NAIZ

Uztailaren 15 eta 16an egingo du Sortuk bere bosgarren Nazio Konferentzia, Lakuntzan

«Eztabaida politikoan sakontzeko» ez ezik, Sortuko komunitatearentzat «elkar ikusteko eta elkarren berri izateko urteroko topaketa» bilakatu den Nazio Konferentzia Lakuntzan egingo du aurten alderdiak, uztailaren 15 eta 16an. 

Sortuko idazkari nagusia, Arkaitz Rodriguez, alderdiaren laugarren Konferentzia Politikoan, 2020ko irailean Donostian.
Sortuko idazkari nagusia, Arkaitz Rodriguez, alderdiaren laugarren Konferentzia Politikoan, 2020ko irailean Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Ohar baten bidez, Sortuk jakinarazi du Lakuntzan egingo duela bere bosgarren Nazio Konferentzia izango dena, uztailaren 15 eta 16an. 

«Eztabaida politikoan sakontzeko» balio duen hitzordu hau «elkar ikusteko eta elkarren berri izateko urteroko topaketa bilakatu da Sorturen komunitatearentzat». Aurten, zehaztu dutenez, egun eta erdiko iraupena izango duen zitaren baitan solasaldiak, tailerrak eta Nazio Batzarra egongo dira. 

Alderdi abertzaleak gogoratu duenez, urtarrilean amaitu zuten hirugarren kongresua, «erronka bat hartuta: jauzi bat egitea askapen prozesuan. Herrigaia ponentzia ardatz hartuta, Euskal Herrian aldaketa politiko eta sozialaren aldeko indarrak sustatu eta borrokatzeko misioa bere egin zuen Sortuk».

«Lakuntzako Nazio Konferentziak –gaineratu dute– norabide horretan sakontzeko aukera eskainiko digu. Izan ere, astinaldi handiko garaiak bizi ditugu eta ziurgabetasuna nagusitzen ari da. Pandemiari, krisi ekologiko larriari, zaintzaren krisiari eta euskararen aurkako erasoei aurre egin beharrean gauden honetan, zuzenean eragiten digun gerra piztu da Europan».

«Kapitalismoaren ziklo oso baten amaieran» gauden honetan, egungo testuinguruari «zorrotz erreparatuko» dio Sortuk eta horri guztiari «aurre egiteko marraztua» alderdiak duen plana aztertu eta landuko dute, «plana, antolakuntza eta borroka baita gure formula egoera honi aurre egiteko eta askapen prozesuaren erregaia izaten segitzeko».