NAIZ
Iruñea

Iruñeko Jaso ikastolak antolatutako ‘Ximur’ musikalak Alzheimer Sozial 2021 saria jaso du

Jaso ikastolako 12-16 urte bitarteko 50 bat gaztek hartzen dute parte gaur Alzheimer saria jaso duen ‘Ximur’ ikuskizunean. «Haien aitona-amonen belaunaldiko pertsona askok bizi duten errealitatera hurbildu, enpatizatu eta sentsibilizatu nahi izan dute», aitortu dute ikastolako ordezkariek.

Iruñeko Jaso ikastolaren ‘Ximur’ musikalak jaso du Alzheimer Sozial 2021 saria.
Iruñeko Jaso ikastolaren ‘Ximur’ musikalak jaso du Alzheimer Sozial 2021 saria. (Jaso ikastola)

Iruñeko Jaso ikastolako ikasleen musikalak Espainiako Neurologia Elkarteak (SEN) ematen duen Alzheimer saria jaso du, bere kategoria sozialean, iaz eszenara eraman zuen eta gaixotasun horri eta adinekoei bereziki eskaini zien ‘Ximur’ ikuskizunagatik.

Sariaren bitartez, musikalaren «proposamen artistiko eta hezitzailearen originaltasuna» aitortu nahi izan dituzte, «bai eta ikasleei zuzendutako dementzien ezagutzari eta prebentzioari lotutako irakaskuntza-proiektua ere».

Sari banaketa guar bertan egin da, Bartzelonako Santa Creu i Sant Pau Ospitaleko Esparru Modernistan, eta, kategoria zientifikoan, Marc Suárez Calvet ikertzaileak jaso du Alzheimer saria, gaixotasun neurologikoei buruzko beste sari batzuen artean. Jaso Ikastolaren saria Imanol Janices eta Irantzu Zabalza musikalaren zuzendariek jaso dute, eta «esker ona» adierazi dute «SEN bezalako ospe zientifikoa duen erakunde batek, eskola-talde honek sormenaren eta lan kooperatiboaren bidez, haien aitona-amonen belaunaldiko pertsona askok bizi duten errealitatera hurbildu, enpatizatu eta sentsibilizatu nahi izanagatik, bai eta ekimenaren sormena eta konpromisoa aitortu nahi izateagatik».


Orain arte Jaso ikastolaren musikalak antzeztu dituen hamar edizioetako bakoitza gizarte gai jakin bateko balioei eskainita egon da. Gai horiek, aldez aurretik, ikuskizunaren diseinuan, interpretazioan, ekoizpenean eta sustapenean parte hartzen duten DBHko ikasleek beraiek eztabaidatu eta aukeratzen dituzte. Gaur egun eszenaratzen ari den ‘Sutan’ ikuskizuna feminismoari eta lan eremuko berdintasunari eskainita dago.

Hezkuntza-programa baten emaitza


Ikatolak ohar baten bidez nabarmendu duenez, musikalak egiteko proiektua «sormeneko, ekintzailetzako, lan kooperatiboko eta autokudeaketako hezkuntza programa baten emaitza da, STEAM metodologian oinarritua (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika)».


DBHko 50 bat ikaslek, 12 eta 16 urte bitartekoak, ikastetxeko irakasleek, gurasoek eta Imanol Janices (Gorputz Hezkuntzako irakaslea), Irantzu Zabaltza (Lehen Hezkuntzako tutorea), zuzendariek egindako lanaren laguntzaz, beren sorkuntza proiektu honetan parte hartzen dute. «Gaitasunetan heztea, adimen emozionala garatzea, asmamena eta sormena sustatzea, eskolako bizikidetza edo euskararen erabilera kurrikulumetik kanpo sustatzea» nabarmendu dituzte helburu gisa.