Datorren igandean Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Bilboko kaleak hartuko dituzte «Osakidetza desegitearen eta lehen arretak bizi duen egoera larriaren aurka». Manifestazioa eguerdian hasiko da, 12.00etan, Jesusen Bihotzetik. «Langileei eta herritar guztiei dei egiten diegu bertan parte har dezaten. Langile gisa, baina baita osasun publikoko paziente gisa interpelatzen gaituelako ere Osakidetzako egoerak», nabarmendu dute astelehen honetan, eta datozen egunetan egingo dituzten beste mobilizazioen berri eman dute.
Hala, astelehen honetan iragarri dutenez, asteazkenean, ekainaren 22an, «lehen arretako zentroetan ezarriko diren ordutegi murrizketak salatzeko helburuarekin, elkarretaratzeak eta itxialdiak egingo ditugu, arratsaldeko 17.00etan, Salburuako Osasun Zentroan (Gasteiz), Amara Prim Osasun Zentroan (Donostia) eta Deustuko Osasun Zentroan (Bilbo)».
«Mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa da. Guztion osasungintza dago jokoan», gaineratu dute Osasun sailburua den Gotzone Sagarduik egindako adierazpenak kritikatu ostean.
Azaldu dutenez, «adierazpen larriak egin zituen, eta argi utzi zituen Eusko Jaurlaritzak Osakidetzarentzat dituen planak: Lehen Arreta desegitea eta gainerako arreta zerbitzuak prekarizatzea. Eta hori guztia pribatizazioaren, zerbitzu publikoen aurkako erasoaren eta osasun aseguru pribatuen negozioaren bidean».
«Une horretatik aurrera, eta ikusita bai langileak bai gizartea argi agertu direla adierazitakoaren kontra, Eusko Jaurlaritzak bere propaganda tresna guztiak jarri ditu martxan. Gaizki ulertu genuela sinestea nahi dute eta sailburuak beste zerbait esan zuela argudiatzen dute», gaineratu dute, eta Sagarduiren hitzak oso argiak izan zirela azpimarratu dute.
Sindikatuen esanetan, «sailburuak argi eta garbi esan zuen osasun zentroak itxiko direla; batzuk erizainek bakarrik artatuko dituztela; ospitaleetako espezializazioan sakontzen jarraituko dutela, edo bestela esanda, gaur egun eskaintzen diren zerbitzuak itxiko dituztela, EAE osoan ospitale bakar batean eskaintzeko, eta herritarrak gehiago eta maizago mugitu beharko direla».
«Erabateko demagogia erakutsiz, sailburuak kultura aldaketatzat jo zuen osasun sistema publikoaren desegitea, herritarrei eskaintzen zaien osasun zerbitzuaren prekarizazioa eta plantillaren lan baldintzen debaluazioa. Ohi den bezala, erabilitako aitzakia izan zen, berriro ere, langileen eskasia. Baina azpimarratu behar dugu eskasia hori erabaki politikoen emaitza dela eta gainera, eskasia hori existitzen ez den kategorietan ere erabiltzen saiatzen direla. Baina horren atzean dagoen errealitate bakarra da osasungintza publikoa indartzeko borondate eza, eta baita inbertsioa handitzeko borondate eza ere», esan dute.
«Benetako errealitatea ezkutatu nahi dute»
Iñigo Urkullu lehendakariaren jarrera ere salatu dute. Izan ere Legebiltzarrean adierazi zuen Lakuak Lehen Arreta indartuko duela eta plantillak handitu, berritu eta kontsolidatuko dituela: «Salatu behar dugu Urkullu jaunak benetako errealitatea ezkutatu nahi duela. Uda honetan, ohi den bezala, Osakidetzak osasun zentroak itxiko ditu; beste batzuen ordutegia murriztuko du; ez ditu langile askoren oporrak ordezkatuko; are gehiago gainkargatuko ditu epe horretan lanean egongo diren langileak; eta prekarizatu egingo du herritarrei eskaintzen zaien arreta».
«Hau da urtez urte aplikatzen den errezeta: prekarizatu, gainkargatu eta murriztu. Ez dago beste planik. Aurten, egoera larriagoa da. Osasun zentro batzuetan langileak ados jarri dira udan, zerbitzua ordutegi osoan eskaini ahal izateko, inolako murrizketarik gabe. Zentro horietan ere Osakidetza ordutegi murrizketa aplikatzen saiatu da», diote.