Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Orandik ere indarrean dagoen inpunitatea salatu dute erakunde memorialistek Europan

Ceaqua plataforma osatzen duten hainbat memoria-elkarte ezberdinek, tartean Martxoak 3 edo Sanfermines 78 Gogoan, Europako Parlamentuan izan dira asteazken honetan, frankismoan eta trantsizio deritzonaren lehen urteetan Estatu espainolean izandako giza eskubideen urraketen berri emateko.

Estatuko plataforma memorialisten ordezkaritza, Europako Parlamentuan.
Estatuko plataforma memorialisten ordezkaritza, Europako Parlamentuan. (@SF78gogoan)

Martxoak 3 edo Sanfermines 78 Gogoan bezala, frankismoaren biktimak biltzen dituen Argentinako kereilaren babeserako koordinakundeak (Ceaqua) «Europako demokraten babesa» eskatu du asteazken honetan Bruselan, haien kasuak Estatu espainolean epaitu ahal izateko.

Rodolfo Martin Villaren krimenak, ‘Billy el Niño’-renak, German Rodriguezen hilketa 78ko sanferminetan, Martxoaren 3ko sarraskia Gasteizen, frankismo garaian Valentzian egindako gizateriaren aurkako krimenak, Asturiasen jazotako bortxazko desagertzeak, haur lapurtuak edo Madrilgo «aste beltza» dira Europako Parlamentuan argitara atera diren justiziarik gabeko kasuetako batzuk.

Europako Parlamentuan egindako prentsaurreko batean, Jacinto Lara Ceaquako abokatuak Estatu espainolean kasu horien eta beste batzuen inguruan dagoen «inpunitatearen eredua» salatu du; izan ere, bere ustez, Estatuak «uko egiten dio krimen frankistak epaitu eta ikertzeari» eta ustezko egileak auzipetzeari.

«Ukatu egiten da diktaduran giza eskubideen urraketak jasan zituzten pertsonei oinarrizko eskubide bat eskaintzeko aukera, hau da, babes judizial eraginkorrerako eskubidea, Konstituzioak eta nazioarteko itun guztiek aitortua», adierazi du.

Hori dela eta, Larak aldaketak eskatu ditu egoera «iraultzeko», eta, bere ustez, sekretu ofizialen egungo legea erreformatu behar da, memoria demokratikoaren arau berria aplikatu behar da, eta frankismoan lapurtutako haurren kasuak argitu nahi dituen lege-proposamena onartu ere, gaur egun Kongresu espainolean izapidetzen ari dena.

«Biktima gisa maila guztietan ditugun eskubideak eskuratu nahi ditugu: egia, justizia eta erreparazioa. Duela 46 urtetik hona ez dugu eskubide horietako bakar bat ere eskura, eta hori Espainiako gobernuen borondate politiko ezagatik da», nabarmendu du.

Europan ireki daitezkeen bideak

Lararekin batera, Argentinako kereilaren babeserako koordinakundearen beste hiru kide joan dira Europako Parlamentura, tartean Sabino Cuadra, memoria historikoari buruzko lantaldeak gonbidatuta. Lantalde hori, besteak beste, Miguel Urban (Antikapitalistak) eta Pernardo Barrena (EH Bildu) eurodiputatuek osatzen dute.

Europar Batasunaren parte-hartzea eskatu dute frankismoko krimenen ikerketan, Zipren egiten ari den bezala. Europatik gai honetan jarduteko marjinari buruz galdetuta, Barrenak NAIZi adierazi dio «borondate politikoko kontu bat dela».

Europarlamentarioak gogoratu du duela hilabete batzuk Juztizia Komisiarioari frankismoaren biktimen inguruan galdetu ziotela. «Berak erantzun zuen frankismoko biktimak babesgabetasun legalean daudela. Beraz, uste dugu badela garaia ekintzak martxan jartzeko», azpimarratu du.

Azaldu duenez, Europar Parlamentuak erabaki zuen Itunaren 7. artikulua aktibatzea, Europar Batasunaren oinarrizko printzipioak urratzen ari zirelako. «Hungria eta Poloniari begira hartu zen erabaki hori, eta, agian horretara iritsi gabe, hartu daitezke beste neurri batzuk Europatik Estatu espainolak urratsak emateko», zehaztu du.

Prentsaurrekoan, Urbanek adierazi du Estatu espainolaren kasua «anomalia europarra» dela diktadurak egindako krimenei aurre egiteko orduan, eta, ildo horretan, jarrera aktiboagoa eskatu dio Europako Batzordeari. «Batzordeak Espainiari eman liezaiokeen ohartarazpenak frankismoko krimenak epaitzeko moduko erreforma eragin dezake», esan du.

Gainera, Barrenak asteazken bertan iragarri du Ceaquarekin batera Europako Historiaren Etxeak Bruselan duen ordezkaritzarekin batera bisitatzeko asmoa dutela, museoko kudeatzaileei frankismoari buruzko informazio gehiago eman dezaten eskatzeko; izan ere, haren arabera, «hori ikusi eta uste duzu frankismoa ‘diktablanda’ bat izan zela».