Ohar baten bitartez, espainiar Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak larunbateko manifestaziorako jartzen ari den oztopoen berri eman du Sare Herritarrak.
Hasiera batean, lau zutabe eta manifestazioa egiteko jakinarazpena erregistratu zituztenean, mobilizazioaren abiapuntua aldarazi zieten. «Antoniuttin ezin zela», eta Intsumisioaren Parketik abiatuko da azkenean manifestazioa.
Horrez gain, jarritako hitzordurako bi egun besterik falta ez direnenan, lau zutabeetatik bi debekatu dizkiete, ekialdekoa eta mendebaldekoa, Atarrabiatik eta Etxabakoitzetik ateratzekoak zirenak, hain zuzen.
Beste bi zutabeak indartu
Egoera honen aurrean, antolatzaileek deia egin dute gainerako bi zutabeetan parte hartzera: Decathlonetik abiatuko den Ipar bidea eta Cordovilla poligonotik aterako den Hego bidea. Bi kasuetan 17.00etan hasiko dira, Intsumisioaren Parkera iristeko, 18.00etan bertatik ekingo baitiote manifestazioari.
‘Etxera bidea gertu’ lelopean, euskal presoei «oraindik ezartzen zaizkien salbuespen neurriak» salatu eta «elkarbizitzaren eta bakearen» aldeko aldarri bat egingo du Sarek, larunbateko hitzordua aurkezterakoan azaldu zutenez.