak kontsumitzen dituzte eta haien urdailean gelditzen dira.

Arazoaren sorburua edozein kostaldetan dago. Horregatik, neurriak tokian tokian hartu behar dira. Hala egin du Donostiako Udalak, uda honi begira abiarazi duen ItsaSOS kanpainarekin. Donostiarrak eta bisitariak ohartaraziko dituzte hiri-hondakinak behar bezala uzteak duen garrantziaz, horiek itsasora hel ez daitezen. Horretarako, munduko beste leku batzuetan bezala, «Itsasoa hemen hasten da. Mesedez, ez bota ezer» dioten kartelak jarriko dituzte estolderia sareen ondoan. Halaber, udan hautsontziak banatu eta ez erretzea gomendatuko dute hondartzetan, baita garbiketa jarduerak antolatu ere.

AZTIk egindako ikerketa baten arabera, Kontxako badiako plastikozko hondakin gehienak itsasotik sartzen dira, baina zigarrokinak dira hondartzako hondakin ugariena: Kontxan bildutakoaren %38 eta Ondarretan jasotakoaren %50 inguru. Izan ere, hondartzetan lurperatu edo pasealekuan botatako zigarrokinak itsasora joaten dira gehienetan.