Genero ikuspegia krisietan; emakumeak «erantzuten lehenak» izaten direlako
Ekintza humanitarioak badaki ezin dela neutroa izan, genero ikuspegia behar du krisiek areagotzen dituzten desparekotasunen aurrean. Bilbon, mahai gainean jarri dute gaia, eta emakumeei mikrofonoa eman dien lana aztertu dute. Sufrimendu testuinguru ezberdinetatik argi dute behar duten erantzuna.
Azken urteetan, ahaleginak egiten ari dira erantzun humanitarioan genero ikuspegia txertatzeko. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) gomendioari jarraituz, erakundeen eta eragileen konpromiso argi bat dago, baina hitzak ez dira beti esku-hartzeetan islatzen. Horren atzean faktore, inertzia eta oztopo ugari daude, eta zailtasun handiko testuinguruak. Hala ere, errealitate ezagun bat dago: gatazka armatuek eta natura hondamendiek inpaktu ezberdinak eragiten dituzte emakumeengan, haurrengan... eta diskriminazioa eta zaurgarritasuna areagotu egiten dira beste aldagai batzuk gurutzatzen badira: egoera zibila, etnia, erlijioa edo dibertsitate funtzionala, besteak beste. Ekintza humanitarioa, beraz, ezin da neutroa izan.
Jakina da krisi humanitarioetan, aldez aurretik zeuden desparekotasunen ondorioz, emakume eta neskatilek «ondorio kaltegarriak bizi izateko aukera gehiago» dutela. Baieztatu den beste kontu bat da krisiek gogorrago kolpatzen dituzten horiek «funtsezko eragileak» izaten direla eduki ohi duten erresilentziagatik. Askotan, gainera, lehenak izaten dira egoera berrietara egokitzen. Emakumeak ekonomikoki ahalduntzeko proiektuak adibidetzat hartuta, Bilbon aztertu den esperientzia batek beste faktore bat agertu zuen: «Emakumea ahalduntzen denean familia osoa ahalduntzen da». Estrategiak fintzea da gakoa, eta beste esperientzia, bizipen eta gogoeta batzuk inspirazio iturri izan daitezke.
Gogoeta ezberdinak ezagutarazi
Helburu horrekin, hain zuzen ere, esperientzia ezberdinak ezagutu, gogoeta ezberdinak ikusarazi eta oztopoak gainditzen laguntzeko asmoz, nazioarteko erakundeetako ordezkariak eta aholkulariak bildu ziren maiatzaren 23an eta 24an EHUko Bizkaia aretoan, “Generoa ekintza humanitarioan. Nola bihurtu gure konpromisoa errealitate” jardunaldietan, Bilboko Udalak eta eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak antolatuta.
Neutroa izan ezin den ekintzara hurbiltzeko beste gakoetako bat eman zuten: estrategiarik ez izatea «lehendik dauden diskriminazio eta desberdintasunetan» sakontzea da.
Hala ere, erantzun azkar bat eman behar denean, nola jokatu genero ikuspegia kontuan hartuta? Nola aztertu, komunitateetara nola heldu? Horrelako galderak jarri zituzten mahai gainean, aditu ezberdinen ikuspuntuak entzuteko, ekuazioan sartzen den beste aldagai bat kontuan hartuz, lurralde horietan bizi den egoeraren ondorioz egon daitezkeen errealitateak: mugak itxita, biziak arriskuan…
Ekintza humanitarioaren nolabaiteko ebaluazioa egin eta emakumeengana heltzeko modua aldatu duen proiektu bat izan da jardunaldien protagonistetako bat. “Who holds the microphone?” (Nork eusten dio mikrofonoari?) izenburua du ikerlanak, eta Bangladeshen, Kolonbian, Jordanian eta Ugandan krisi humanitarioak jotako emakumeen ahotsak bildu ditu. Eskuragarri dago NBE Emakumeak erakundearen webgunean.
Emakume horietako batzuk kanpamentuetan bizi diren errefuxiatuak dira; beste batzuk, euren komunitateko liderrak. Luisa Dietrich egitasmoaren koordinatzailea Bilbon izan zen, Peace Security-k eta NBE Emakumeen Ekintza Humanitarioak agindutako lan hori azaltzeko. Sistema humanitarioak beste aldean dauden horiei entzuteko duen beharraz hitz egin zuen, baita entzute horretatik ateratako ondorioei erreparatu beharraz ere.
