Maitane ALDANONDO

Adimen artifiziala edonoren esku jarri nahi du «The Egg» eskola digitalak

Teknologia horretan adituak diren profesionalen eskaria prestatutako langileena baino handiagoa dela ikusita, Skootik enpresak «The Egg» sortu zuen hutsune hori betetzen laguntzeko. Orain eraldatu egin da, bere eskaintza digitalizatu eta mundu osoan zabalduta.

Adimen artifizialari buruzko jakin-mina duen edonori bideratutako ikasketak dira plataformakoak. Ekainaren 15an aurkeztuko dituzte prestatutako edukiak.
Adimen artifizialari buruzko jakin-mina duen edonori bideratutako ikasketak dira plataformakoak. Ekainaren 15an aurkeztuko dituzte prestatutako edukiak. (THE EGG)

Merkatuak adimen artifizialaren inguruan dituen behar batzuk atzemanda, alor horretako Skootik Donostiako enpresak “The Egg” eskola, doakoa eta hibridoa, abian jarri zuen 2019an. Asmoa gai horren ezagutza hedatzen laguntzea zen, teknologia horretan prestatutako profesional gabeziari aurre egiteko. Lehen bi urteetan 1.000 lagunek izena eman zuten, eta haietatik, ehun ikasle hautatu zituzten. Pandemiak, ordea, ideia aldarazi zien. «Erabaki genuen unea zela 100%ean online zen plataforma garatzeko», zehaztu du Skootikeko zuzendari eta “The Egg” egitasmoko sortzaile Unai Martinezek. Ikasleek ikasten jarraitu ahal izateko lehen bertsio erabat digitalizatua prestatu zuten, eta haien iruzkinetan oinarrituta, moldatu eta, aldi berean, «balidatu» egin dute.
Jendeak interesa zuela baieztatuta eta plataforma prest zutela ikusita, mundura zabaltzeko unea zela erabaki zuten. Hilaren 15ean ekingo diote bide berriari eskola ezagutzeko jarduera batekin. Zehazki, streaming bidezko webinar bat izango da: edukien editoreak ezagutaraziko dituzte eta heziketari buruzko nondik norakoak azaldu. Izena eman behar da theegg.ai webgunean.

Prestakuntzaren edukia moduluka banatuta dago eta norberak erabakiko du zer ikasi. Hala ere, zenbait ezagutza bide proposatuko dituzte, lortu nahi den profilaren arabera komenigarriak diren moduluak zehaztuz. Test bat gainditu beharko dute irakasgaia amaitu eta egiaztatzeko. Ez da beharrezkoa aurre-ezagutzarik izatea: «Ezer ez dakien baina teknologia honekiko jakin-mina duen pertsona batek lasai asko izena eman dezake eta hasierako moduluetatik abiatu». Bakoitzak bere neurrira egin dezake, hein batean. Adimen artifizialean profesionalizatu daitezke bai adar teknikotik bai negozio adarretik.

«Eraginkorra» izatea da gakoetako bat: «inpaktua» izatea. Jakintza arlo honek baditu «abstrakzio puntu bat» izan dezaketen ideia asko; horregatik, edukiak beste modu batera planteatu dituzte. Arduradunak argitu duenez, saiatu dira «orain arte azaldu ez den modu batez azaltzen: erraz, publiko zabalak aukera izan dezan adimen artifiziala modu pragmatiko batean aplikatzeko». Haiek sortzeko nazioartean ezagunak diren ia 20 editoreren laguntza izan dute: «eduki oso onak» sortu dituzte eta hori eskolaren balio proposamen «diferentziala» dela uste dute.

Lehenik, bost jarri dituzte eskuragarri eta hiru hilabetean behin bat gehitu nahi dute. Martinezek argitu bezala, «dinamikoa da. Aurten izena emateak ez du esan nahi datorrenean edukiak berak egongo direnik: eguneratu egingo dira». Enpresa pribatuekin harremana sustatu nahi dute: «Guregana etor daitezela langileak kontratatzera».

Euskal Herriko mugak gainditzearekin batera, aurrerantzean ordainpekoa izango da prestakuntza. Kuota urtean 292 euro izango dira eta ikasleak sarbidea izango du eduki guztietara, baita plataformaren gainerako zerbitzuetara ere: profil teknikoa argitaratzeko kanala, banakako eta taldeko txatak, materialen audioak... Gerora moduluka erosi ahal izateko aukera barneratu nahi dute. Etikak ere badu tartea, teknologia oso disruptiboa baita, onerako eta txarrerako erabil daitekeena. Horri buruzko gogoeta sustatzeaz gain, erabilerari buruzko eztabaidari ekarpena egin nahi diote.