Jon Ormazabal

Jokin Altuna ekainaren 29an berragertuko da Mungian, sanferminetako lau eta erdian aritzeko

Iñaki Artolari egindako froga medikuek baieztatu dute ez duela ezer larririk belaunean, baina bai egun batzuetan geldirik egotera behartuko duen tendinitis bat belaunean.

Jokin Altunak erabat osatua egon nahi du kantxetara itzultzerako.
Jokin Altunak erabat osatua egon nahi du kantxetara itzultzerako. (Oskar MATXIN_EDESA/FOKU)

Azkeneko hiru urteetan ia atsedenik gabe egon ostean, Jokin Altunak ez du inolako presarik kantxetara itzultzeko, ez behintzat ezker esku hori erabat osatu arte behintzat, eta Aspek jakitera eman duenez, amezketarra ekainaren 29an itzuliko da kantxetara, Mungian, sanferminetako lau eta erdiko bere enpresaren finalerdia jokatzeko, Peio Etxeberriaren aurka.

«Orbaintzea oso ondo doa eta orain eskuak gogortzea dagokit. Gainera, orain entrenamendu onak egin nahi ditut, kantxara berme guztiekin irteteko», azaldu du amezketarrak bere enpresaren web orrialdean jasotako adierazpen batzuetan.

Hasiera batean Asperen asmoa Jokin Altuna aste honetan itzultzea zen, ostiralean Urrestillan antolatutako jaialdian, baina goizegi iritzita, Eibarren San Juan egunez itzultzea adostu zuten. Baina Eibarrerako ere ez du bere burua erabat osatuta ikusten amezketarrak –hatz erakuslean izandako ebakuntzaz harago eskuko minekin ere aritu da azkenaldian– eta itzulera beste bost egunez atzeratzea adostu dute.

Honek guztiak lehenago ere aukeraren bat merezi zuen Dario errioxarrari lehen mailako partidetan aritzeko ateak zabalduko dizkio, berak ordezkatuko du amezketarra Bizkaia txapelketan binakako partidan eta Eibarko sanjoanetako estelarrean ere Ezcaraykoa arituko da,  Zabaletarekin bikotea osatuz, Irribarria-Martijaren aurka jokatzeko.

Lesio txikia Artolak

Iñaki Artolak ere geldirik egon beharko du zenbait egunetan, atzo Gasteizen egindako mediku probek belaunean tendinitisa duela, bursitisarekin, berretsi baitute. Alegiako aurrelariak fisioterapia tratamendua hasiko du, baina gustura egoteko moduan da, larunbatean Gallartan susto handi xamarra hartu baitzuen, Peñaren aurkako partidan zehar irristatu eta belauna okertu ostean. Partida nolabaiteko normaltasunez amaituta, ia ziurra zen ezer larririk ez zuela izango, baina baieztatzeak beti ematen du lasaitu bat, are gehiago lesioek horrenbeste zigortu duten pilotari baten kasuan.