Generoan aditua da Dietrich. Oxfameko Human taldean aritu da, Sierra Leonan, Etiopian, Nepalen, Iraken eta Yemenen, eta generoari buruzko zenbait analisi humanitario egin ditu NBErentzat eta nazioarteko hainbat antolakunderentzat. Zuzendari eta aholkulari independentea da Gender Consulting erakundean.
“Who holds the microphone?” lanak ekintza humanitarioko testuinguruetan izandako aldaketa eraldatzaileak ikertu behar zituen. Kezka bat zegoen lanaren abiapuntuan: krisiek kaltetutako emakumeen eta nazioarte mailan erabakiak hartzen dituztenen artean –«gizon zuriak normalean»– dagoen hutsunea. Dietrichek gogora ekarri zuen akordio handi bat izan zela munduko zortzi emaileen artean ekintza humanitarioaren eraginkortasuna frogatzeko, baina akordio hori generoaren aurrean «itsua da». Ildo horretatik, Care antolakundeak 2018an argitaratutako txostenean aipatutakoa: genero ikuspegiaren aldeko konpromisoak badaude, baina ez dira oinarrietara heltzen, ez daude kaltetutako emakumeengandik hurbil.
Lanaren helburua emakumeei eurei ahotsa ematea zen, bizi dutena lehen pertsonan konta zezaten, eta nola eta zer kontatu ere haien artean erabaki zezaten. Jordanian, Kolonbian, Ugandan eta Bangladeshen lokalizatuta daude bideoak, eta emakumeek eurek grabatutako bideoek eta bideoklipek osatzen dute txostena.
Hitz egiteko boterea
Izenburua lanaren espirituaren metafora da, Dietrichek aipatu zuenez: mikrofonoa izatea botere izatea da. Parte-hartzaileek euren artean adostu zuten nork hartu behar zuen hitza eta zer gai aipatu behar zituen; euren lehentasunak zehaztu ahal izan zituzten. Horixe da, adituaren iritziz, sistema humanitarioaren ardatza izan beharko litzatekeen gogoeta.
Emakumeengana hurbiltzeko modua ere aldatu duela aipatu zuen. «Pertsonei begiratzeko modua sistema humanitarioaren erronketako bat da». Hau da, emakumeei biktima gisa edo botererik izango ez balute bezala begiratzearen ideia behingoz baztertzeko beharra nabarmendu zuen, «erabakiak hartzen dituzten eragile aktibo gisa» ikusteko, ez «onuradun gisa».
Emakume talde horiei ekintza humanitarioaz duten iritziari buruz galdetu zieten. Guztira, 470 parte-hartzaile baino gehiagorekin hitz egin zuten. Bilboko topaketetan bideo horien pasarte batzuk ikusi ahal izan ziren, hausnarketekin uztartuta.
Ugandako kanpamentu batean dauden Hego Sudaneko emakume errefuxiatuak dira bideo baten protagonistak. Hitz egiten duen emakumea seme-alabekin bizi da kanpamentuan. Kamera aurrean kontatzen du krisiak goitik behera aldatu diela bizitza. «Hego Sudanen etxean egoten nintzen, kozinatu eta seme-alabak zaindu behar nituen; orain lider bat naiz, beste emakume batzuekin hitz egin ahal dut, aholkuak eman…». «Erakunde asko etortzen dira eta zerbait nola egin esaten digute; horregatik, gizonekin biltzen garenean, jeloskor daude eta Uganda emakumeena dela esaten dute», dio.
Ekintzaile humanitarioekin dituen harremanez galdetuta, faltan hartzen du emakumeekin aparteko bilerak izatea. «Ez daukagu emakumeekin bakarrik hitz egiten duen erakunderik, gizonek egiten digutenaz aske hitz egiteko», agertzen du. Erakunde humanitarioentzat mezurik ba ote daukan esanda, irabaziak lortzeko jarduerak eta formazioa eskatzen ditu emakumeen izenean.
Ahalduntze ekonomikoaz aparte, bada emakume talde guztien eskaera komun bat, era batera edo bestera planteatuta: emakumeentzako espazio bat izatea.
Hego Sudaneko emakumeekin izandako esperientziari begira, testuinguruaren aldaketa azpimarratu zuen Dietrichek, Hego Sudanen ezinezkoa baitzen emakumeekin hitz egitea. «Hego Sudanen batzar batera joaten ginenean, gizonek esaten ziguten ‘emakume bat zara, ezin duzu hitz egin’, baina Ugandan hitz egiteko eskubidea daukagu, edozein gauzari buruz galdetu ahal dugu. Uganda herrialde zabalenetako bat da eta herrialde mugakideetako errefuxiatu kopuru handi bat jasotzen du».
