Zortzi urteko ibilbidea etengo du Oihaneder Euskararen Etxeak eta azken jarduerak izango dira ekainekoak. 2014ko urriaren 15ean inauguratu zenetik, 2022ko ekainaren 30era bitartean, 66.500 erabiltzaile baino gehiago gerturatu dira Gasteizko gune honetan antolatu diren 900 bat jardueretara.
Gutxi gorabehera, urtean 10.000 lagun inguru hurbildu dira eskainitako jardueretan parte hartzera (pandemia garaian izan ezik). Euskal kulturaren erakusleiho izan da, eta bertan izan dira euskal sortzaile ugari beren lanak erakusten: idazleak, musikariak, aktoreak, margolariak, zinema zuzendariak, dantzariak, marrazkilariak, artista plastikoak... Zortzi urte hauetako eskaintza anitza eta askotarikoa izan da, eta kultura diziplina ezberdinak programatu dira. Horrez gain, publiko segmentu ezberdinei zuzendutako jarduerak antolatu dira, ahalik eta eragin zabalena izate aldera.
Orain bere zortzi urteko jardunaren azken txanpara iritsi da, eta ekaineko ekitaldiekin agur esango dio ibilbide horri: musika-kontzertuak, zinema, ikuskizunak, jardunaldiak, antzerkia, kultur proiektuen aurkezpenak, familia jarduerak eta hainbat ekintza desberdin antolatu baitira.
«Izan ere, hori behar dute euskal sortzaileek: plaza eta oholtza, bozgorailua eta arreta. Oihanederren plaza izateaz gain, aulkiak nork bete ere izan da, zortzi urte hauetan erabiltzaile komunitate zabala osatu baita Euskararen Etxearen bueltan», aipatu du Oihaneder Euskararen Etxek berak komunikatu batean.
Era berean, sortzaile zein ikus-entzuleei, babesle zein laguntzaileei, erakunde zein elkarteei, guzti guztiei, eskerrak ematen nahi izan dizkiete, «eta orain arte egindako bideak, etena baino, izan dezala jarraipena hurrengo proiektuetan», eskatu dute.
Izan ere, «elkarlanean sinesten» dutela aipatu dute, eta horren adierazle da jarduera guztien %60 modu horretan gauzatu izana.
Oihaneder Euskararen Etxea Gasteizko Kafe Antzokiaren lehen zutabe gisa abiatu zuten, eta zortzi urte hauetan proiektu berriari oinarri sendoak eraikitzeko balio izan zaio. «Gasteizko euskararen normalizazioan eta biziberritzean eragiteko sortu zen proiektu hau, eta uste dugu kultur akuilu gisa lan mardula egin dela, kulturaren balio eraldatzailean sinesten baitugu, eta hori baita eguneroko lanabesa», diote.
Lazarraga Kultur Elkarteak lanean jarraituko duela aipatu du. «Gasteizek merezi duen kulturgune euskaltzalea ahalik eta lasterren izan dezan».