EH Bilduren proposamen bati jarraiki, Gasteizko Legebiltzarrak covid iraunkorra tratatzeko jarraipen ibilbide bat zehaztu dezala eskatu dio Osasun Sailari, gaixotasun horrek jotako pazienteei asistentzia bermatzeko Lehen Arretako eta ospitaleko kontsulta guztietan, haien arazoa ebaluatu eta ahalik eta diagnostiko egokienera iritsi ahal izateko.
Halaber, subiranistek EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUrekin sustatutako akordioaren arabera, Osakidetzak gaixotasun horren inguruko prestakuntzan sakondu beharko du, eta elkarlanean arituko da arlo horretan lan ildo ezberdinak ireki dituzten erkidegoekin.
Rebeka Ubera EH Bilduren legebiltzarkideak akordioaren garrantzia azpimarratu du ohar batean, «urrats bat delako Osakidetzak orain arte covid iraunkorraren tratamenduan erakutsi dituen gabeziak zuzentzen hasteko».
«Eritasun hori duten pazienteek erantzunak behar dituzte, eta erakundeak euren arazoari konponbidea bilatu nahian ari direla ikusi nahi dute, baina datu objektiboa da orain arte ez dutela halakorik ikusi. Hala esan ziguten Legebiltzarrean bertan agertu zirenean eta horren erakusle da orain arte Gobernua babesten duten taldeek horren inguruko proposamenak atzera bota izana», gaineratu du.