Aukerak identifikatzea
Ekintza humanitarioan aritzen diren eragileei zuzendutako beste mezu bat utzi zuen: aldaketa eraldatzaileak ez direla automatikoak, baina «aukerak» daudela eta horiek «identifikatu» behar direla. Erantzun kritikoak eta negatiboak entzuteko prest egon behar dela gaineratu zuen, baita batzuetan nahasten diren sentimendu negatiboak eta positiboak ere. Gogora ekarri zuen behin diru sarrerak izatea lortzeko proiektuetan murgilduta zegoen emakume batek adierazi ziola gizonek berriz ardura guztia hartzen bazuten lasaitua hartuko zuela. Sentimendu horren atzean emakumeek daukaten gainkarga dagoela aipatu zuen, eta epaitu beharrean konplexutasun horietaz jabetzearen garrantziaz ohartarazi zuen.
Bangladesheko kanpamentu batean bizi diren rohingya emakume errefuxiatuak dira proiektuko beste parte-hartzaile batzuk. Kameraren aurrean jarritako emakumeek Myanmarreko Gobernuari zuzendutako eskaera politiko argiak utzi zituzten. Dietrichek gogorarazi zuenez, euren erlijioa askeago bizitzea zen egiten zuten eskaeretako bat, baina orain ikusgarriagoak direla onartzen zuten: «Espazio publikoetan gaude horrela egin behar dugulako». Dietrichen esanetan, «gure ideiak eta ditugun irudiak kuestionatzeko gonbidapen bat da».
Bangladeshera heldu zirenean, etxerik gabe, kalean negarrez ibili zirela onartzen zuten emakume horiek 400 hatz marka bildu zituzten euren eskubideen defentsan eta Nazioarteko Auzitegira jo zuten. Formulatutako eskaera politikoak askotan ez dira eragile humanitarioen gustukoak izaten, «ez ditugu entzun nahi», baina emakume rohingyek eskaera horiek plazaratzeko baliatu nahi izan zuten bideoa.
Testuinguru guztietan emakumeek parte hartzeko bitartekoak behar dituztela azpimarratu zuen Dietrichek, eta horiek alfabetatzearekin, hizkuntza gaitasunen bueltako proiektuekin edo garraiorako funts malguekin lotuta egon daitezkeela azaldu zuen.
Kolonbiako Choco departamendua da bideoan agertzen den beste kokaleku bat, eta ekintza humanitarioarekin oso kritikoak ziren iritziak aurkitu zituzten han. Emakume horien ustez, erantzun humanitarioa hirietan geratzen da. «Ez da berdina hiriko emakumea edo landa eremuko emakumea izatea, landa eremuko emakumeak gerra bikoitza duelako eta laguntza ez zaiolako iristen ez instituzioetatik, ez gobernutik, ez beste inorengatik», dio komunitaterik komunitate 124 kontzejutara joan izana gogoratzen duen emakume batek.
Hausnarketa horien harira, emakumeen pertzepzioa entzuteko beharra defendatu zuen Dietrichek, errealitate bat islatzen duten narratibak diren heinean. Izan ere, laguntza humanitario jarraitu baten beharra partekatzen dute, kasu, baina baita erabiliak izatearen ideia ere.
Kolonbian edo Jordaniako kanpamentuan dauden emakume siriarren mezuei begira, beste gogoeta bat utzi zuen lanaren koordinatzaileak: «Testuinguru ezberdinetan aurkitzen dugu emakumeak direla erantzuten duten lehenak. Euren lan aitzindariak boluntario gazteen estereotipoak apurtzen ditu». Eragile humanitarioekin harremanetan jartzen dituzten ‘konektoreen’ papera azpimarratu zuen. «Emagin rohingyek etxetan dauden beharrizanen ezagutza pribilegiatua dute, baina ez dituzte erantzun humanitarioetan sartzen, ezta ezkontzarako gutxieneko adina 18 urtetan jartzea bilatzen duten imanak ere».
Kolonbiara itzulita, Dietrichek azpimarratu zuen emakume horiek korrika joan zirela aktore armatuen eskuetan konfinatuta zeuden eta gosez hiltzen ari ziren komunitateetara laguntza ematera, euren bizitzak arriskuan jarriz. «Ekintza humanitarioak zertan lagundu zezakeen galdetzean, argi erantzuten dute: txalupa azkar bat eta emakumeentzako aterpe bat», ez bata ez bestea ez ziren sartzen eman zitekeen erantzunean, Dietrichek aipatu zuenez.