Lakuak Barnahus etxeen figura aintzat hartuko du urte amaieran onartzea aurreikusten duen Haur eta Nerabeen Legearen aurreproiektuan. Zentro horietan, hain zuzen, delitu sexualen biktima izan diren haur eta nerabeei arreta eskaintzen zaie, beraien birbiktimizazioa ekiditeko bermeak eskainiz.
Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek jakinarazi du Haurren eta Nerabeen Legearen aurreproiektu honen tramitazioaren prozesua «aurreratuta» dagoela, eta beraien aurreikuspena urte amaieran Gobernu Kontseilu batean onartzea dela. Era berean, Barnahusaren figura eta honek eskaintzen dituen zerbitzuak «komenigarriak» eta «beharrezkoak» direla uste du.
Izan ere, Lakuako ordezkari batzuek Naestved udalerrira bidaiatu dute, Danimarkara, Barnahusen funtzionamendua hurbiletik ezagutzeko. Hori horrela, Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailak jakinarazi duenez, bisitan joan diren 20 profesionalek «oso positibotzat» jo dute bidaia.
«Bidaia honen balantzea guztiz ona da. Danimarkako Barnahus bat nolakoa den eta, batez ere, nola funtzionatzen duen barrutik ikusteko aukera izan dugu. Eta inplikatutako pertsonen zuzeneko informazioarekin egin dugu: Barnahuseko langileak, fiskalak, poliziak… Oso oso hezigarria», goretsi du Artolazabalek.
Era berean, Danimarkara egindako bidaian Haurren Etxea «efizientea» izan dadin «landu» beharreko puntuak zeintzuk diren egiaztatu dute Lakuako ordezkariek.
Bidaiaren balantzea egiterakoan, Artolazabalek gehitu du biktimen arretaren arloan gisa Europako iparraldeko herrialdeei «begiratzen» dietela beti eredu gisa. Alabaina, Barnahusaren figura Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ezartzea posiblea dela deritzo: «Bidaia honetan egiaztatu dugu gure baliabideak, gure antolakuntza eta langileak oso antzeko mailan daudela».
Gasteizen jada EAEko lehen Barnahusa edo Haurren Etxea atontzen dihardute eta urte amaierarako martxan egotea aurreikusten da.
Sistema judiziala
Bidaian Arabako fiskal nagusia den Carmen Cotelok ere hartu du parte. Honek jakinarazi du «oso ideia onak» jaso dituela eta orain Espainiar Estatuko sistema judizialera eramaten saiatu behar direla, zeina Danimarkakoarengandik «oso desberdina» den. Alabaina, baikor azaldu da «guztiz moldagarria» dela adierazi baitu.
Carlos San Emeterio, Ertzaintzaren Arabako Etxeko Indarkeriaren eta Haurtzaroaren taldeko arduraduna, bat etorri da fiskal nagusiarekin, eta aitortu du Danimarkako eta EAEko prozesuen arteko desberdintasunetako bat dela Danimarkan poliziak eta fiskaltzak dutela zeregin nagusia (hauek elkarrizketatzen dute biktima Barnahusean). Hala ere, baikor agertu da eredu hori EAEko sistemara egokitzearekin.