Oihane Larretxea
Donostia

Trantsizio garaia igarota, programazioa indartzeko unea iritsi zaio Hamabostaldiari

Donostiako Musika Hamabostaldiak pandemiaren itzal luzea atzean utzi nahi du, eta saiakera horretan programazioa indartzea lortu du 83. edizio honetarako. Murriztuak izan ziren hainbat «emanaldi handi» berreskuratzeaz gain, inbertsioa ere 2019ko zenbakietara mailakatu du: bi milioi euro pasatxo.

Patrick Alfaya Hambostaldiko zuzendari artistikoak eman ditu xehetasunak ostiral honetan, Donostian.
Patrick Alfaya Hambostaldiko zuzendari artistikoak eman ditu xehetasunak ostiral honetan, Donostian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Abuztuaren 2tik aurrera musikaz bete nahi ditu agertokiak eta hiriko hainbat espazio Donostiako Musika Hamabostaldiak. Pandemiaren lozorrotik esnatzeko garaia heldu da, baita heldu ere. Aurrekontua 2019ko zenbakietara hurbiltzeaz gainera, bi milioi eurokoa da, babes pribatua eta publikoari esker, jaialdiaren zeinu ziren hainbat diziplina indartuko baititu 83. edizioa izango den honek.

Ostiral honetan aurkeztu du Patrick Alfaya Hamabostaldiko zuzendari artistikoak 2022 honetako edizioa, erakunde publikoetako ordezkariez babestuta. Donostiako Tabakaleran izan da aurkezpen ekitaldia. Bertan eman ditu programazio zabal baten zenbait zertzelada; bere osotasunean hemen topa daiteke, webgune ofizialean.

Azpimarratu duenez, halabeharrez aplikatu behar izan ziren murrizketak alde batea utzita, programazioa indartzeko garaia heldu da, baita ere Hamabostaldian. Hala, Alfayak azpimarratu duenez, «nabarmen» ugarituko dira emanaldi sinfoniko-koralak. Esan duenez, jaialdiaren «ikur bereizgarri» zirenak. «Abesbatzen munduak asko aportatzen dio Hamabostaldiari. Jaialdi bat antolatzen denean, besteengandik ezberdintzen zaituen zerbait eskaini behar da, eta gure indargunea ere abesbatzak dira», adierazi du.

Abesbatzei dagokienez, «inguruko» beste jaialdiek halako eskaintzen ez izateaz gainera, balioan jarri du hauen parte hartzeak lurraldearekin loturak indartzen dituela.

Naizoarteko orkestrak eta operak ere aipatu ditu, indartuko diren diziplina gisa. Hain zuzen, gizon eta emakumeen ahotsak entzun ahal izango dira formatu ezberdinetan, eta programazioaren baitan protagonistetako bat izango dira. Alfayak emandako datuaren arabera: Kursaalean eskainiko diren hamar emanaldietatik, bederatzietan giza ahotsak egongo dira entzungai.

Operarekin segituz, opera eszenaratua izango da Aste Nagusiaren atarian (abuztuaren 12 eta 14an). Gaetano Donizetti konpositorearen ‘La fille du Régiment’ obrari bi donostiarrek emango diote ahotsa, gainera, bertako talentuari lekua eginez. Xabier Anduaga tenoreak eta Elena Sancho-Pereg sopranoak sartuko dira pertsonaia nagusien azalean. «Opera km0 da honakoa», nabarmendu du. Errezitaldian, gainera, euskara, frantsesa eta ingelesa entzun ahal izango dira.

Euskadiko Orkestra eta Easo Abesbatza arituko dira Lucas Macías zuzendariaren gidaritzapean Guillermo Amayal diseinatutako eszenaratzean.

Aipatutako hau, baina, ez da kursaalean izango den opera emanaldi bakarra, izan ere abuztuaren 20an Euskadiko Orkestra arituko da berriz ere, Andra Mari Abesbatza bidelagun George Gershwin konpositorearen ‘Rhapsody in Blue’ eta ‘Porgy & Bess’ eskaintzeko. Nazioarteko orkestrak, bestalde, abuztuaren 21etik aurrera ailegatuko dira hirira.

70 emanaldi baino gehiago

Dantza izan da aipamen berezia egin dion diziplina. Gogorarazi duenez, Hamabostaldiaren azken edizioetako «ardatz egituratzaileetako bat» izan da, Victoria Eugenian hezurmamituz proposamen koreografiko interesgarriak.

Aipatu antzokian Andaluziako Ballet Flamenkoa arituko bada ere gonbidatu gisa (abuztuaren 17an, ‘El maleficio de la mariposa’ obrarekin), Tabakalera izango da dantzaren epizentroa, eta bertan egingo da «eszenaratze esperimentalagoaren aldeko apustua», aurreratu duenez bertako talentuari garrantzi «berezia» emanez, gainera.

‘Tabakalera Dantzan’ zikloa Jone san Martinek irekiko du ‘Aditu’ bere azken koreografiarekin, Mikel R. Nietoren musikaz. Abuztuaren 11 eta 12an izango da hori. Kultur espaziotik igaroko dira, halaber, Judith Argomaniz zuzendariaren Lasala konpainia eta Olatz de Andres eta gidatzen duen Lokke taldea.

Patrick Alfayak laburbildu duenez, orotara 70 emanaldi baino gehiago eskainiko dira abuztuaren 2tik 27ra, eta Donostiako mugak inoiz baino gehiago gaindituko dira, izan ere hiriburuan presente egoteaz gainera, Hamabostaldiak askotariko saioak eskainiko ditu Gipuzkoako lurraldean bertan, baita Nafarroan, Araban eta Ipar Euskal Herrian ere. Guztira, 16 kontzertu izango dira Donostiatik at.

Programazioa askotariko ziklo espezializatuek osatzen dute, «formatu handiko» emanaldiekin batera, ezinbestekoak direnak Hamabostaldian: organoa, antzinako musika, musika garaikidea, ganberako musika eta interprete gazteena.

Sarreren salmenta, aditzera eman dutenez, ekainaren 20an zabalduko da, 11.30etik aurrera. Hamabostaldiaren webgune ofizialaren bidez erosi ahal izateaz gainera, posible da Kursaaleko nahiz Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan egitea.