«Ilusioz gainezka nago eta uste dut hori oso garrantzitsua dela erronka berri hauei aurre egiteko». Pozez dago Anne Erauskin datorren denboraldian Bera Berarekin jokatuko duelako.
Azken lau urteak Zuazon eman ditu, Ohorezko Mailan, eta azken denboraldietan urrats bat eman du aurrera. «Ate aurrean eraginkorragoa naiz», onartu du ermuarrak berak eta Tati Garmendia klubeko eskubaloi alorreko arduradunak ere ate aurreko eraginkortasuna nabarmendu du, bizkortasuna eta indarrarekin batera.
2018an egin zuen jauzi goi-mailara Ermuako Errotabarri taldetik eta lau urte ez dira alferrik pasa ermuarrarentzat. Uste du fisikoki eta, batez ere, psikologikoki «konfiantza maila altua hartu» duela eta «heldutasun maila hori garrantzitsua da horrelako talde batean egoteko». «Heldutasun maila nahikoa daukat erabaki hau hartzeko eta momentu oso on batean nagoela pentsatzen dut», gehitu du 23 urteko hegaleko jokalariak Bidebietako bulegoan eginiko prentsaurrekoan.
Ez zuen asko pentsatu behar izan baiezkoa emateko, «Bera Bera bezalako talde batek deitzea beti delako harrotzeko modukoa». Modu berean, kontziente da ardura gehiago edukiko duela, baita presio apur bat gehiago ere. «Beti bezala, %100 ematen saiatuko naiz, nire bertsio onena emango dut eta espero emaitzak ahalik eta positiboenak izatea».
Maitane Etxeberriarekin partekatuko du eskuin hegaleko postua. Garmendiak onartu du Adriana Cardoso, neguan, Frantziako ligara joan zenean, pentsatu zutela hegalekoren bat fitxatzea baina azkenean Etxeberria, bera bakarrik, leku horretan aritzeko hautua egin zutela. Denboraldi berrirako beharrezkoa ikusi dute eskuin hegalean ere bi jokalari izatea. Modu honetan, Erauskinek onartu du ezagutzen duela Maitane Etxeberria eta bera bezalako jokalari batekin postua partekatzea «lagungarri» izango zaiola.
Jokalari batzuk ezagutzeaz gain, entrenatzailea ere ezagutzen du Erauskinek. Imanol Alvarez herrikidea du eta Espainiako junior selekzioan hautatzaile modura zegoela kointziditu zuten elkar: «Imanol egotea ere bada pizgarri bat Bera Berara etortzeko, beste askoren artean. Poztasun handi bat da bera entrenatzaile izatea, elkar ezagutzen dugu eta badakit oso ondo egongo naizela berarekin».