Ahotsenea, Bertsozaleen elkartea, Dantzan, Elkar Fundazioa, Euskal Idazleen Elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Jakin, Gerediaga... Hainbat kultur eragile eta erakunde bildu dira ostegun honetan Donostian, Paseo Berriko Oteizaren eskulturaren ondoan. Sortzaileak ere bertan izan dira babesa adierazten: Amaia Lasa, Andoni Tolosa ‘Morau’, Antton Olariaga, Oihana Iguaran, Beñat Gaztelumendi, Yolanda Arrieta, Joseba Tapia... Aipatu dutenez, azken urte luzeetan ez ziren hainbertze batu dinamika baten baitan.
Gotzon Barandiaran Ahotseneako kideak oroitu duenez, 2016an Jalgi ekimenean elkartu ziren hainbat kulturgile irakurketa partekatu bat egiteko eta ateratako ondorioetako bat izan zen euskarazko kulturgintzaren transmisioa ez dagoela bermatua, ez etxean, ez mundu digitalean, ez hezkuntza arautuan... 2019an, hezkuntza arautuan ematen den edo ematen ez den transmisioa aztertzeko 150 lagunek parte hartu zuten Azpeitiko ‘Sormenean hezi, kulturan bizi’ jardunaldian.
Hortik lantalde bat sortu zen Euskal Herri mailan, euskal kulturaren transmisioa bermatzeko zer egin daitekeen gogoetatu eta martxan jartzeko, eta saretze lan hori egiten ari direla etorri da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza lege berriaren itunaren eztabaida. Jarrera eta proposamen batzuk dituzte horren inguruan eta horiek plazaratzeko egin dute bat.
Adostutako testua
Testu bat adostu dute eragileen artean euren aldarria jendarteratzeko atxikimenduak lortzeko. Bestalde, etorkizuneko hezkuntza lege, diseinu eta praktiketan euskal kulturaren transmisioa eta jendarteratzea ziurtatu dadin lan egiteko prest azaldu dira.
Lehen urratsean aldarrikapena eta deialdia kultur eragile eta erakundeek plazaratu dute, eta asmoa da aurrerantzean sortzaile eta kulturzaleekin ere bidea egitea, pixkanaka sarea indartuz. Erran bezala, dagoeneko sortzaile zenbaitek babesa agertu dute. Horietako batzuk agerraldian izan dira eta bertze batzuek ezin izan dute joan baina atxikimendua adierazi dute. Horien artean daude Ainara Azpiazu ‘Axpi’, Alaitz Olaizola, Ana Galarraga, Danele Sarriugarte, Ekaitz Goikoetxea, Ines Osinaga, Irati Goikoetxea, Iurgi Ekiza, Nerea Loiola eta Ximun Fuchs.
Adostu duten idatzian azaltzen dutenez, azken hamarkadetan kultur sorkuntza zabaltzeko moduak aldatu dira: sorkuntza testuinguru berriak sortu dira, kultur industrian aldaketak gertatu dira, kazetaritzan ere bai, hezkuntza arautuan pedagogiak berritu dira, kultur sorkuntzaren berariazko irakaskuntza murriztu da, kultur kritikaren ekarpenak sakabanatu dira...
Inkesta eta azterketek erakusten dutenez, eten bat gertatu da eta gaur egun hezkuntza arautuak ez du bermatzen euskarazko kulturgintzaren transmisioa.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza lege berriaren itunaz eztabaidatzen ari dira orain eta euskarazko kulturgintzaren ekosistemako kideek une hau baliatu nahi dute gaia lehen lerrora ekartzeko.
Modu esplizituan
Azpimarratu dutenez, egin nahi den hezkuntza lege berriak euskarazko kulturgintzaren transmisioa segurtatu behar du eta hori hala izan dadin garrantzitsua da legeak modu esplizituan jasotzea premia hori.
Horretarako hartu beharreko neurrien proposamen, eztabaida eta adostasun prozesuan parte hartu nahi dutela azaldu dute, «euskararen eta bere kulturgintzaren normalizaziorako estrategikoa» baita hezkuntza arautuan ere transmisioa bermatzea.