NAIZ
Donostia

Astigarragatik 27 poligonora sartzeko bidea trafikora ireki dute

Astigarragatik Donostiako 27. poligonora sartzeko bide berria trafikora zabaldu dute ostiral honetan. Udaleko eta Diputazioko agintariek nabarmendu dutenez, Donostialdean konexioak eta zirkulazioaren arintasuna hobetuko ditu.

27 poligonorako sarbide berria ostiral honetan ireki dute.
27 poligonorako sarbide berria ostiral honetan ireki dute. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Astigarragatik Donostiako 27. poligonora sartu eta irteteko bide berria trafikora zabaldu dute ostiral honetan, Astigarragako Bidebitarteko biribilgunetik datorren bigarren sarbidea eraikitzeko obrak amaitu ondoren.

Bide berriak orain arte industrialde horretara sartzeko zegoen bide bakarra arinduko du, hau da, GI-40 errepidearen Martuteneko biribilguneko sarrera, eta AP-8 autobidearekin eta Urumeako autobiarekin lotura egingo du. Obrak egiteko hamahiru hilabete eta sei milioi euro pasako inbertsioa behar izan dira.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek eta Donostiako alkate Eneko Goiak lotura berria bisitatu dute eta Donostialdean konexioak eta zirkulazioaren arintasuna hobetzeko «funtsezko bidea» dela adierazi dute.

«Nabarmen hobetuko du zirkulazioaren arintasuna eta segurtasuna, Gipuzkoako errepide sarearen lotune nagusi batean. Bestalde, hiriburuko industrialde garrantzitsuenetako baterako sarbideak hobetu ditugu. Hala, bultzada berria eman diegu enpresei, langileei eta, oro har, jarduera ekonomikoari, eta ekarpen garrantzitsua egin dugu hiriko sarbideetako trafikoa hobetzeko», adierazi du Olanok. 

Martuteneko biribilgunean, egunero eta puntako orduetan, trafiko handia pilatzen da. Erabiltzaile askorentzat Donostiarako sarrera da eta, horregatik, 27. poligonora sartzen edo handik irteten diren ibilgailuek, ospitalera igotzen edo jaisten direnek, Donostiara sartzen edo bertatik irteten direnek nahiz AP-8 autobidean sartzen direnek topo egiten dute hor. Industria parkeko sarbide berriarekin, poligonora sartzen eta handik irteten den trafikoa arintzea espero da.

Orain arte sarrera-irteera bakarreko poligonoa zen eta ez zegoen leku desberdinetatik zetozen trafikoak bereizteko biderik, orain aldiz, bi sarrera-irteera hauekin, Astigarragako trafikoak, AP-8tik Bidasoaldeko trafikoak eta Urumea aldetik datozenek beste aukera bat izango dute trafikoak ordenatuz eta banatuz. Honek Martuteneko biribilgunea arintzen lagunduko du, Aintzane Oiarbide diputatuak azaldu duenez.

Astigarragako GI-2132 errepidea 27. poligonoarekin lotzeko errepide berriak GI-3841 izena hartuko du, eta tokiko sare griseko errepide arrunt gisa sartuko da Gipuzkoako Aldundiaren errepide sarean.