NAIZ

Izeta VI.ak bere hirugarren txapela nahi du Binakako Euskal Pentatloi Sarian

Igande eguerdi honetan jokatuko dute, lau bikotek, mutilen lehiaketa eta hurrengo larunbatean izango da nesken txanda hiru bikoterekin, iaz baino bat gehiago.

Gaur aurkeztu dituzte Tolosan Binakako Pentatloi Sariak
Gaur aurkeztu dituzte Tolosan Binakako Pentatloi Sariak (Andoni CANELLADA/FOKU)

Euskal Pentatloi Saria herri kirolen egutegian gero eta inar handiagoz errotzen ari den proba bat da eta igande honetan zita garrantzitsua izango da Tolosako zezen plazan, bertan jokatuko baita gizonezkoen III. Binakako txapelketa. Eta binakako lehia honetan ezinbesteko izenik bada, hori Andoni Iruretagoiena, Izeta VI.arena da, berak eraman baititu orain arte jokatutako bi txapelak, 2020an Arria VI.arekin bikotea osatuz eta iaz bere osaba Jexux Mari Iruretagoienarekin. Aurten hirugarren txapela nahi du aiarrak, Gorka Etxeberriarekin batera.

Hori ekiditen saiatuko dira Beñat Amade-Aritz Irazabal, Aratz Mugertza-Juan Kañamares eta Xabier Zaldua-Jagoba Otaegi. Hasiera batean Iñaki Errazkin zen Otaegirekin aritzekoa, baina entrenatzen ari zela min hartu zuen eta banakoan ere lehiatuko den zumarragarra ariko da bere ordez. Bikoteak osatzerako orduan iazko sailkapenak hartu ziren kontutan, –lehena hamabigarrenarekin, bigarrena hamaikagarrenarekin…– baina kirolari batzuk uko egin diote txapelketan aritzeari eta azkenerako lau bikote geratu dira igandeko finalerako.

Lau bikoteek igandean osatu beharko duten lana honako hau litzateke, 40 jasoaldi 100 kiloko harriari, 4 plaza giza proban, aizkoran lau kanaerdiko ebaki, 8 plaza bete txingekin eta korrika lau kilometro osatu. Erreferentzi bat izate aldera, Jexux Mari eta Andoni Iruretagoiena osaba-ilobena da probaren errekorra, iaz lortutakoa, 40,24 minutu behar izan zituzten lanak amaitzeko.

Pandemiak eraginda, iaz plaza hutsik zela aritu behar izan zuten kirolariek, baina aurten zaleen babesa izango dute harmailetatik. Sarrerak dagoeneko salgai daude Tolosako Kantabrikon eta finalaren egunean bertan, plazako leihatilak goizeko 10.30etan zabalduko dira, hau da, proba hasi baino ordu eta erdi lehenago.

Neskak, 18an

Eta hurrengo larunbatean, Tolosan bertan eta arratsaldeko 18.00etatik aurrera, nesken txanda izango da. Kasu honetan hiru izango dira txapelaren lehian arituko diren bikoteak, iaz baino bat gehiago; Karmele Gisasola-Uxue Ansorregi, Garazi Arruti-Lucia Orbe eta Nerea Arruti-Amalur Arbelaitz. Bete beharreko lanak harriari 20 jasoaldi ematea, giza proban bi plaza betetzea, aizkoran bi egur moztea, txingekin 6 plaza osatzea eta korrika bi kilometro egitea izango dira. Lucia Orbe eta Garazi Arruti izan ziren iazko txapeldunak eta aurten errepikatzen saiatuko dira.