Bakegileek eta Bake Bideak Baionako suprefeturaren aitzinean jarria zuten hitzordua asteazken honetan, 18.30ean.
Bertan baloratu behar zuten 32 urte espetxean daramatzan Ion Kepa Parot euskal presoak baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aurkezturiko seigarren eskaerari buruzko erabakia. Ekimenean aitortu behar izan zutenez, baina, oraindik ez dakite zein den erabakia, presoaren defentsari ez diotelako horren berririk eman.
Seguruenik bihar hel daiteke erabakia. Eta horren aurrean, bakegileek iragan larunbatean zabaldu zuten mezua berretsi dute gaur. Bai auzi horretan baita Jakes Esnalen auziari buruz erantzun baikorra ez bada «Ipar Euskal Herria blokeatzeko determinazio osoa dutela» oharrarazi dute
Izan ere, Pariseko Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak Parotek aurkezturiko seigarren baldintzapeko askatasun eskaera aztertu zuen joan zen maiatzaren 13an.
Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak Mureteko kartzelan bertan egin zuen auzialdian, ohiko jarrerari eutsi zion Fiskaltzak. Bi egun beranduago 71 urte bete zituen euskal presoa askatzeko «goizegi» dela erran zuen.
Esnalen auziaren emaitza, uztailaren 21ean
Bere aldetik, Jakes Esnalen baldintzapeko askatasunaren inguruko erabakia uztailaren 21ean jakinen da.
Auzi saioa joan zen miatzaren 19an iragan zen. Hasiera batean Dei Auzitegiak ekainaren 9an eman behar zuen erabakia. Aldiz, hilabete baino gehiago gibelatu zuen, segurtasun neurrien diziplina anitzeko batzordeari (CPMS) iritzia eskatu behar diola argudiaturik. Hala, heldu den uztailaren 21erako hitzordu berria ezarri dio Jakes Esnali auzitegiak.
Hori jakinik Bake Bideak deitoratu zuenez, «Parisko Dei gorteak ez du kuraiarik izan Jakes Esnalen baldintzapeko askatasuna berresteko, lehen instantzian TAPAT Kondenen aplikaziorako auzitegiak egin zuen bezala».