Euskal Herriaren historiaren momentu zehatz batean gertatutakoa komiki kontakizun bilakatzeko helburuarekin abiarazi zen iaz Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketa. Ikastolen jaiek elkarlanean antolatutako ekimena da berau eta, lehiatzea baino gehiago, parte-hartzea sustatzea bilatzen du.
Orotara, 83 lan aurkeztu dituzte lehiaketaren bigarren edizio honetara. 14 eta 16 urte bitarteko ikasleei dago zuzendua, eta Euskal Herriko historiaren pasarte bat gaitzat hartuta, hura komikira eraman behar dute parte-hartzaileek. Bigarren ekitaldi honetarako aukeratutako gaia Gernikako bonbardaketa izan da.
Aurkeztutako lan horietatik guztietatik “Artean amesgaizto” lanak irabazi du saria. Gernikako bonbardaketa zuri-beltzeko margolan handi eta ezagun batera eraman zuen Pablo Picasso artistak margolan hura sortzeko prozesua kontatzen du Itxaso Larraiotz, Araika Arriaga eta Leire Segura tafallar gazteek elkarlanean egin duten komikiak.
Amaia Ballesteros, Ekaitz Agirre Garluk, Joseba Larratxe Josevisky, Aritz Trueba eta Koldo Aldabe dira epaimahaia osatu duten adituak. Jasotako lan guztien artean hamar finalista aukeratu dituzte, eta horien artetik atera da irabazlea. Epaimahaiak ‘Artean amesgaizto’ lanaren kalitatea nabarmendu du; marrazteko teknika eta gidoia bezala, eszenak kateatzeko modua ere azpimarratu du.
Elkarlanean eginiko lanak
Aurkeztu diren lan guztiek ederki heldu diote ekitaldi honetarako aukeratutako gaiari. Batzuek gertaera historikoa kontatu dute, beste batzuek istorio bat asmatu dute gertaera historiko horretan kokatua, Picassoren ‘Guernica’ obra ere aipagai izan dute, irabazleek bezala, beste batzuek, eta izan dira Gernika eta Ukraina lotu dituztenak ere.
Kontakizunaren estiloan ere aniztasuna egon da; izan dira kontakizun belikoa egin dutenak, baita tragikoa ere, eta umore beltzetik jo dutenak ere ez dira falta izan. Aipagarria da, baita ere, sari nagusia jaso duena bezala, elkarlanean egindako lanak izan direla gehienak. Komikigintzan, hain zuzen ere, talde lanak garrantzi handia du, eta gazte hauek erakutsi duten elkarlan hori aldarrikatu nahi izan du epaimahaiak.
Komikigintza atsegin duten eta horretan lehen urratsak egiten ari diren gazteei euren sormen lana garatzeko aukera ematea zen helburu nagusia, eta era berean, komikiak atsegin dituzten baina oraindik egiteko urratsa egin ez duten gazteak ere animatu nahi izan dituzte pauso hori ematera. Eta bai batzuek zein besteek egin dute urrats hori.
‘Xabiroi’ aldizkarian
Lehen saria jaso duten egileek marrazteko tableta eta ‘Xabiroi’ komiki aldizkariaren urtebeteko harpidetza jaso dituzte opari gisa. Dena den, sari nagusia euren lana ‘Xabiroi’ aldizkarian publikatzea izango da. 2022ko urriko zenbakian argitaratuko da Euskal Herriko hainbat komikigile ezagunen lanekin batera. Aldizkarian argitaratzeko ikastaro bat jasoko dute egileek, Dani Fano komikigile eta ‘Xabiroi’ aldizkariko zuzendariaren eskutik.
Beste bederatzi finalistek ere izango dute sari bana: ‘Xabiroi’ aldizkariaren urtebeteko harpidetza jasoko dute guztiek.
Lehiaketan parte hartu baino lehen, hainbat argibide jaso dituzte ikastoletako gazteek. Abusu Ikastolan, esaterako –aurtengo Ibilaldia antolatu duen ikastolan–, DBH3 eta DBH4 ikasturteetako gazteek ‘Xabiroi’ aldizkariko Joseba Larratxe komikilariaren laguntza izan zuten.
Komiki baten garapenerako urratsak azaldu zizkien, eta taldeei lana bideratzeko laguntza eskaini zien. Gainera, ikasleei lanaren inguruko iritzia eman eta ekarpenak egin zizkien. Komikia egiteko gaiari hurbiltzeko azalpen bat jarri zitzaien eskura ikasleei.