CONTENIDO PATROCINADO

Musika eskaintza zabala eta kuadrillak, nagusi Igorreko jaien itzuleran

Bi urteko geldialdiaren ostean, San Antonioek abiatzen dituzte Arratiako herrietako jaiak, ekainaren 10etik 19ra. Musika eskaintza zabala eta adin desberdinetako kuadrillen parte-hartzea dira nagusi edizio honetan.

Igorreko zenbait kuadrilla elektrotxarangarekin, 2016ko txupinazoaren ostean.
Igorreko zenbait kuadrilla elektrotxarangarekin, 2016ko txupinazoaren ostean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Igorreko jaiak indarberrituta itzuli dira bi urteko geldialditik. Izan ere, ekainaren 19ra arte ospatuko diren San Antonioek musika eskaintza zabala eta adin desberdinetako kuadrillen auzolana izango dituzte ardatz 2022ko edizio honetan.

San Antonio ospakizunak ostiralean hasten dira. Txupinazoa 19.00etan den arren, kuadrillak eguerditik hasten dira, nork bere kuadrillako intsignia kamiseta jantzita, ohiko bazkari tradizionalekin. Era berean, nobedade gisa, aste honetan zehar Igorreko kuadrilla, elkarte eta eragile desberdinek apaindutako zapi erraldoiak kokatu dituzte Lehendakari Agirre kale nagusian zehar.

Hori horrela, Igorreko Jai Batzordeak Kepa Intxaustiri proposatu dio txupineroa izatea. Ohitura den legez, zerbait bereizgarria egin duen herritar bat aukeratu du Batzordeak festei hasiera emateko. Kasu honetan, Intxaustik Igorreko Gau Lora taberna klasikoan lan egiteari utzi dio hamarkada luzez bertan ibili eta gero. Horregatik, agur eta errekonozimendu gisa, Jai Batzordeak Intxausti hautatu zuen 2020ko txupinero gisa, baina bistako arrazoiengatik 2022ra atzeratu behar izan da hitzordua.

Txupinazoan euskal dantzak, jakien dastaketa, haurrentzako jolasak eta kuadrillen arteko olinpiaden hasiera ospatuko dira. Gero, Elektrotxuflak ekingo dio musika eskaintzari eta, gauean Lukiek, Ezpalak eta Akerbeltz erromeriak kontzertua eskainiko dute txosnaguneko agertokian. Ohar gisa, txosnagunera bakoitzak bere edalontzia eramatea gomendatu dute.

Larunbatean, ekainaren 11an, jubilatuek, goizean goizetik, kantu bira egingo dute eta eguerdian paella txapelketa ospatuko da txosnagune ondoko landan. 18.30etan GOTx elektrotxarangak eguneko musika eskaintza abiatuko du eta hauen ostean Luis Iruarrizaga abesbatzak emanaldia eskainiko du kultur etxean.

Gaueko kontzertuei dagokienez, Galazota rock talde arratiarra, Gozategi eta Zirkinik Bez erromeria igoko dira oholtzara. Hauen ostean, Caribe Mix musika jarriko da txosnetako bozgorailuetan.

Iganderako, estreinakoz, euskal egunaren aldeko apostua egin dute. Hori horrela, bai herritar eta bai bisitariei baserritarrez janztera animatu dituzte Jai Batzordetik eta, eguna girotzeko, gazteen eskupilota partidak eta Arantzarte dantza taldearen emanaldiak egongo dira.

Hurrengo eguna, ekainaren 13a, San Antonio eguna da Igorren, hau da, jai eguna. Beraz, umeen eguna izango da jolasekin, txu-txu trenarekin, bits-festarekin eta Chef Nature antzezlanarekin, beste ekintza askoren artean. Era berean, astearte eta asteazkenean umeentzako eskaintza ludiko zabala dago programatuta: egur-jolasak, aire libreko ludoteka, musika eskolaren emanaldia, goitibera tailerra eta zumbarekin, kasu.

Bigarren asteburua

Ostegunean, ekainaren 16an, ez da ohiko herri afaria egongo. Herritar batzuen proposamenaren eta bozketa estu baten ostean, larunbatera, ekainaren 18ra lekualdatzea erabaki baita, baina bazkari formatuan. Hala ere, gazte kuadrillek osteguna ospakizun egun bezala mantentzearen aldeko apustua egin dute. Beraz, mozorro gaua izaten jarraituko du. Aurten aukeratutako gaia ‘festibalak’ da eta afaria egin ordez lunch gisako afari bat antolatu dute kuadrillek. Ostean, DJ Feministrak emanaldia izango du txosnaguneko eszenatokian.

Ostiraleko egitarauaren indargune nagusiak tortilla txapelketa, txosna ondoko landetan ospatuko dena, eta kontzertuak izango dira. Kasu honetan, Herdoil, Nafarroa 1512 eta Gora Herromeria erromeriarekin izango dute Arratiarrek hitzordua.

Jarraian, indartsu iritsiko da ekainaren 18a, zapatua. Goizean emakumezko alebinen futbol txapelketa egongo da 14.00etara arte. Segidan, eskoletako aterpean (txosnaguneko karpan gauerako soinu frogak egiten egongo baitira) herri bazkaria hasiko da. Kirol eskaintzaren barruan, arratsaldean, txosnagunearen ondoko landan Bizkaiko Rugby txapelketa ospatuko da eta, aldi berean, kuadrillek rally humoristikoari ekingo diote bazkalostean, 17.30etan. Gero, Zeinke talde lemoaztarrak, Skakeitanek eta DJ Jotatxok izango dute gaua girotzeko ardura.

Bukatzeko, urtero legez, igandean Jokaldi taldea eta txokolatadea egongo dira Lasarte parkean.

Jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak:

IGORREKO UDALA

BELAGORRI

ARRATIA INMOBILIARIA

GARDEN IGORRE