San Joan jaiak ospatzen dituzten herri guztiek prest dituzte dagoeneko jaietako egitarauak. Bi urteko hutsunearen ondoren, aurtengoan jaiak egoera normal batean ospatzeko moduan izango dira eta orain arte galdutako kaleko bizitza eta jendearen arteko harremanak berreskuratzeko balio izango dute, zalantzarik gabe.
Hernanin, ohitura denez, Chillida Lekuko dantza ikuskizunarekin eta Gudarien plazako preludioarekin emango diote hasiera, asteburu honetan bertan, udako solstizioaren ospakizunari. Baina jai ekitaldi nagusiak, beste herrietan bezala, ekainaren 23an (osteguna) hasiko dira ofizialki, azeri dantza, akelarrea eta San Joan suarekin, eta ekainaren 27an (astelehena) bukatu. [Datorren asteazkenean zabalduko dugu informazioa].
Andoainen ere jaiak ostegunean hasiko dira (ekainak 23), aurten hogei urte bete dituen Maizorri txalaparta elkarteak botako duen txupinazoarekin. Bi urteko etenaldiaren ondoren, sokadantza, salbea, axeridantza edo haurren danborrada bezalako ekitaldi tradizionalak berreskuratuko dira.
Berritasunen artean, herriko artisauentzako azoka, erraldoien topaketa edota su artifizialen itzulera nabarmentzekoak dira. Eta musika arloari dagokionez, talde ezagunak izango dira jaietako bost egunetan: Zetak, Doctor Deseo, Foyone, Mikel Moreno, Tremenda Jauría, Puro Relajo edo Gozategi, besteak beste.
XIXORI BELARDENDA
Tolosan bizkorrago ibiliko dira eta larunbat honetan (ekainak 18) hasiko dira jai ospakizunak kuadrillen eguneko txupinazo, bazkari eta kalejirekin. Ofizialki, hori bai, ostegunean hasiko dira jaiak udal dantza taldearen ballet irakasleak botako duen txupinazoarekin eta ohiko suaren piztearekin. San Joan egunean ere ez dira faltako ekitaldi tradizionalak, hala nola eskopetarien alardea edo Bordon dantzariak.
Musika emanaldiei dagokienean, Udalak bertako taldeak sustatzen jarraitzen du, eta goi mailako ikuskizunak izango dira Tolosako San Joan jaietan. Esaterako, Huntza, Nikotina, Joseba Tapia, Skakeitan, Dupla, Bulego, Kerobia eta musikari gehiagoren kontzertuak egongo dira.
IURRE TABERNA
Arrasaten pandemia aurreko formatua berreskuratuko du jaietako egitarauak, eta ohiko jarduera eta ekintzak antolatu dira, aforo mugarik gabe.
Aurrekari moduan, asteburu honetan hainbat kultur ekintza izango dira, baita haurren danborrada eta dantzarien emanaldiak ere. Ostegun eguerdian, txosna batzordearen txupinazoa izango da, arratsaldean makala jasotzearen ohitura zaharra berreskuratuko da beste urte batez eta, Errementeri dantza egin ondoren, gauean San Joan sua piztuko da.
Ekainaren 26ra arte, adin eta gustu guztientzako 85 ekitaldi antolatu dira. Aipatzekoa da ekainaren 25an, eguerdian, bertso jaialdia izango dela AED elkarteak antolatuta, eta jarraian ‘Zeuk iñ zeuk jan’ bazkaria berreskuratuko dela azoka plazan. Udalak sagardo kupel bat jarriko du eta parte hartu nahi dutenek ekainaren 18a baino lehen eman beharko dute izena udalaren webgunean.
AGIRRE-ETXE JANARI DENDA
TAKOLO AUTOAK
Eibarren ere San Joan jaietako egitaraua normaltasunera itzuliko da eta ekitaldietan eta pandemiaren ondorioz galdutako jai-giroa berreskuratuko da datozen egunetan.
Jaiak ofizialki ekainaren 23an hasiko badira ere, asteburu honetako kontzertu erakargarriak antolatu dira ETS, Xabi Aburruzaga eta Tanxugueiras talde galiziarraren eskutik.
Ekainaren 23an, osteguna, urtero bezala, Lizarrako dultzaineroei harrera egingo zaie Estaziño kalean eta kalejira egingo dute Untzaga plazaraino, bertan pregoia irakurri eta txupinazoa botatzeko. Kalejiran, Udalbatzako kideez gain, herriko kuadrilak eta kolektiboak ere izango dira. Aurten, eskubaloiko Juventud Deportiva Arrate – Eibar Eskubaloia, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), ASPACE eta kuadrilen ordezkariak gonbidatu dituzte.
Umeentzako barrakak Txaltxazelai inguruan eta epaitegiko parkean egongo dira aurten ere, eta txosnak Untzagako dorrearen azpian.
TXOKO TABERNA