NAIZ

Oriok eta Arraun Lagunakek irabazi dute Lekeitioko Ikurrina, lehia ikusgarria eskainita

Orio, gizonezkoetan, eta Arraun Lagunak, emakumezkoetan, gailendu dira igande honetan jokatu den Lekeitioko estropadan. Denboraldi-aurreko azken probetako bat izan ohi da eta hogeita hamar trainerutik gora lehiatu dira.

Donostia Arraun Lagunakeko arraunlariak eta teknikariak Lekeitioko Ikurrinarekin.
Donostia Arraun Lagunakeko arraunlariak eta teknikariak Lekeitioko Ikurrinarekin. (@DLAGUNAK)

Giro paregabean lehiatu da igande honetan Lekeitioko Ikurrina. TKE liga eta Euskotren liga hasteko hilabete falta denean, denboraldi-aurreko proba interesgarria izaten da Bizkaiko uretan lehiatzen den hau. Hogeita hamar trainerutik gora lehiatu dira eta onenak Orio, gizonezkoetan, eta Arraun Lagunak, emakumezkoetan, izan dira.

Gizonezkoetan zein emakumezkoetan lehia biziki parekatua izan da, ehuneko gutxiengatik irabazi baitute orioarrek eta donostiarrek. Orio Hondarribia baino 29 ehuneko azkarragoa izan da eta segundo bat eta 62 ehunekora iritsi da Bermeoko ontzia.

Orio, gizonezkoetan garaile, Lekeitioko Ikurrinarekin. (@CRO_OrioaAE)

Ondoren, Donostiarra –pasa den astean Mutrikun nagusitu zena– eta Isuntza –etxean onenen artean lekua egiten– izan dira azkarrenak.

Gainontzean, Getaria, Kaiku, Ondarroa, Zierbena, Santurtzi, San Juan, Zarautz, Arkote, Zumaia, Deusto, San Pedro, Busturialdea, Lapurdi, Mutriku eta Portugalete, orden honetan, burutu da estropada.

Arraun Lagunakeko emakumeek, berriz, Oriokoek baino 31 ehuneko lehenago bukatu dute estropada. Pasa den urtean bi ontzi hauen arteko lehia ikusgarria izan zen eta badirudi aurtengo denboraldian ere antzeko bidetik jarraituko dutela. Donostiarra izan da hirugarren sailkatua, Hondarribia, Tolosaldea, Deusto, Hibaika, Ondarroa, Zumaia eta Portugaleteren aurretik.